Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:1:1

Dvandva elkarteak

Inguruko hizkuntzekin alderatuta, elkarte-mota hau da euskararen bereizgarrietako bat; alegia, euskarak bizi-bizirik gorde ditu mota honetako elkarteak, baina inguruko hizkuntzetan ez dugu aurkituko horrelakorik. Sanskritoari buruzko gramatikak idatzi zituztenek eman zioten izena elkarte-mota honi, dvandva ‘bikotea’. Ondoren Uhlenbeck-ek ekarri zuen deitura eta sailkapena euskarara eta Azkuek eman zion jarraibidea, kopulatibo izenaz bataiaturik.

Hemen izen dvandva-k aztertuko ditugu, izen kategoriako osagaiak dituztenak; baina harreman mota bera aurki dezakegu izenondoen eta adberbioen kasuan ere (dagokien lekuan aztertuko ditugu horiek). Bestalde, ez dira horren emankorrak bi zenbatzaile elkartuz osatzen ditugunak -gutxi-asko, zortzi-hamar, hirurehun-laurehun…- edo galdetzaileekin osatuak -noiz-nongo, zer-nolako-.1

Bi izenez osatutakoak aztertuko ditugu ondoren; hots, izen-elkarte dvandva-k.

Maila bereko izenak

Dvandva elkarteko izenak maila berekoak direla esan dugu. Eta horrek eskatzen du biak azpikategorizazio berekoak izatea: pertsona adierazten dutenak, animalia-izenak, izen bizigabeak, izen propioak… Lehen bereizketa, beraz, irizpide honen araberakoa izango da.Porru-patatei 'porrusalda' ere esaten zaie

  • Izen bizidunez osatutakoak dira dvandva hauek:
    • aita-amak, aita-semeak, aitona-amonak, ama-alabak, ama-semeak, amona-ilobak, anai-arrebak, andre-gizonak, dama-galaiak, duke-dukesak, errege-erreginak, gizon-emakumeak, izeba-osabak, jaun-andreak, lehengusu-lehengusinak, maisu-maistrak, marinel-merkatariak, nagusi-etxekoandreak, neska-mutilak, osaba-ilobak, seme-alabak, senar-emazteak…
    • Baita beste hauek ere: bildots-ardiak, idi-behiak, zozo-birigarroak…
  • Izen bizigabeak -konkretuak zein abstraktuak- dituzte, ostera, osagai ondorengo dvandva elkarteek:
    • ate-leihoa, ardo-ogiak, arto-babarrunak, atabal-danbolinak, begi-bekokiak, begi-belarriak, begi-bihotzak, bihotz-gogoak, beso-mihiak, buru-buztanak, buru-belarriak, belar-landareak, esku-oinak, ezpain-masailak, gatz-ozpinak, gogo-bihotzak, goiz-arratsak, gose-egarriak, hanka-lepoak, hotz-beroak, janari-edariak, kezka-nekeak, landa-baratzak, lepo-belarriak, mendi-zelaiak, neke-oinazeak, on-gaitzak, ogi-ardoak, patata-ilarrak, porru-patatak, zeru-lurrak, zoko-bazterrak…
  • Badira itxuraz aditzointzat hartuko genituzkeen osagaiez eratutakoak ere, edo aditzetik eratorritako izenez osatutakoak: esan-eginak, harremanak, itaun-erantzunak, jan-edanak, joan-etorriak, sal-erosketak… Baina bi aditzoin elkartuz ezingo genuke izen kategoriako elkarterik sortu; beraz, nahitaez ondorioztatu behar dugu izen balioa hartzen dutela horrelako elkarteetan. Izan ere, esan(a), egin(a), itaun(a), erantzun(a), jan(a), edan(a)… izen balioan ere erabiltzen ditugu; eta hala jaso ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak:
    • esan2 iz. Norbaitek esan duen gauza; agindua. Haren esanak betetzeko. Santuen esanak entzunez. Bere eskupean gaituenaren esanak egitea. Lehengo aurpegiak, esanak, ohiturak eta janzkerak barregarriak iruditzen zaizkigu. Gaiztoen esan-eginak ederki bezain biziki agertzen dizkigulako.
    • erantzun2 iz. Erantzutean esaten edo egiten dena. Ik. ihardespen; arrapostu. Hau da gure erantzuna. Galderak eta erantzunak. Ez zion utzi zaldunari erantzuna amaitzen. Erantzuna entzuteko. Erantzuna eman: erantzun. Galderei erantzuna eman. Erantzunik gabe utziko dut galdera. Egungo arazoei erantzun egokia emateko. Erantzun bila.
  • Izen propioek osatutakoak: Askoz emankortasun urriagokoak izanik ere, baditugu gure literatura-tradizioan izen propioez osatutako davandvak: Afrika-Asiak, Axular-Etxepareak, Azpeitia-Azkoitiak, Bilbo-Iruñeak, Bizkai-Gipuzkoak, Oria-Bidasoak, Sakana-Burundak, Unamuno-Barojak…

'eta' juntagailua eta izen elkartuak

Azkuek honela dio bere Palabras compuestas y derivadas lanean:

Azkueren ‘compuesto copulativo’ deituratik erraz ondoriozta daitekeen bezala, eta juntagailuaz loturik ere eman ditzakegu goiko elkarte horietako asko eta asko: seme(a) eta alaba(k), aita eta ama, begiak eta belarriak, errege eta erregina(k), izeba eta osaba(k), lepoa eta belarriak, ogia eta ardoa,etab.

Horrek dakar, esan bezala, izen elkartuak (gutxienik) biko multzoa izendatzea. Eta horrek dakar, aldi berean, dvandva elkarteak pluralean erabili beharra, edo ez, behintzat, singularrean; hau da, artikulu plurala, erakusle plurala, edo zenbatzailea hartu behar du dvandva elkarte bat buru duen sintagmak. Alde horretatik ezin dira zuzentzat jo azken boladan maiz irakurtzen ditugun mota honetako erabilerak: zure seme-alaba udalekuetara bidali nahi baduzu… Seme-alaba euskaraz ‘semea(k) eta alaba(k)’ adierazteko erabili izan da, eta komeni da erabilera horri eustea. ‘Semea edo alaba’ esan nahi bada, marra etzana, /, izan daiteke hori adierazteko bide laburra: zure seme/alaba udalekuetara bidali nahi baduzu…

Nolanahi ere, plural markaren derrigortasun hori dvandva elkarteak hartzen duen kasu-markaren araberakoa ere bada. Nor, nork eta nori kasu-markekin da nahitaezko plural marka; postposizioekin, errazago ager daiteke mugagabea:

  • […]hemen, ordea, ez gabiltza hezur-haragizko gizakien artean. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Nun nor zitakeen ez zuten aise xilatu; bainan, azkenean jakiten ez denik ez baita, aho-mihitan kurritu zuen Aldudako Jaun mirikuaren famak. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  • Izan ere, bizi guziko atsegiñik aundienetakoa dut auxe: irrimar-utsez (karikaturaz) dazauzkidan gizon ospetsuak hezur-mamitan ikustea. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)

Partitiboa ere har dezakete, jakina:

  • Iñork ez dit haren izen-deiturarik eman. (Zavala, A.)
  • Ez aitamarik, ez nausirik, ez eskola-emailerik erakusteko nola behar dituen bethe, emaztekitu denean eta amatu, eratxikiak zaizkon eginbide baitezpadakoak. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • inork nahi al du porru-patatarik?

Dvandvak elkartzeko baldintzak

Bi osagaiak azpikategorizazio berekoak izatea baino zerbait gehiago behar dugu, dena den, dvandva elkartea osatzeko. Hiru arlo hauek hartu behar dira kontuan:

  • bateragarritasuna
  • arlo semantikoa
  • antonimia

Bateragarritasuna

Mahai eta zeru izen bizigabeak dira, baina nekez osatuko dugu mahai-zeruak (edo zeru-mahaiak) elkartea. Zergatik? Osagaiak bateragarriak izatea eskatzen duelako erlazio-mota honek. Eta bateragarritasun hori etor daiteke esanahi-kidetasunetik (Azkuek “relación de afinidad” deitu zuena) zein antonimiatik.

  • COMPUESTOS COPULATIVOS: aita-semeak, senar-emazteak, gaur-biaretan…,589. Que no todos los vócablos unidos por conjunción copulativa pueden formar composición, 590. Relaciones de afinidad y aun de antítesis entre los componentes, 590. (Morfologia vasca, Azkue, R. M.)

Izen bizidunen kasuan, esanahi-kidetasuna hainbat eratakoa izan daiteke:

  • ahaidetasun-harremana: izeba-ilobak
  • ahaidetasun-harreman batean, edo oro har multzo batean, sexu batekoak eta bestekoak izatea: aita-amak, izeba-osabak, neska-mutilak
  • gizarte-estatus batean sexu batekoak eta bestekoak, edo maila batekoak eta bestekoak izatea: duke-dukesak, errege-erreginak, ikasle-irakasleak, ugazaba-langileak

Arlo semantikoa

Izen bizigabeen kasuan ere arlo semantiko berekoak behar dute izan, edo, behintzat, esanahiaren aldetik bateragarriak:

  • txoriak: zozo-birigarroak
  • animaliak2: behi-idiak, zakur-katuak
  • barazkiak: aza-porruak, porru-patatak
  • gorputz-atalak: aho-mihiak, esku-oinak, hanka-lepoak, lepo-belarriak
  • soinu-tresnak: atabal-danbolinak
  • erakunde-izenak: aldundi-udaletxeak
    • San Bizente goizean bostak jo etzuten, atabal danboliñak nenguen entzuten: ordu bian argirik ez nuen ikusten, logale nintzan baña etziraden uzten. (Festara, Echagaray)
    • Zalutasun horrek eskatzen ditu hainitz dohain: gogo ernea, begi-kolpe bizia, zirt-zart asmatzeko zer errar eta nola erran; mintzo errexa aho-mihiak trebe, hitzak berehala lerra diten ezpainetara. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
    • - Nor? - Ardi-bildotsak aurrean dabezala, ezaldakus or, surpeko ta guzti, zaldi-ganean, abelburu gaixoari akulua sartzen? - Ori etzan artzaina, Don Quijote eizan ori, jeneral andi bat. (Latsibi, Azkue, R. M.)

Antonimia

Antonimia harremana ere indartsua da dvandva elkarteak eratzeko: atze-aurreak, estutze-lasatzeak, galde-erantzunak, gau-egunak, goi-beheak, goiz-arratsak, hezur-mamiak, zeru-lurrak… Egia da, bestalde, antonimia harremanean ere badagoela esanahi-kidetasuna, esan baitaiteke arlo bereko bi muturrak direla elkartzen ditugunak.

  • Amorantian, ohoinkerian, iokoan, gau egunak aise eta guti sentiturik iragaiteintutzu, hartako etzara eri, hartako baduzu indar. (Guero, "Axular")
  • Zeru-lurrak lehenago suntsituko dire, Jainkoak, haren baithan bere fidantzia ezarria daukan arima lejal bat galtzerat utziko duen baino lehen. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)

Dvandvak sortzeko araua

Dvandva elkarteen tradizioko erabilera kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak araua, halako hitz elkarteak sortzeko:

  • “[…]bikoteak izendatzeko dvandva-elkarteak ditugu egokienak: erdarazko los hijos / les enfants, los reyes / les rois edo los padres / les parents esamoldeen (hau da, bikotea izendatzen duten sintagmen) ordain jatorrak seme-alabak, errege-erreginak eta aita-amak (edo gurasoak) dira euskaraz; inoiz horien lekuan agertzen diren erregeak, aitak bezalakoak ez dira onargarriak. Nombre y apellidos esateko izen-deiturak edo izen-abizenak dugu, orobat, azalpide arteza: han-hemen ugaritzen hasi zaizkigun izena eta abizenak gisako koordinazio-sintagmak alferrikakoak dira, sarri, horrelakoetan. (Euskaltzaindiaren gomendioak eta erabakiak, Euskaltzaindia, 1992)

Berrelkarketa

Gehien-gehienetan bi izen elkartzen ditugu izen elkartu dvandva sortzeko. Baina, goraxeago esan bezala, hitz-elkarketa baliabide errekurtsiboa da, behin eta berriz erabil daiteke. Baita elkarte-mota honetan ere. Bi osagai baino gehiago izan ditzakegu:

  • hiru izen (edo gehiago), guztiak maila berean elkartzen baditugu:
    • ama-seme-alabak, hezur-haragi-muinak, neke-trabaju-penaz, nahigabe-pena-nekeak, pago-haritz-pinudiak…
    • Neke trabaju penaz beterik
      alabak munduan azi,
      gurasuari esker gaiztua
      orra nik adierazi; (Xenpelar bertsolaria, Zavala, A.)
  • dvandva elkartea beste izen elkartu bateko mugatzailea bada:
    • garagar-gari sortak, Sakana-Burunda haranetan, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea…
    • Nai zuten israeldarrak, eramaten zituzten berekin Jerusalengo elizara, orduko erdi zorituak arkitzen ziran garagar-gari sortak, balak edo moltxoak. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • dvandva elkartea beste izen elkartu bateko mugakizuna bada:
    • eper aita-amak, marrajo hortz-haginez, Euskal Irrati-Telebista…
    • Alditan, ostera, negugerrian batipat, Bixintxo-aizeak (sortaldeko aize miña) bere marrajo-ortz-agiñez ziztatzen gaituenean, ez dugu izaten giro, arraiotan! (Aritz beraren adarrak, Bordari)

Azken urteetan sortu dira Behobia-Donostia lasterketa, izar triangelu konexio edo ama-alaba harremana moduko elkarteak ere. Ez dira aurreko paragrafoan aipatuen guztiz parekoak, egitura hauek ez baitute ‘Behobia eta Donostia lasterketa’, ‘ama eta alaba harremana’ adierazten; ez dira, beraz, garagar-gari sortak (garagar eta gari sortak) bezalakoak. Dvandva itxurako lehen osagaia izan arren, Behobia eta Donostia arteko lasterketa, ama eta alaba arteko harremana, izar eta triangelu erako konexioak… moduan ulertu behar ditugu elkarte horiek.

Eratorpenean oinarri ere izan daitezke dvandva elkarteak aditz eratorriak sortzeko: aitamatu, gatz-ozpindu, izu-ikaratu, senar-emaztetu… Beste batzuetan, bigarren osagaian bakarrik ageri den atzizkia badagokio lehenengoari ere: seme-alabatxo esan arren, argi dago seme(txo) ulertu behar dugula. Beste horrenbeste gertatzen da aurrerago aztertuko ditugun aldi eta gai izenekin ere hurrengo adibideetan: poz-negarraldi, senar-emaztegai… Bietan ulertzen dugu ‘pozaldiak eta negarraldiak’, ‘senargai eta emaztegai’.

Dvandva elkarteen hurrenkera

Dvandvak buru bikoak direla esan dugu; hau da, bi osagaiak daude maila berean, biak dira buru. Nola jakin, beraz, zein hurrenkeratan eman behar ditugun? Ez dago arau zorrotzik honetan; adibidez, ogi-ardoak eta ardo-ogiak, biak aurki ditzakegu. Hala ere, Euskaltzaindiak bi arau aipatu zituen:

  • a) osagaien luzerari dagokionez, silaba gutxienekoa jartzen dugu lehen lekuan gehienetan;
  • b) generoari dagokionez, har/eme ordena erabiliago da kontrakoa baino: jaun-andreak, senar-emazteak, seme-alabak, etab.

Hala ere, horiek ez dira arau zorrotzak, hortxe ditugu izeba-osabak, neska-mutilak… Beste irizpide hauek ere aipatu dituzte gramatikariek:

  • gizartean goragoko estatusa duena, edo familia-harremanetan zaharrena dena lehenik: aita-semeak, ama-alabak, osaba-ilobak, nagusi-langileak…
  • Espazioan, goian dagoena lehenik: zeru-lurrak, goi-beheak…3).

Idazkerari dagokionez, marrarekin idaztekoak dira dvandva elkarteak.

1 Argibide zehatzagoak edo hemen ematen ditugun adibideen testuingurua ikusi nahi dituenak Hitz-Elkarketa/1, 151-175 or. argitalpenera jo dezake
2 Ohart gaitezen, hala ere, ‘animalia’ kategoria zabala baino bikote estuagoak ageri direla adibideetan: animalia-mota berekoak (ardi-bildotsak), etxeko animaliak (zakur-katuak), ikuilukoak (behi-idiak), etab.
3 Ikus Jacobsen (1982

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Dvandva elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3