Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:0

Izen elkarte arruntak: behi-esne

Katalan askok independentziari buruzko erreferenduma egin nahi dute Ehunka eta ehunka dira mota honetako izen-elkarteak; estandarizazioarekin batean asko ugaldu dira horrelako elkarteak. Areago, Euskaltzaindiak ( Hitz elkartuen osaera eta idazkera) arauan esan bezala, elkarte-mota honek “Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal “izen + adjektibo erreferentzial” egiturak ordezkatzeko: esku-lan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomia teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu”.

Ildo honetan, ikus gai honen inguruan Euskaltzaindiaren Jagonet datu-basean jasotako galdera-erantzun hauek:

Galdera: Zein da zuzena merkatal zentroa ala merkataritza-zentroa?
Erantzuna: Euskaltzaindiaren 25. arauan, Euskaltzaindiak ( Hitz elkartuen osaera eta idazkera izenekoan, I.2 ataleko b) azpiatalean esaten denez, erdal adjektibo erreferentzialak ordezkatzeko erabiltzen dira merkatal eta gisako hitzak, eta ez dira zuzenak. Bide zuzena, hitz-elkarketaz baliatzekotan, unibertsitate-esparrua, moneta-politika eta abar erabiltzea da. Beraz, kasu honetan merkataritza-zentroa erabili behar da. ( merkatal / merkataritza-zentroa Jagonet, 1998)

Izen elkartea edo izena+adjektibo elkartea

Egia da izen-elkartea hautatu dela askotan lexiko-beharrak sortu direnean (izenlagun + izen egiturak ere bai), baina ez dira falta adjektiboa maileguz hartu dugun kasuak ere. Hala erakusten digute corpusek: amatasun baja, banku-partzuergo, eguzki-argi, hipoteka-kreditu (baina baita kreditu hipotekario ere), konstituzio-erreferendum (eta erreferendum konstituzional), industria-jarduera (eta jarduera industrial), lan-istripu, lehen sektore (eta sektore primario), planeta-sistema, baina atlas historiko, batzorde zientifiko, politika unibertsitario, sistema parlamentario…

Izenaren eta adjektiboaren arteko distantzia

Hizkuntzaren joera aztertuta, esan daiteke erdal adjektiboa oinarrian daukan izenetik zenbat eta urrutiago, orduan eta zailagoa dela euskaraz elkarketara jotzea: kutxazain automatiko, jogurt natural, markagailu elektroniko… Eta, kontrara, zenbat eta “erreferentzialagoa” izan, oinarrian daukan izenarekiko lotura zenbat eta gardenagoa eta zuzenagoa izan, orduan eta aiseago egin ditzakegu elkarteak.

Bi adjektibo erreferentzial edo gehiago zerrendatzen direnean ere ohikoa da guztiak mailegatzea: krisi ekonomikoa, industriala eta laborala…

Bestalde, adjektiboaren oinarrian dagoen izenak adiera bat baino gehiago izan ditzake eta, beraz, ez daukagu euskaraz beti modu berean eman beharrik: rural, esaterako, baserri- (baserri-giro), herri- (herri-kirolak), landa- (landa-lan) edo nekazaritza- (nekazaritza-produkzio) mugatzaileen bidez ordezka dezakegu euskaraz.

Izenen arteko erlazio semantikoa

Behi-esne motako izen-elkarteetan osagaien kategoriak ez du aukerarik ematen elkarte hauetan areagoko bereizketarik egiteko. Horregatik jo dute hizkuntzalariek bi izenen arteko erlazio semantikoetara. Azken batean, askotan sortu berri den zerbaiti izena emateko sortzen dira izen elkartuak, etiketa jartzeko. Eta ohikoa da kontuan hartzea zerk sortu duen/nondik datorren ‘zera’ hori, edo zertarako den, zein baliabidez sortu den, noiz edo non sortu den… Horrelako erlazio semantikoak izan daitezke, beraz, ohikoenak mugatzailearen eta mugakizunaren artean.

Hori horrela, inguruko hizkuntzetan izen-elkarteak aztertzeko kontuan hartu dituzten erlazio semantiko hauei jarraituko diegu euskarazko izen-elkarteetan azpi-sailak egiteko:

Baina gogoan izan behar dugu horiek ez direla gramatikako, edo sintaxiko arauak. Mugatzaileak mugakizuna nola modifikatzen duen, zein alderdi semantikotatik zehazten duen aztertzea, eta du motako aditzen subjektuak ergatibo kasu-marka hartu behar duela esatea, ez dira maila berekoak inondik ere. Erlazio semantikoak, egitura bereko ehunka eta ehunka izenetan multzoak proposatzeko modu bat baino ez da, eta horrexegatik, ez da harritzekoa askotan modu batera baino gehiagotara ulertu ahal izatea bi izenen arteko erlazioa. Sagar-tarta sagarrez egiten dena bada eta beraz, tarta horrek sagar [zati]ak izango ditu. Antzera gertatzen da ‘helburua’ eta ‘edukia’ erlazio semantikoekin ere; txori-kaiola txorientzako kaiola bada, askotan txoriak izango ditu barruan (nahiz hutsik dagoenean ere txori-kaiola esaten diogun)1. Marinel-txapel marinelek daramaten txapela, ‘jabegoa’ moduan uler daiteke, edo marinelentzako dena, ‘helburua, norentzakoa’ erlazio semantikoa, alegia. Halaber, umetoki ‘umeentzako tokia’ edo ‘umeak dauden/sortzen diren tokia’ dela pentsa dezakegu; hau da, ‘helburua’ erlazio semantikoaren adibidetzat har dezakegu, edo ‘edukia’ (zer non) erlazioarena. Autobus ilara izen-elkarteak ere izan dezake ‘ilaran autobusak daude’ irakurketa (‘edukia’); baina baita beste hau ere: ‘autobusek sortu duten ilara’, kausa edo jatorria. ‘Ondorioa’ eta ‘helburua’ ere bai: argi-zuzi ‘zuziak argia ematen du’, ‘zuzia argia emateko da’.

Banaka aztertuko ditugu hemendik aurrera izen elkarte arruntak sailkatzeko erlazio semantikoak.

‘iturburua’

Bi izenen artean halako erlazio semantikoa dagoenean, mugakizuna nondik/norengandik datorren, edo nork edo zerk sortzen/egiten duen, zehazten du mugatzaileak: apez-hitz, ardi-esne, asto-gorotz, damu-malko, gerezi-lore, ipar-haize, kandela-argi, maitasun-arazo, ontzi-zarata, pandero-soinu, piper-hauts, poz-malko, trumoi-danbarrada, trumoi-hots, zigarro-ke

  • Bat-batean, trumoi-hots eta haize boladen txistuen artean, hotzikara sortzeko moduko aiene luzea entzun da, gizakume baten eztarritik ateratakoa dirudiena. (Elezaharraren bidetik, Martin Anso)
  • Munduaren berrantolatzeko giroaren sustatzeko alabaina, ipar haize buhako burrunbatsua eta hegatsak gogorki kolpatzen zituen uhar gaztigagaitza aski zen. (% 100 basque, Borda, I.)

Mugatzailea koordinatua ere izan daiteke: giltza ta sarraila-zarata, automobil edo beribil-zarrastada… Eta mugatzailea izan daiteke aldi berean izen-elkartea: olatu-hots zantzu. Deigarriak dira porru berde usain, jantzi busti usain edo goma erre usain elkarteak, mugatzailea ez baita kategoria lexikoa, [izen + adjektibo] sintagma baino.

‘jabegoa’

Mugatzailea mugakizunak adierazten duenaren jabea dela ulertzen dugu erlazio-mota hau antzematen dugun elkarteetan; ‘jabe’, jakina, zentzu zabalean hartuta, ‘elizak dituen agintariak’, ‘txalupak duen patroia’… Askotan izen-elkartearen parekoa da izenlagun + izen egitura: txaluparen patroia eta txalupa-patroia, elizaren agintariak eta eliz agintariak, jakitunen hizkera eta jakitun-hizkera…

Horrelakotzat har daitezke ondoko elkarteak: aditz-forma, alkate-makila, emazte-izen, errege-alaba, giza adimen, gizon-janzkera, herri-baso, herri-gogo, herri-nortasun, hizkuntza-lege, jakitun-hizkera, jentil-sinesmen, karlista-fede, leku-izen, txalupa-patroi, urre-kolore

  • Nire bizitzan jaurtitako bide zurruneko lehenengo bi balak hortxe daude, azaleko urre-kolore higatuzko bi bala horiekin jolas eginaz. (Gauza txikien liburua, Aristi, P.)
  • Leku izen arrotzei euskal esanahia erantsi dakieke homofoniaren bidea hartuta:[…] (Hitza azti, Iñaki Arranz)

Bestalde, elkarte hauetako mugakizun batzuek -alaba, patroi…- osagarri-buru erlazioa dute ezkerreko osagaiarekin. Erlazio modu bera ikus daiteke beherago aztertuko ditugun ‘konparazio- eta irizpen-elkarteetan ere.

‘osoa-zatia’

Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, osotasuna adierazten du eta mugakizunak, berriz, horren zati bat: abarka-zola, abeto-adar, aho-sabai, aitzur-kirten, alkandora-beso, antzara-gibel, arrain-hezur, arrautza-gorringo, bildots-sihets, eihera-borta, erbi-buztan, esku-ahur,etxe-pareta, igande-eguerdi, limoi-azal, marrazo-hegats, oilo-luma, ortzirale-goiz, otso-larru, zartagin-ipurdi… Koordinazio bidez elkarturiko mugatzaileak dituzte elkarte hauek: elorri ta lizar adar, platano eta kakaues azal… Eta mugatzailea aldi berean izen-elkartea da txahal-haragi xerra izenean.

  • Eta hogei zentimetro gorago oraindik, aho-sabai trebatuak bazuen arinki kakaoztaturiko galoi txirikordatu bat dastatzeko aukera, bakan izaten dena. (Estilo-ariketak, Raymond Queneau / Olarra, X.)
  • Garai horretan Tenohira no xôsetsu idazten hasi zen: Esku-ahur batean bil daitezkeen kontakizun laburrak (1921etik 1964 arte argitaratu zituen aldizkarietan). (Loti ederrak, Yasunari Kawabata / Ibon Uribarri)

‘edukia’

Eduki erlazio semantikoa hiru modutara uler daiteke:

  • ‘zer-zerk’
  • ‘zer-non’
  • ‘zer-noiz’

Hau da, leku baten, denbora baten edo ‘jabe’ baten edukia adieraz dezake mugatzaileak. Modu batean zein bestean ere uler daiteke izen jakin bat: bertso-bilduma izen elkartean uler liteke ‘bildumak bertsoak dituela’ edo ‘bilduman bertsoak daudela’. Erlazio honen azpian bildutako izen elkartu askoren parafrasia ‘-ri buruzko, -en gaineko’ izenlagunaren bidez eman daitezke: nazionalismo teoria ‘nazionalismoari buruzko teoria’, lege auzi ‘legeari buruzko auzi’, turismo-biltzar ‘turismoaren gaineko biltzar’, etab.

  • ‘zer-zerk’ (edo ‘zer-nork’), goraxeagoko ‘jabegoa’ erlazioaren ifrentzua da: azukre-bola, baratxuri-korda, bataio-agiri, bertso-bilduma, elebitasun-dekretu, heriotza-agiri, kare-harri, laudorio-hitz, maite-poesia, metal-ur, sorgin-istorio… Mugatzaile elkartua du herri-hitz hiztegi izenak, eta mugatzailea eta mugakizuna, biak, egitura koordinatuak dira ondoko izen-elkartean, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu.
    • Arraiturre baino apur bat eskuinerago eta gorago, ehun bat metrora, etxaldea mugatzen duten kare-harri handi batzuen altzotik eta lizarrune batean behera eginez, errekasto bat jaisten da belardia erdibituz. (Mutuaren hitzak, Etxeberria, H.)
    • Heriotza agiri horietako baten fotokopia. (Kilkerren hotsak, Jimenez, E.)
  • ‘zer-non’ erlazioaren adibidetzat har ditzakegu hauek: alpargata-denda, arrain-merkatu, arrain-otzara, artasoro, atun-lata, autobus-ilara, elur-toki, erle-kaiola, folklore-arlo, kaputxino-komentu, komunista-etxe, koinak-botila, lore-toki, patata lur, pospolo-kaxa, sardina-lata, telefono-kabina, zerri-toki… Hemen ere aurkituko ditugu mugatzaile koordinatua duten elkarteak: burdin ta berun zama, tximista eta trumoi leku, xaboi eta lustre kutxa, erlijio- arte eta jakite-liburu, bai eta izen elkartua mugatzaile duenik ere: jostorratz-ontzi.
  • ‘zer-noiz’ (aurreraxeago ikusiko dugun ‘garaia’ erlazioaren alderantzizkoa da): alkatetza-garai, arto-urte, bakardade-memento, elur-urte, errepublika-denbora, erromeria-egun, gazte-denbora, heriotza-ordu, ilargi-gau, negu-parte, opor-egun… Berrelkarketaren adibide ditugu hauek: aizkora-joko egun, karlista-gerra denbora, sorgin-batzar garai… mugatzailea bera ere izen elkartu dute horiek. Mugatzaile koordinatua dute beste hauek: barkamen edo pekamen egun nahiz mehe eta baraur egun. Azpimultzo honetan, ohikoak dira era batera edo bestera ‘denbora’ adiera daramaten mugakizunak: denbora, egun, garai, gau, urte…
    • Gazte denbora guzia Parisen iragan zuen eta berrogeita zazpi urtetan itzuli zen Euskal Herrira. (Anbroxio, Bidegain, E.)
    • Goizean goiz R. eleberrigile ospetsuak, mendian hiru opor-egun eman ondoren atzera Vienara itzuli zenean, egunkari bat erosi eta gainetik data begiztatu bezain laster, bere urtebetetze-eguna zela gogoratu zuen. (Emakume ezezagun baten gutuna, Stefan Zweig / Eduardo Matauko)

‘ondorioa’

Goiko ‘iturburua’ erlazio semantikoaren ifrentzua da ‘ondorioa’. X mugatzailea eta y mugakizun izanik, ‘iturburua’ x > y moduan irudika dezakegu; ‘ondorioa’, berriz, x < y. Horrelako erlazioa ikus daiteke izen-elkarte hauetan: arbi-hazi, argi-zuzi, beldur-amets, burdin-meatze, esne-behi, esne-iturri, euri-seinale, hileta-hots, indar-etxe, intxaur-arbola, irin-fabrika, liho-hazi, olio-aran, su-mendi, trumoi-laino, txakolin-iturri… Berrelkarketaren adibide da beste hau: poz- eta negar-iturri.

  • Eta hura titan baten lanaren fruitua zuan, eta guztia zuan su-mendi baten eztanda… eta, su-mendi haren aitzinean, ene indarra euli batena zuan, eta ene argia ipurtargi batena. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Poz eta negar-iturria, uste ez badugu ere bihotz barrenean dago. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

‘baliabidea’

Mugakizuna zein baliabidez, zerez baliatuta, zeren bidez gauzatzen den, lortzen den, adierazten du mugatzaileak: ahari-apustu, aho-hizkera, aitzur-kolpe, aizkora-ukaldi, begi-keinu, bertso-festa, burruntzali-kolpe, danbolin-dantza, esku-aldaba, esku-arrantza, esku-bonba, eskulan, ezten-kolpe, haize-oihal, hitz-joko, karta-joko, lurrin-makina, olio-argi, pilota-jolas…

Mugakizunek mugimendu edo kolpe bortitza adierazten dute askotan, eta mugatzaileak zerez eman den kolpe hori. Modu batean baino gehiagotan egin daitezkeen jarduerak (dantza, jolas…) adieraz ditzakete mugakizunek. Hemen sar daitezke, bestalde, euskal edo erdal mugatzaile dituzten hainbat izen-elkarte, ‘euskara’ / ‘erdara’ baliatuz egiten/sortzen diren ‘zera’k adierazten dituztelakoan: euskal aldizkari, euskal artikulu, euskal bertso, erdal idazle, euskal idazle, euskal kultura, erdal olerki, erdal testu…

  • Etorkizunari begira, euskal kultura eta sorkuntza polifoniko bat amesten du, askotariko ikuspuntu eta kolore aniztasuna sustatu eta erakutsiko duena. (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • Kontua da nik asmatutako erdal testu horretan ez dagoela benetan argitaratu zen euskal testuan baino astakeria gehiago. (Kurrin-kurrun vitae, Garzia, Joxerra)

‘gaia’

Mugakizunak adierazten duena zertaz, zein gaiz egiten den esaten du mugatzaileak: algodoi-laino, argizari-kandela, arto-opil, baba-salda, bakailao-kroketa, belar-olatu, berakatz-zopa, burdina-kutxa, egur-gabila, elur-maindire, elur-maluta, gerezi-marmelada, izotz-kapa, kimika-abono, luma-jantzi, magurio-krema, oilo-salda, piper-saltsa, porru-salda, su-ziri…

  • Eta liburu asmatuek asmakizun munduan sartzen gintuzten, balizko euskal dermio ahulduan, lastertasuna bihurtuz abiadura, orain arte beharrezkoa izan dena derrigorrezko eginez hemendik aitzinat, oilo salda frogatzen dugula erakutsiz gure gurasoak probatzearekin bakarrik konformatu izan zirelarik gizajo haiek, edo hizkera berezitua sortuz hizkera berezia nahikoa eta aski zen tokietan, euskaldunak arras zuhurrak izan gara-eta hizkuntza kontuetan. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Bazekien Maitea halako bi zela tamainaz, baina hegan zihoan, elur-maluta bezain hotz eta arin. (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano)

‘garaia’

Mugatzaileak adierazten du mugakizuna noiz gertatzen den, zein garaitan: arrats-dei, bataio-festa, bukaera-bertso, ezkontza-kantu, eztei-bazkari, gau-amets, gau-klub, Gabon-afari, goiz-haize, hileta-eresi, ilun-ezkila, jai-soineko, su-kanpai, uda euri, uda-ikastaro, udaberri-arrosa, urte-sari…

  • Kutxako Gizarte Ekintza Uda Ikastaro horien babeslea denez, Francisco Ezquiroz Kutxako Gizarte eta Kultur Jarduneko burua eta Iñaki Almandoz Kutxako Gizarte Ekintzako burua ere bertan ziren. (UNED-Bergarak euskarazko ikastaro gehiago eskainiko ditu, Edurne Soraluze, Euskal Herria saila, Berria)
  • Gau klub batean egon ondoren izan zen, ordurako gauerdia pasata zegoen. (Loti ederrak, Yasunari Kawabata / Ibon Uribarri)

Azpimultzo honetan sar ditzakegu izen propioa mugatzaile duten Donibane su, Olentzero enbor, San Joan su eta horien antzekoak, elkarte horietan ez baitira pertsona izen propioak, edo santu-izenak, baizik urteko egun edo garai jakin bat adierazten dutenak.

‘lekua’

Mugakizuna non, zein tokitan gauzatzen den adierazten du mugatzaileak: atzerri-hizkuntza, baserri-bizitza, eliz hobi, esku-makila, etxe-tresna, ezker-esku, harri-idazki, horma-erloju, ibai-ur, itsas bainu, itsas herri, itsas lapurreta, kale-borroka, kale-janzkera, kokots-bizar, kosta-herri, lepo-ile, lur-paradisu, matrail-hagin, mendi-ermita, mendi-gurutze, plaza-festa, sabel-zorri, sepultura-harri, zingira-ur…

  • Langile-jendeak, Matson andreak bere adiskideei maiz azaldu ohi zienez, diru apur bat eskuetan izan orduko, izozkailuak, irratiak, eta antzeko etxe-tresna elektrikoak erosten zituzten. (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)
  • Kale-borroka ederra nuen nik, bestela ere, etxean…! (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)
  • Horma-erloju baten hotsa bakarrik entzuten zen. (Neguko zirkua, Cano, H.)

Berrelkarketaren adibide da, esaterako, baso ta solo belar.

‘helburua’ (norentzakoa, onuraduna)

Adibide ugaritan antzeman dezakegu erlazio semantiko hau; besteak beste, ‘aditzoina+izena’ egiturako izen-elkarteetan: azeri-janari, bataio-harri, batzar-toki, bidaia-kutxa, bizar-laban, dantza-leku, dantza-orkestra, diru-zorro, ejerzizio-etxe, elur-zulo, erbi-zakur, eskularru, guda-ontzi, haur-ipuin, haur-kanta, hauts-zapi, jainko-edari, jakintza-hizkuntza, koktel-ontzi, kultura-hizkuntza, mendi-bota, meza-dei, moko-painelu, ohe-ator, oin-ohol, ortografia-arau, otoitz-dei, pixa-oihal, su-egur, talo-ohol…

  • -Ederra goiza, Thomas jauna - esan zigun erbi-zakur bat zeraman gizon batek. (Artistakume baten erretratua, Dylan Thomas / Navarro, K.)
  • An beste aldetik elur zulo txit otz, ta izotzez bete, ta beñere urtzen ez diranak: an putzu, osiñ, edo zingira jelatuetan animak beti-beti arrabiaz, ta garrasiz: an zakur amorratuen gisako gose, ta egarri ito, edo iltzerañokoak, baña beñere akatzen ez diranak: an illuntasun beltz, beti gau erdi, suaz ta keaz, atsez, ta kiratsez betea. (Aita S. Ignacioren egercicioac II, Cardaberaz)

‘ariketa’

Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, ariketa, jarduna, ekintza… adierazten du eta mugakizunak, askotan, ariketa edo jardun horren egilea, edo jardun horretako lekua: hitz-toki, jolas egun, laborantza-gizarte, langela, liturgia komisio, otoitz-gizon, pilotaleku, pilota-txapeldun, politika-erakunde, prediku-aulki, sega-leku… Laborantzan aritzen den gizartea, liturgiaz ari den komisioa, politikan ari den erakundea… horrela uler ditzakegu goiko izen-elkarteak.

  • Ikusten degularik bada, lenago luzerako pillotaleku señalaturik etzan erri batean egiten dutela, gureak izendaturik, eta markaturik, ez da lotsagarri, guretzat ainbeste diruren gostuz gure asaba onak ongi eraturik eta txukinkiro apaindurik utzi zizkiguten plaza eder doarikakoak urruñatu ta lagaturik, joku oro saria eman bear zaion trinkete zuloa autatzea? Gaitz erdi litzake bada trinketeak irozotzea eta […] (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Gai dagoenaren indarra Iruditegian ikusiko dugu etxe on bateko etxekoandrearen lan-gela. (Gai dagonaren indarra, Barriola)
1 Azkaratek eta Perez Gazteluk (2014) corpus zabala sailkatu zuten eta adibidetegia osorik eman. Xehetasun ugari aurkituko ditu han informazio gehiagoren bila dabilenak. Ikus hemen Hitz elkartuen adibidetegia.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen elkarte arruntak: behi-esne", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3