Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1:4

Konparazio- eta irizpen-elkarteak

Azpi-atal honi emandako izenak berak ematen du aditzera zein den arrazoia aire, antz, aurpegi, fama, haize, hots, irudi, itxura, kolore, kutsu, planta, tankera edo usain moduko mugakizunak azpi-atal honetan batzeko: erkatzearen, konparazioaren balioa ematen digutela, alegia. Norbaitek integrista airea duela esatean, adierazten dugu integristek duten bezalako airea, itxura, tankera, duela. Edo norbaiti buruz kokolo aurpegia duela diogunean, haren aurpegia kokoloena bezalakoa dela ematen dugu aditzera.

  • aberats-itxura, administrazio-kutsu, aingeru-antz, antzinate kutsu, artobero-usain, baserri-antz, bertsolari-fama, bihurri-antz, desafio-kutsu, diru-usain, dotore-antz, epel-antx, festa-usain, garaje-itxura, gaztaina-kolore, gordin-kutsu, harro-haize, haserre-itxura, inozo-planta, integrista-aire, itzulpen-kutsu, jainko-itxura, kokolo aurpegi, liberal fama, lur-kolore, maitasun itxura, olerki kutsu, osasun kolore, tonto-planta, txotxolo-aurpegi, zikin-fama, zeru kolore…
  • Badakit aho zikin fama duzula, baina oraintxe bertan desenkusatzen ez bazara bukatutzat emango dut gure kontratua eta etxera alde egingo dut. (Napomuceno da Silva Araujo jaunaren testamentua, Germano Almeida / Bego Montorio)
  • Halan ta guztiz ere, kokolo aurpegia ipini arren ta ikara itxura, ba dakie, ondo ere ondo jakin ere, heurentxoa egiten. (Bilbo irribarrez, Zarate, M.)
  • Gaztaina kolore argia ere aukera ona izan daiteke zuretzat. ( Girotu, apaindu, sendatu, Gaztezulo)

Adibide horietako batek baino gehiagok izenondo kategoriako mugatzailea du: bihurri, dotore, epel, gordin, harro, tonto, txotxolo… Hori da azpi-atal honen beste ezaugarrietako bat. Bestalde, zenbait mugakizunek (fama, itxura, kolore, usain…) sintaxi egiturako mugatzaileak onartzen dituzte: bizkaitar nahiz beste edozein eskualde usaina, goma erre usain, haur lerden itxura, jantzi busti usaina, liberalen biltoki fama, usteldutako hosto usaina… Mugakizunei dagokienez, batzuk erlaziozko izenak dira (antz, aurpegi, fama, irudi, itxura, planta edo tankera), beraz, osagarria eskatzen dutenak (Artiagoitia, 2011). Beste batzuei, berriz, jatorrizko adieraz gain, bigarren adiera metaforiko batek ematen die erlaziozkotasuna: aire, haize, hots… ‘itxura’, ‘antz’, ‘ospe’ balioa dutenean. Bigarren multzo honetan sartzekoak dira kolore eta usain ere, berez kolorerik edo usainik ez duten mugatzaileekin elkartzen ditugunean: masoi-usain, udaberri-kolore…

Mota honetako elkarteak askotan norbaiti edo zerbaiti buruz predikatzen ditugu; norbaiti buruz esango dugu liberal fama duela edo lekuren batek izango du garaje-itxura, esaterako. Horrexegatik, ez da harritzekoa -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzea izen-elkarteok: arrosa koloreko masailak, gaztaina koloreko pitxarra, morokil usaineko dantza, kabyla irudiko leinu, zaunka haserre usainekoa…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Konparazio- eta irizpen-elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3