Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1:5

'hitzaurre' moduko elkarteak

Euskaltzaindiaren sailkapenari jarraituz, leku-denborazko adiera duten mugakizunak bilduko ditugu azpi-sail honetan: aitzin, albo, alde, atze, aurre, azpi, barne/barren/barru, bazter, be(pe)1, bitarte, ertz, gain, gibel, inguru, oste, (t)arte…

Ezaugarriak

Adieraz gain, beste ezaugarri bat ere badute batean mugakizun hauek guztiek: erlaziozko izenak dira, puntu honetan aztergai ditugun gainerakoak bezala; hau da, osagarria eskatzen dute. Horretaz gain, esanahia ere aski lausoa dute (andregai motako elkarteetako mugakizunek bezala, hauek ere askotan adiera bat baino gehiado daukate). Baina erlaziozko izenen artean, multzo berezia osatzen dute, kokapen izenak dira (Artiagoitia, 2011).

Izen kategoriako mugatzaileak hartzen dituzte mugakizun horiek:

  • aditzondo, afalondo, aldare aitzin, aldare-aurre, arima-barru, asto-gain, aterpe, barrunbe, baso-tarte, bazkalondo, bazko-inguru, begi-bazter, begitarte, belarri-oste, belarrondo, bertso-ondo, beso-azpi, bihotz-barne, bular-gain, bular-inguru, dantzaurre, eliza-barne, eliza-bazter, esku-gain, esne-gain, etxe-aitzin, etxe-atze, etxe-aurre, etxe-barne, etxe-ondo, ezkerralde, festondo, gerra-aurre, gerra-ondo, giltzape, guda-oste, hitzaurre, hutsarte, ilunbe, izenondo, kale bazter, lagunarte, lanarte, lur-azpi, mahai-ondo, mendi-gain, mendi-gibel, ogi-ertz, oin-azpi, pago-atze, praka-barren, sasi-arte, solairuarte, tripa-barru, zeru-azpi, zeru-barru, zubi-gain, zubipe…

  • Etzaidak bein ere emakume ori biotzean sartu ta, amaginarraba maite izanarren, nere burua maiteago nian; eta bazkalondo batean, zearo oroitzen nauk, zearka-mearka ibili gabe, ezetz esan niokan. (Ardi galdua, Azkue, R. M.)
  • Lagunakiko tratabidea, lagunarte galgarriak eta komedi eta ikuskari periltsuak uzten baditut, basati bat egiñ naizela, esango dute. (Maietzeko illa , Arrue, G.)
  • Ba derabiltzi leize, zubipe, sorgin ta lamien baltsa: Aralar onen Gurutz-oiñean garbi Jaunaren Bildotsa. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • […]eta makillaka ta makillaka sekulako edertoen astinduta gero, basetxeko kortara eroan eban, eta antxe, kortako giltzape illunean sartu eban. (Euskalerriko ipuñak, Bustintza, E.)

Gaztelaniazko aurrizkidun izenen ordain

Izen-elkarte hauetako batzuek, esaterako, bazkalondo, bazkaloste, gerra-aurre, gerra-oste, aurrizkidun izena dute gaztelaniaz ordain (‘sobremesa’, ‘preguerra’, ‘posguerra’). Horien arabera sortu ditugu azken urteetan atikogaineko, erditzeondo, historiaurre, idazki-ondoko, kanpainaurre (hauteskunde-kanpainaurre), gaztelaniazko sobre-, pre-, post-… aurrizkidun izenei ordaina emateko. Beste batzuetan, ostera, izen-elkarteko lehen osagaia izaten da erdal aurrizkien ordain (azpiatal, gainzama…); mugatzaile bereziko izen-elkarteetan aztertuko ditugu horiek.

Erdal aurrizkien izaeraren arabera ematen dugu batzuetan mugakizuna ordain (gerra-aurre) eta beste batzuetan, berriz, mugatzailea (aurre-iritzi). Izan ere, erdal aurrizkiak batzuetan eratorriaren buru semantikotzat hartu behar ditugu: preguerra ez da ‘gerra’, baizik gerraren aurreko garaia; bide beretik, precampaña eta prehistoria ez dira ez kanpaina eta ez historia, baizik horien aurreko garaia; postparto ez da erditzea, baizik erditu ondoko garaia; sobreático ez da atikoa, baizik haren gaineko etxe-bizitza, etab. Horietan guztietan, buru-osagarri erlazioa dugula esan dezakegu, aurrizkia izanik buru eta izena osagarri. Euskarak burua eskuinean duenez, osagarri-buru hurrenkera dagokie; hau da, aurre, gain, ondo, oste, etab. bigarren osagai, mugakizun izatea. Askotan -ko atzizkiaren bidez izenlagun bihurturik erdal adjektibo erreferentzialen ordaina ematen dute: hauteskunde aurreko (‘preelectoral’), urpeko (‘subacuático’), nazioarteko (‘internacional’), etab.Frantziako hauteskundeetako kanpainaurrean buru-belarri aritu dira hautagai nagusiak

Beste batzuetan, aldiz, erdal aurrizkia modifikatzailea da, eta ondoren datorren izena da burua, zertaz ari garen adierazten duena; euskaraz, ‘atze, aurre, gain… + izen’ hurrenkera dagokie, eguzki-lore, behi-esne, goiz-argi, burdin barra eta ‘modifikatzaile-izen’ erlazioa duten beste hamaika mendekotasunezko izen-elkarteri bezalaxe. Aurreiritzi ‘aldez aurretik dugun iritzia’ da, gainzama ‘[ohikoa denaren] gaineko zama’, azpi-atal ‘[beste atal baten] azpiko atala’. (Gràcia eta Azkarate, 2000).

  • historiaurre iz. Idazkera asmatu aurreko gizadiari dagozkion gertaeren multzoa; gertaera horien azterketa. Historiaurreko aroak.
  • * aurrehistoria iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, aurrehistoria-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. historiaurre].
  • kanpainaurre iz. Kanpaina ofiziala hasi aurreko kanpaina. Kanpaina bera baino gogorragoa izaten omen da kanpainaurreko hilabetea.
  • * aurrekanpaina iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, aurrekanpaina-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. kanpainaurre].

Postposizioetatik gertu

Leku-denborazko adiera horrek, bestalde, postposizioaren eremura hurbiltzen gaitu. Areago, mugakizun horietako batzuk maizago erabiltzen ditugu gaur postposizio moduan, izen balioan baino: sarri ikusiko ditugu albo, alde, atze, aurre, barru, gain, inguru, oste… izenak -n, -ra edo -tik postposizio-atzizkiekin etxe aurrean, mahai gainetik, hiri barnera, ate ostean moduko egituretan2. Izen-elkartea osatzen dutenean, jakina, adjektiboa har dezakete, sintagma singularreko edo pluraleko buru izan daitezke, erakuslea har dezakete determinatzaile gisa, eta sintagma ergatibo edo absolutibo baten buru izan daitezke:

Postposizio horiek ere -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzen ditugunean erdal adjektibo aurrizkidunak ordezkatzeko baliatzen ditugu: jaio aurreko (‘prenatal’), graduatu ondoko (‘posgraduado’)…

Ez dira leku-denborazko mugakizun hauek bakarrik postposizioetan aurki ditzakegunak, gorago ikusi ditugun zenbait mugakizunek ere (modu adierakoek), hala nola maila edo moduk postposizioa osa dezakete: mundu mailan, komediante moduan… Berriro ere, lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugan ibiliko ginateke.3

Gaian sakonduz

1 Euskaltzaindiaren sailkapenean leku-denborazko mugakizunen artean ageri den arren, eta izen kategoriako lexemetan ageri den arren (barrunbe, errape, estalpe, giltzape, ilunbe, kerizpe…), nekez aurkituko dugu bera bakarrik izen balioan. Gainera, izen propioekin ere aurki dezakegu toponimian eta onomastikan: Loretope, Altube, Haizpe, Ospitale-Pea, Sarrikota Pea…
2 Izen-elkarteen eta postposizioen arteko aldeaz, ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014), Odriozola (2004)…
3 Ikus gai honetaz gehiago, gaian sakonduz atalean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "'hitzaurre' moduko elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3