Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:1:2

Atributu eta koordinazio elkarteak

Maila bereko bi izenez osaturik, bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dute aztertu berri ditugun dvandva elkarteek. Horretantxe bereizten dira, hain zuzen, batetik, hemen aztertuko ditugun afari-merienda, bertsolari-poeta, errege profeta, erretor bikario edo irribarre moduko egituretatik; eta, bestetik, hegazkin tramankulu, Jainko haur, neskatila zerbitzari edo harri zilindro gisakoetatik. Bi izenez osaturik egon arren, elkarte hauetan pertsona, otordu, objektu… bakarra izendatzen dugu; ez da ‘afaria eta merienda’, baizik aldi berean afari eta meriendatzat hartzen dugun otordua. David errege-profeta diogunean, ez gara ari errege batek eta profeta batek osatzen duten bikoteaz, baizik pertsona bakarraz, bere baitan errege izaera eta profeta izaera biltzen dituenaz. Bide beretik, pertsona edota objektu bakarra izendatzen dugu neskatila zerbitzari zein harri zilindro diogunean.1

  • aita-amak → dvandva elkartea (bi pertsona dira)
  • afari-merienda → koordinazio elkartea (otordu bakarra da)
  • neskatila zerbitzari → atributu elkartea (pertsona bakarra da)

Bi izenak maila berean edo ezberdinean

Baina pertsona edo objektu bakarra izendatu arren, desberdina da goian eman ditugun elkarte horietako bi izenen arteko harremana.

  • afari-merienda, errege profeta motakoetan bi izenak maila berean daudela esan dugu. Sortzen dugun izen elkartuak ‘errege eta profeta’, ‘afari eta merienda’ bietatik dauka, maila berean. Horrexegatik eman zien Euskaltzaindiak ‘koordinazio elkarte’ deitura.
  • neskatila zerbitzari elkartea darabilgunean, aldiz, ez gara ari aldi berean neskatila eta zerbitzari den gizakiaz, baizik neskatila batez; ezaugarri gisa zerbitzari izatea duen neskatilaz. Hala gertatzen da harri zilindro elkartean ere; harria da adierazten duena, eta zilindro osagaiak beste harri-mota batzuetatik bereizten du. Ezin da esan, beraz, bi osagaiak guztiz maila berean daudenik; bietatik bat da zer izendatzen dugun adierazten duena, eta besteak ezaugarri edo bereizgarri bat gehitzen dio, gutxi gorabehera adjektiboak izen bati gehitzen dion modura. Horrexegatik hartu dute euskaraz ‘atributu elkarte’ izena. Xehekiago aztertuko dugu ondoren bi egitura mota hauetako bakoitza.
  • afari-merienda → koordinazio elkartea (otordu bakarra da, bi izenak maila berean daude)
  • neskatila zerbitzari → atributu elkartea (pertsona bakarra da, baina bi izenak ez daude maila berean, batek ezaugarri bat ematen du)

Koordinazio elkarteak

Esan berri dugunez, maila berean dauden bi izenek osatzen dituzte koordinazio elkarteak, baina bi izen horien baturak pertsona, objektu, leku… bakarra adierazten du. Horrelakoak dira elkarte hauek: afari-merienda, Ama Birjina, apostolu ebanjelista, bertso kanta, bertsolari-poeta, erretor bikario, irribarre, kapitan pilotu

Bestalde, sail honetan sartu zituen Euskaltzaindiak nafar-euskaldun modukoak ere, izentzat hartuz biak eta ulertuz aldi berean nafar eta euskaldun dena izendatzen duela. Azken urteetan hainbat elkarte sortu dira gaztelaniazko koordinazio-elkarteen ordain gisa: galtza-gona, garbigailu-lehorgailu, jan-egongela (jangela + egongela), kafe antzoki, igorgailu-hargailu, irrati-iratzargailu, sukalde-egongela… Gaztelaniaz koordinazio elkartetzat hartu dituzte marxismo-leninismo edo udaberri-uda modukoak ere (Val Alvaro, 1999).

Atributu elkarteak

Bi izenez osatuak egonik ere, elkarte-mota honetan bietatik batek adierazten du zertaz ari garen: 'osagai nagusi' esango diogu horri. Beste osagaiak izenondoaren pareko zeregina du; osagai nagusiaren ezaugarri edo bereizgarri bat adierazten du. Horrexegatik ez da harritzekoa askotan osaba bertsolari edo neskatila zerbitzari moduko egiturak aurkitzea; hau da, izen kategoriako lexemak ala izenondo kategoriakoak sortzen dituzten eztabaidagai diren -ari edo -tzaile atzizkia daramaten osagaiak dituztenak. ‘Osaba bertsolaria da’, ‘neskatila zerbitzaria da’ irakurketa ematen diegu halakoei. Bestalde, bi osagaietatik bat nagusi delako, Mendekotasunezko elkartetzat ere hartu dira elkarte hauek (Perez Gaztelu et al. 2004, Val Alvaro 1999).

Osagaietako bat izenondoaren parekoa dela esaten badugu, esperoko genuke halako funtzioa duen osagaia bigarrena izatea, osagai nagusiaren eskuinean agertzea, horixe delako euskaraz izenondoaren kokagunea, izenaren eskuinekoa. Ez da, baina, beti horrela; batzuetan lehen osagaia da esanahi nagusia adierazten duena eta bigarrena izenondo kutsua hartzen duena. B den A moduan definitu zuen Euskaltzaindiak (Hitz Elkarketa/3, 79. orrialdea, 1991) elkarte-mota hauen egitura. Halako egitura dute ondorengo adibideek:

  • alkate asto, Ama Birjina, Ama Neskuts, ardilagun, armario-biblioteka, artzipreste pintore, asto-eme, diru-urre, etxe bizitza, gizon ale, harri zilindro, haur seme, hiri buruzagi, Ilargi Amandre, kanon-eredu, Kapitain pilotu, langile gizon, mutil saltari, neskatila zerbitzari, okilama, pago lizar, ume azeri, zakur galgo, zeinu seinale, zerrama…Nikolas Alzola, "Bitaño"

Ikus adibideok:

  • Sardiña jaten ari diren mahaia, bi aulki eta armario-biblioteka bat. (Saizarbitoria, R.)
  • Akusatua da ez bakarrik hil-xedez, bainan ohointzaz eta diru-urhe faltsu bat kurri-arazi nahi izanik. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  • Muxikako olerkari aundiaren antz aundia atera eutsan laukoonetan artzipreste-pintoreak. ("Bitaño")
  • Itsu gizagaxoari gagozala, yakin begi berorrek, Yainkoak mundua egin ebanetik ez ebala alako ume azeririk egin. (Tormes-ko itsu-mutila, "Orixe")

Izenondo kutsua hartzen duen bigarren osagai horretan modu batekoak baino gehiagokoak aurki ditzakegu:

  • Batzuetan animalien eta landareen sexua adierazten dugu, ar eta eme osagaien bidez; eta, konparazioz, bi atalez osatutako gauzetan, atal zulodunaren barruan sartzen dena ere bai: astar, asto-eme, iratze ar, iratze eme, lehoi eme, lore eme, molde ar, palmondo eme, tigreme…
  • Pertsonen sexua ere adieraz dezakegu gizon, mutil, andre edo neska izenen bidez: langile gizon…
  • Beste batzuetan ahaidetasuna adierazten du: haur seme, okilama, zerrama…
  • zakur galgo elkartean, berriz, zakur klasea adierazten du bigarren osagaiak (kontrako hurrenkera ikusiko dugu “Sumpsumtive” elkarteetan.

Beste batzuetan, ordea, bigarren osagaia da nagusia, eta lehena da adjektibo kutsua hartzen duena. A den B definitu zuen Euskaltzaindiak ( Hitz Elkarketa/3, 79. orrialdea, 1991) egitura mota hau.

Mota honetakotzat hartu zituen Euskaltzaindiak honakoak:

  • aita Jaungoiko, Ama Lur, anai apez, aurpegi-orri, dorre-etxe, Eliza Ama, eskola etxe, giltza hitz, hegazkin-tramankulu, Jainko aita, Jainko haur, makina-tresna, neskatila zerbitzari, ostatu etxe, otso-zakur, patruila-kotxe, Seme Jainko, taberna-etxe, trator-makina…

Adibideei arretaz erreparatuz gero, berehala ohartuko gara mota berean sartu ditugula aita Jaungoiko eta Jainko aita. Biek onartzen dute sailkapen honi dagokion irakurketa; lehen izenak ‘Jainkoa’ izendatzen du, aita den Jainkoa. Bigarrenak, ostera, ‘aita’, Jainkoa dena. Ikus dezagun nola ageri diren literaturan horietako elkarte batzuk:

  • […]midikua dator bere otso-zakurrarekin. (Etxarren Lohigorri)
  • “Perro lobo. Ruff zan etxera agertu jakun otso-txakur bat, oso leixala eta etxe-gordetzallia” (Lexicón del euskera dialectal de Eibar, Etxebarria, T.)
  • Koartelerantz zihoazen beren patruila kotxean. (Amuriza, X.)
  • Edo agian han erdi hondoraturik zegoen patruila-ontzia ikusteak tristatu ninduen. (Kilkerren hotsak, Jimenez, E.)
  • Prestaketarako erabili zituzten mapa eta planoetan auto aldaketa egitea aurreikusten zuten puntutik hurbil zeuden Poliziaren patruila autoa atzetik zutela. (Pasaia blues, Cano, H.)
  • […]auxe da Axularren liburu aipatuaren lenengoko arpegi-orrian dinoana. ("Bitaño")

Mota honetakotzat har ditzakegu mutil lagun eta neska lagun ere, ulertuz ‘lagun’az ari garela, eta lehen osagaiak sexua adierazten duela. Beraz, sexua adierazteko lehen osagaia zein bigarrena (ikus goiko langile gizon) baliatu dugu literatura tradizioan. Berriagoak diren bonba-gutun, bonba-pakete, iragarki gizon, etab. ere hemen sailkatzekoak dira.

Hirugarren mota bat ere bereiz dezakegu, dena den, Euskaltzaindiak egin bezala, A nolako B da, konparazio kutsua ematen diolako osagai batek besteari. Begi gaztainak diogunean, esaterako, norbaiten begiez ari gara, eta gaztainekin alderatzen ditugu begi horiek. Horrelakoak dira etxe-orratz edo gaizkin deabru ere; etxea eta gaizkina, orratzarekin edo deabruarekin alderatzen ditugu, hurrenez hurren. Eta horrela uler daitezke, neurri batean, goraxeago ikusi ditugun alkate asto edo ume azeri ere, astoarekin edo azeriarekin alderatuko bagenitu bezala alkatea eta umea.

Koordinazio eta atributu elkarteak bereizteko irizpideak

Ez da zaila zehaztea zein irizpideren arabera bereizten ditugun Koordinazio elkarteak eta Atributu elkarteak. Besterik da adibide jakin bat bi sail horietatik zeini dagokion esatea. Gizotso, esaterako, zer da? Aldi berean gizona eta otsoa den biziduna? Gizona, tarteka otso bihurtzen dena? Edo armario-biblioteka? Armarioa da, biblioteka izateak, liburuak edukitzeko izateak bereizten duena beste armario mota batzuetatik, ala altzari jakin bat, aldi berean armario eta biblioteka dena? Euskaltzaindiak (Hitz Elkarketa/3, 79. orrialdea, 1991) Atributu elkartetzat hartu zuen, eta hala egin dugu guk ere; baina erraz onartuko luke beste irakurketa ere, hau da, Koordinazio elkartetzat hartzea. Nolanahi ere, hizkuntzan sailkapenak egitean askotan gertatzen dira zalantzak elementu jakin bat non kokatu behar den.

Idazkerari dagokionez, gehienetan marratxo bidez elkarturik ematen ditugu Koordinazio elkarteak; Atributu elkarteetan, ostera, modu bateko eta besteko idazkerak aurki ditzakegu, marratxodunak nahiz bi osagaiak bereiz ematen direnak.

1 Argibide gehiagorako, ikus Azkarate (1990: 174-190), Euskaltzaindia Hitz Elkarketa/3 (1991: 77-99), Perez Gaztelu et al. (2004)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Atributu eta koordinazio elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3