Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1

Mugakizun bereziko izen elkarteak

Ondoren aztertuko ditugun egiturak ere izen-elkarteak dira, bi izenez osatuak. Baina horietako mugakizunek, guztiak berdinak izan ez arren, badituzte zenbait ezaugarri aurreko puntuan aztertu ditugun elkarteetatik bereiztera garamatzatenak.

Mugakizun bereziko izen elkarteen ezaugarriak

  • Maiztasuna da lehen ezaugarria: ugariak dira aldi, atze, aurre, bide, buru, gai, gain, molde, mota, multzo, puska, sail, talde, zati… mugakizun dituzten izen elkartuak. Orain arteko adibideetan ikusi dugun beste edozein izen baino sarriago baliatzen ditugu izen-elkarketan ‘mugakizun berezi’ atalean sartu ditugunak.
  • Osagarri-buru harremana: Bestetik, berezia da mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa: behi-esne, lepo-ile, oilo-salda edo aurreko puntuan eman ditugun izen-elkarteetako edozeinetan, eskuineko osagaia, mugakizuna, bada berezko ‘zera’, badu berezko esanahia; nahikoa da horretarako hiztegietara jo eta definizioak begiratzea. Mugatzaileak murriztu egiten du mugakizunaren erreferentzia-esparrua, sintaxian modifikatzaileek egiten dutenaren antzera. Aztergai ditugun mugakizun berezietan, ostera, nekez hitz egin dezakegu ‘multzoaz’, ‘zatiaz’, ‘aldiaz’, ‘usainaz’, ‘aurreaz’ edo ‘atzeaz’ ez bada zehazten zeren multzoa, zatia, usaina, aurrea… den. Mugatzaileak, ezkerreko osagaiak, egiten du zehazte-lan hori. “Harreman honi “osagarri-buru” harremana esaten zaio, sintaxian gertatzen denaren ildotik: eskuineko osagaiak, buruak (adib. zati), osagarri bat hartzen du (ogi), sintaxian, demagun […] aurka postposizioak genitibodun IS hartzen duen bezala. Bada, hemengo berezi gehienak horrelakoak ditugu “osagarri-buru” egitura-harremanekoak, alegia” (Azkarate eta Perez Gaztelu, 2014: 38).
Adibide eta xehetasun gehiago nahi dituenak Hitz-Elkarketa/2 liburura jo dezake.

Maiztasuna eta osagarri-buru harremana, bi berezitasun horiek dituzten mugakizun hauek hainbat azpisailetan banatu ditugu. Banan-banan aztertuko ditugu, labur bada ere, bakoitzaren ezaugarri nagusiak emateko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mugakizun bereziko izen elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3