Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1:3

Mota elkarteak

Horrela deitu zaie mugakizuntzat era, giro, gisa, klase, manera, modu, molde, mota, suerte, tailu… izenak dituztenei.

  • abantail suerte, ahosabai-modu, amodio mota, arma-modu, apostolutza- era, arbola-klase, arrain mueta, autoritate-modu, baserri molde, bekatu-gisa, benerazio mota, bentura molde, bizio suerte, bizitze-manera, dolu-gisa, eguraldi modu, gerla-manera, jende-giro, jende-tailu, joko-tailu, liturgia-era…
  • “niretzat bi arbola klase baino ez daude: pinuak eta arbolak”. (Hitzak eta giltzak, Iñigo Aranbarri)
  • Egun batean, Mikel Strogoffek zer eguraldi modu zen galdetu zion. (Mikel Strogoff, Julio Verne / Zabala, K.)

Erraz aurki daitezke mugatzaile koordinatuak: donu, dohain eta abantail suerte; formazio edo produkzio modu; manamendu eta zeremoni suerte… edo izen-elkarte direnak: ahosabai-modu, baso-zuhaitz mota, etxabere mota, eskoletxe mota, luma-abere mota…

  • Gure Iaungoikoak, munduko bertze gauza guztien ondoan, gizona bera, bere gainki, bere imajinara eta idurira, bat ere bekhaturik eta bekhaturen kutsurik ere gabe, anhitz donu, dohain, eta abantail suertez dotaturik, egin zuenean, ibeni zuen berehala, lurrak zuen parterik, eta aurkientzarik hoberenean, lurreko parabisuan, lekhu plazerez bethean. (Guero, "Axular")
  • Gure Iaungoikoak eman zituen lege zaharrean seietan ehun eta gehiago manamendu eta zirimonia suerte, eta hekin batean hanbat egiteko, non erraiten baitu Iondone Petrik, ez berak, eta ez haren aitzinekoek ere, ezin bururik egin zutela, eta ez iasan hain karga handia. (Guero, "Axular")

Hiztegiek argitzen dute zer duten batean mugakizun hauek:

  • ‘modu’ har daiteke guztien adierak duen sema edo ezaugarri semantikotzat; beraz, ‘modu izen’ dei diezaiekegu mugakizun hauei guztiei. Hala ere, badirudi mugakizun batzuen erabilera-esparrua zabalagoa dela beste batzuena baino; mota, esaterako, euskalki guztietako literatura tradizioan ageri da; gisa, manera, suerte, tailu, aldiz, ipar-ekialdeko testuetakoak dira, batik bat, eta modu, Hegoaldekoetakoa.
  • mugakizun hauetako batzuk; giro, klase, molde, mota edo tailuk, ‘modu’ adiera izateaz gain, badituzte bestelako adierak ere; beste batzuek, aldiz, ‘modu’ adiera baino ez dute, adiera bakarrekoak dira.
  • mugatzaileei dagokienez, batzuek era guztietako izenak onartzen dituzte, bizidunak, bizigabeak, konkretuak, abstraktuak…; horrelakoak dira klase, mota, suerte edo tailu. Beste batzuek, gisa, manera, modu, molde mugakizunek, gehienbat izen bizigabeak hartzen dituzte mugatzaile.

Bereziak dira hizkuntzak adierazteko era mugakizun harturik sortu ditugun albaniera, arabiera, armeniera, bengalera, bulgariera, errusiera, estoniera, georgiera, islandiera, japoniera, suomiera, eta abar. (Euskaltzaindiaren 38. arauan Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak ikus daitezke egitura hauetako hizkuntza-izen asko).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mota elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3