Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1:6

'andregai' moduko elkarteak

Azpi-atal honetako mugakizunak ia-ia atzizkitzat ere hartu dituzte euskal gramatikariek (Azkuek, Lafittek edo Villasantek), hain dira ugariak horien bidez sortzen diren elkarteak. Aldi, adibidez, edozein aditzoinekin elkar dezakegu. Bide, buru, gai… ere izen eta aditzoin ugarirekin elkar ditzakegu. Elkarketaren eta eratorpenaren arteko mugan egotea dute ezaugarri Euskaltzaindiak azpi-atal honetan sailkatu zituen mugakizunek: aldi, bide, buru, gai, gizon, (g)une, jende, kide, (k)ume, lagun, orde.

Ezaugarriak

Zergatik sailkatu ditugu, baina, izen-elkarteen barruan? Egia da maiztasuna badela atzizki-izaeraren ezaugarrietako bat (atzizkiek, emankorrak badira behintzat, serie luzeagoak osatzen dituzte izen edo adjektibo elkartuetako mugakizunek baino). Baina, horren ondoan, beste bi ezaugarri dira erabakigarriak, nahiz, nahi bada, txanpon beraren bi aurpegi baino ez diren: kategoria lexikoa eta beregaintasuna. Atzizkiek ez dute kategoria gramatikalik, ez eta hiztegietan sarrerarik ere; hemen aztergai ditugun mugakizunak, aldiz, izenak dira; horrexegatik esaten dugu, hain zuzen ere, jaialdi, batzordeburu, apaizgai, lankide edo lehendakariorde izenak direla. Izen diren neurrian, bakarrik erabil daitezke, beregainak dira: aldi hartan, bi buru ditu batzorde honek… Nahiz, berehala esango dugunez, beregaintasun hori asko mugatzen duen mugakizun hauetako askoren esanahi ahulak. Azkenik, kategoria lexiko diren heinean, atzizkiak ez bezala, eratorrien oinarri izan daitezke: burutza, gaitasun, gaitu, kidetasun, kidetu…

Mota honetako izen-elkarteak osatzen dituzte mugakizunok:

  • Agintealdi, arnasaldi, astialdi, bakealdi, belaunaldi, bozaldi, deialdi, geroaldi, goibelaldi, hamabostaldi, jaialdi, zakarraldi, zinemaldi, zoroaldi; amets-bide, bake-bide, bekatu-bide, damubide, gogoeta-bide, hizpide, hobekuntza-bide, lanbide, solas-bide, soluziobide, transmisio-bide, zalantza-bide; atalburu, batzarburu, batzordeburu, epaimahaiburu, erredakzioburu, gobernuburu, mahaiburu, sailburu, sintagma-buru, zerbitzuburu; abadegai, andregai, auzigai, aztigai, burdingai, diputatu-gai, erregegai, gonagai, jakintza-gai, kontsumo-gai, otoitz-gai; armagizon, elizgizon, gerragizon, itsasgizon, legegizon, olagizon, plazagizon, kultur gizon; administrazio-gune, aldiune, argiune, auzune, babesgune, ingurune, isilgune, zokogune, ertzaingune, zerbitzugune; andre-jende, baserritar-jende, buruzagi-jende, erromes-jende, gazte-jende, irakasle-jende, langile-jende, ontzi-jende, plater-jende; aberkide, ardazkide, asmokide, baliokide, batzordekide, hoskide, lehiakide, mahaikide, solaskide; aingerukume, baserrikume, burgeskume, erregekume, eskolaume, kalekume, sasikume, zaldikume¸ bizilagun, neskalagun, bertso-lagun, biltzar-lagun, dantza-lagun, ehize-lagun, eskola-lagun, espos-lagun, irakasle-lagun; alabaorde, buruorde, dekanorde, errektoreorde, izenorde, lehendakariorde, sailburuorde, zuzendariorde…

  • Lanera joana nintzen hara, hain zuzen ere, gure Erkidegoko sailburu jaun baten esan beharrekoak entzutera. (Patri maitea, Etxeberria, H.)
  • Gurago dut guztiak telebistan berdin ikusi eta zein ote den imajinatu, asmatu, denak sasikume berdinak direla jakinda ere. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)
  • Ainbeste itsasgizon mantentzen diru asko gastatu bear izan zuten. (Donostia, Anabitarte)

Mugatzaileen kategoriari dagokionez, izenak dira ugarienak, bizidunak nahiz bizigabeak, ekintza eta gertaera izenak, eta abar; baina aurki ditzakegu adjektibo nahiz aditzointzat har ditzakegunak1 ere: erraz, estu, goibel, haserre, jator, on, umil, zabar, zoro… Beste batzuetan argiago dago mugatzailearen adjektibo kategoria, baina kontuan hartu behar da adjektibo hauek egoera predikatuak direla (ez izaki predikatuak2, Zabala 1993): haurdun(aldi), hits(aldi), isil(une), zakar(aldi)…

Mugakizunetako askok adiera bat baino gehiago dute; Euskaltzaindiaren Hiztegiari begiratu bat ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Baina horrek ez du esan nahi adiera guztiak direnik azpi-atal honetan sartzekoak. Buru izenak Euskaltzaindiaren Hiztegian dituen adieren artean, lehen adieretako mugakizunek (1. ‘gorputzaren goiko edo aurreko zatia’ edo 3. ‘burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartuta’) behi-esne moduko izen-elkarte arruntak osatuko dituzte, ‘jabegoa’ edo ‘osoa-zatia’ erlazio semantikoen pean aztertu ditugunen parekoak. Beste adiera batzuetako buru izenak, berriz, (‘muturra’, ‘buruzagia’ adieretakoak, adibidez) maiztasun handia du bigarren osagai gisa. Mugakizun askoren beste ezaugarri bat da semantikoki esanahi lausoa izatea; horrexegatik behar dute osagarria, esanahia zehaztuko duena. Alde honetatik goian ikusi ditugun ‘mota elkarteen’ edo ‘zati elkarteen’ pareko dira.

Atzizki-izaeratik gertu egoteagatik-edo, bi osagaiak elkarturik idazteko gomendioa eman zuen Euskaltzaindiak 25. arauan, Hitz elkartuen osaera eta idazkera.

1 Laburpen orokor bat emango dugu hemen. Mugakizun bakoitzak hartzen dituen mugatzaileei buruzko xehetasunez jabetzeko ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014)
2 Bereizketa argi ikusten da, adibidez, gaixo hartuta. Gaixo adjektiboak badu ‘eri’ adiera (egoera predikatua), eta baita ‘gajo, errukarri’ (izaki predikatua) adiera ere. Gaixoaldi elkartean lehen adiera hartzen da kontuan, ‘osasunik gabe egoten den aldia’; ez ‘errukarri edo gajo zaren aldia’.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "'andregai' moduko elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3