Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:1:3

Tautologiazko elkarteak

Elkarte mota honetan biltzen ditugun bi izenak ere maila berean daude; buru biko egituratzat hartuko genituzke, beraz, tautologiazko elkarteak. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Dvandva elkarteetako azpimultzo gisa aztertu zituen 1987an, baina, aldi berean aitortzen zuen atributu edo koordinaziozko elkarteekin ere ahaidetasun nabarmena dutela, eta badirela arrazoiak elkarte-moduok dvandva elkarteetatik kanpora tratatzeko. Ondoren, multzo berezia eskaini zien 1992ko sailkapenean. Horixe egin dugu guk ere; hirugarren multzo gisa aztertuko dugu, alegia.

Osagaien esanahi bertsua

Ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Pedro Saiz, Antonio Tovar Llorente, Luis Villasante, Marcelino Oreja Zein da, ordea, elkarte-mota honen berezitasuna? Tovar-ek (1959) ‘geminados semánticos’ esan zien, osagai biek esanahi bertsua dutelako. Literatura tradizioan jasotakoak dira honakoak: abere-animaliak, agiri-paperak, atsegin-kontentuak, atsegin-gusto, alor-zelai, ebaluazio-neurketa, gogorantz-oroitza, gorro-txapela, izelonbre, katadera-sila, itsaso ozeano, lan-neke, poema-olerki, sasoi-edade, sermoi-prediku, udatiar turista, usatortola, usocolumba…

  • Aditzen baditu, Jaunak bere adiskide, eta serbitzarientzat prestaturik dauzkan, atsegin-kontentuak, geratzen da Indietako ondasunen berriak adituko balitu bezala, ezeren uste, edo esperanza gabe. (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Ejerzizio santu, ta miragarri oiean Jainkoaren usatortola baten gisa, zorioneko bere erretiro, edo soledadean, Maria lurrean, zeruan bazegoen bezala, denborada batean bizi izan zan. (Senar emazte santuak, Cardaberaz)
  • Eta eman lezatenzat oblationea, Iaunaren Legean erran denaren araura, turturela pare bat edo bi uso kolunba ume. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • izelonbre ‘apellido’: eusk. izen + gazt. nombre. (Hitz elkarketaz, Irigoien, A.)

Izaki bakarra adierazten dute

Tautologiazko elkarteek ez dute bikotea adierazten; izaki edo ‘zera’ bakarra da, sinonimo biz izendatzen dena (alde honetatik, beraz, gertuago daude koordinazio elkarteetatik). Bestalde, Euskaltzaindiak dioenez, ez dirudi euskal tautologiazko elkarte hauek oso zaharrak direnik, gehienak XVIII. mendeaz gerozkoak baitira. Idazleen araberakoa ere bada elkarte hauen ugaritasun edo urritasuna; Mendiburuk, esaterako, ia beste inork baino askoz gehiagotan darabiltza neke-tormentu, neke-oinazeak, katadera-sila, sermoi-prediku…

  • Baña zergatik da hau nornai beldurturik uzteko gauza? Zeren nori nai ta edozeini gerta dakikeon, aldi onetan Judasi agitua edo zerura ez igan naiez besteri ango bere katader-silla uztea ta besterik aren ordez ara igatea; ta iganen ere da zu igaten ezpazara, bada zuk zerura igan nai badezu, badu Jangoikoak an zuretzat katader prestatua ta katader, zu ara ez iganagatik jartzalle bage geldituko ez dena. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
  • Hau baño obeki baliatzen ezpazara Jangoikoak ematen dizun denboraz ta denbor ekusi duguna bezain ondasundunaz, zure bizia ere Jangoiko berak labur diezakezu; ta zori gaistokoa zu hau agi-gertatzen bazaitzu; bada galduko dituzu irabaz zenitzaken ondasun andiak eta sartuko zara sekulako ekusi ditugun neke-tormentu guzien azpian. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)

Bi adjektiboz osatuak ere bai

Tautologia-elkarte gehienak bi izenez daude osatuta baina bada bi izenondoz osatutakorik ere: busti-palatal, esaterako; edo bi aditzez osatutakoak ere bai, onetsi-maitatu, ordain-kitatu…

  • 1930n. urteko uztaillaren 15n. egunean jaioa zan El Bihar (Arjelia`n), 1962n. urtean bere gurasoak ordain-kitatu eben etxean., Magrebi lurralde onen askatasuna lortu zan urte beratan. ( Euskerazaintza, Euskerazaleak)

Leku izen propioetan, euskarazko eta gaztelaniazko izenak parez pare emateko sortu ditugun egiturak ere tautologiak dira: Arrasate / Mondragón, Donostia / San Sebastián, Lizarra / Estella… Erakunde izen batzuetarako eraikitakoak ere bai: Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascongados, UPV/EHU (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea)… Horrelako elkarteetan marra etzana, /, erabiltzea gomendatzen da euskarazko eta gaztelaniazko forma bereizteko.

  • Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretzak “energia maximoarekin” gatzetsi du burua estalita zuen taldeak Kazetaritzako Dekanotzan egindako erasoa. Elkarretaratzea ere deitu du ekintza hau zentsuratzeko. “Indarkeriaz baliatzen den gutxiengo horrek ez ditu UPV/EHUko ikasleak ezta unibertsitatearen balore etikoak ordezkatzen”, azpimarratu du. ( EHUk Kazetaritzako Dekanotzan izandako erasoa gaitzetsi du, Eitb)

Zergatik sortzen diren tautologiazko elkarteak

Elkarte hauek sortzeko arrazoia zein izan daitekeen azaltzen ere saiatu zen Euskaltzaindia (Hitz elkarketa/1, 1987: 160): “esanahi beretsuko hitz bietarik bat, bestea baino hagiz ezagunagoa izan arren, maileguzkoa izateagatik edo beste zenbait arrazoirengatik, sinonimo “jatorrago” edo “egokiago” batez plazaratu nahi izaten da maiz”. Euskararen kasuan, euskalkien arteko lexiko-desberdintasunak errazteko ere baliatu izan dira tautologiazko elkarteak, euskalki bateko izena eta adiera bereko beste euskalki batekoa batera jarriz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Tautologiazko elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3