Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2

Mendekotasunezko elkarteak

Hemendik aurrera aztertuko ditugun izen kategoriako elkarteak Mendekotasunezko elkarteak dira; hau da, osagaietako bat da nagusia, elkartearen kategoria, azpikategoria eta oinarrizko esanahia ematen duena. Besteak modifikatu, mugatu egiten du osagai nagusi hori; edo, osagai nagusi horren osagarria adierazten du. Mugakizun deitu diogu euskaraz eskuinean ematen dugun osagai nagusiari, eta mugatzaile ezkerrekoari. Lehenago aipatu dugu bi motatako harremana izan daitekeela mugakizunaren eta mugatzailearen artekoa: modifikatzaile-buru harremana izango da gehienetan, baina zenbaitetan osagarri-buru harremana izango dugu, mugakizuna osagarri-egitura duen izena denean.

Baliabide indartsua

Hitz-elkarketa baliabide indartsua bada, are indartsuago da Mendekotasunezko izen-elkarteak sortzeko baliabidea; Euskaltzaindiak 25. arauan ( Hitz elkartuen osaera eta idazkera) esan bezala, ehunka eta ehunka izen-elkarte sortu ditu euskarak azken hamarkadetan, terminologia beharrei erantzuteko askotan: “Erdal izen-konplementazio askoren ordaina, esate baterako, horrela ematen du euskarak: guraso-elkarte, telefono-zenbaki, garapen-maila, zerga-biltzaile”. Izan ere, ‘etiketak’ jartzeko baliatu ohi dira izen-elkarteak, objektu, leku, baliabide, garai, gaixotasun, sentimendu… eta abarri izena emateko. Zehazkiago esanda, hizkuntza gehienek ez dituzte berek terminoak sortzen, besteren batek sortutako terminoa egokitu baino ez dute egiten. Baina horretan ere indar handiko baliabidea da hitz-elkarketa. Eta ez orain bakarrik. Berpizkunde garaiko testuak aztertuko bagenitu, Eguna egunkariko testuak hustu, lehen Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialeko terminoak aztertu, edo Orotariko Euskal Hiztegia eta horren atzean dagoen corpusa osatzera etorri diren administrazio- eta lege-testuak arakatuko bagenitu, berehala jabetuko ginateke zenbat eta zenbat izen-elkarte dagoen hor berehala aztertuko ditugunen egitura dutenak: auzi-sari, diru-etxe, diru-sarrera, herri-ogasun, lan-bazkide, lan-legedi, lege-hausle, lege-adin, ogasun-paper edo zigortze-legedi.

Mendekotasunezko izen-elkarte motak

Hain ugariak izanik mendekotasunezko izen-elkarteak azpisailak egin dituzte gramatikariek bai euskaraz eta bai beste hizkuntza askotan ere. Horretarako, osagaien morfologia izan dute kontuan eta, horren arabera, hiru azpisail bereizi ditugu euskaraz:

  • [izen + izen] egiturako elkarteak
  • [aditzoin + izen] egiturako elkarteak
  • [izen + aditzetik eratorritako izen] egiturako elkarteak (iz[aditzoina + -le, -tzaile, -era, -keta, -kuntza, -pen, -tze]iz mugakizun dutenak)

Hiru horiek dira, funtsean, azpisail nagusiak. Horien inguruan emango ditugu Euskaltzaindiaren (1992) sailkapeneko hainbat eta hainbat elkarte.

Hori abiapuntu hartuta, hauek dira banaka-banaka aztertuko ditugun mendetasunezko elkarteak:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mendekotasunezko elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3