Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:1:1:7

Sumpsumtive elkarteak

San Joan lorea Bestelako ezaugarria dute azken azpi-multzo honetan sartuko ditugun izen-elkarteek: mugakizuna, mugatzailearen gain-multzoa da. Pinu-arbola edo porru-landare elkarteetan ‘pinua’ bada arbola, eta ‘porrua’ bada landarea. Beraz, mugakizunaren esanahia zabalagoa da, eta esanahi horrek hartzen du bere barruan mugatzailearena ere. Beste modu batera esanda, mugakizuna genus proximus eta mugatzailea differentia specifica izan ohi dira; hau da, ‘espezie-genero’ erlazioa dago bi osagaien artean. Horrek bereizten ditu gorago ikusi ditugun atributu elkarteetatik; ‘artziprestea pintorea da’ edo ‘osaba bertsolaria da’ gisa ulertzen ditugun artzipreste pintore eta osaba bertsolari elkarteetan, kalifikatu egiten du bigarren osagaiak lehena. Hemen aztergai ditugun elkarteetan, ostera, esan bezala, ‘espezie-genero’ erlazioa dago, mugakizunaren ‘barruan’ dago mugatzailea. Natur Zientzietako terminologian, landareak, animaliak, mineralak, etab. izendatzeko baliatzen dira sarri mota honetako izen-elkarteak, taxonomia egiteko, alegia.

  • abeto arbola, almitz belar, alzifre zuhaitz, arrosa lore, arto landare, lis-lore, lizar arbola, porru landare, udare arbola1, urritx perretxiko…
  • Lizar arbola plazen erdiyan bedinkatu ondorian, neska ta mutill koskor pilla bat laister dizkitzu gañian; emakume ta gizasemiak asko aiekin batian;[…] (Bizi bedi euskera, Sanchez, K.)
  • Intsektizidetaz arduratzen diren enpresek zein kakalardoarekiko immuneak diren arto-landare transgenikoak bilatzen dituzten laborategiek, interes ekonomiko argiak dituzte Diabrotica virgifera virgifera kakalardoaren zabalakundean. (Artoaren mamua, Eneko Salaberria, Gaiak saila, Berria)

Nolanahi ere, ezin esan daiteke sumpsumtibotzat hartu diren elkarte guztietan inklusio harremana dagoenik, mugatzailearen erreferentea mugakizunaren barruan dagoenik: armiarma-tximino, ezpata-arrain, ilargi-arrain, koral arrain, mailu-arrain, mihi-arrain, ortzadar boa izen-elkarteetan, ‘armiarma’ ez da ‘tximinoa’, ‘ezpata’ ez da ‘arraina’, ez eta ‘ilargia’ ere, etab. Bi izakiren arteko konparazioa dute oinarri elkarte horiek; espeziearen barruan azpi-espezieak egiteko mugakizunaren kolorea, itxura, forma, hartzen dira kontuan (Val Alvaro, 1999).

  • Cojimarreko badia oso leku atsegina zen, eta izaeraz mitozalea bainintzen, ez zitzaidan batere kostatu Hemingway hantxe bertan irudikatzea, mojitoak edaten eta argazkietarako jarria itsasoan harrapatzen zituen ezpata arrain handiak eskuetan. (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra I Fabra / Jon Muñoz)

Bestelako hurrenkera ere aurki daiteke batzuetan: amuarrain ortzadar, suge koral, perloi lira. Beste batzuetan, jatorria edo mugakizunaren bizilekua, habitat-a da mugatzaileak adierazten duena; horren arabera izendatzen da azpiespeziea: indi oilar, itsas antzara, itsas hartz, itsas oilar, itsas zapo, pinu perretxiko. Mugatzaile izen propioa duten elkarteak ere baditugu, hala nola, San Joan lore, San Joan sagar; santu izenak urteko garai jakin bat adierazten du hor, San Joan eguna, alegia. Garaia da azpiespeziea egiteko erabili den irizpidea (eta, horrexegatik, gorago erlazio semantikoak ikustean aipatu dugun ‘garaia’ erlazioaren azpian ere izan dezakete lekua).

Mugakizuna mugatzailearen gain-multzoa dela esan dugu, baina gain-multzo hori izan daiteke logiko-abstraktua ere, gauza, lan edo kontu mugakizun direnean: aberaste lan, ebaluazio-lan, erle gauza, gizarteratze lan, afari kontu, definizio kontu, elebitasun kontu, lege gauza, paper gauza…

  • Kontua da batzuk konpondu nahi dutela eta beste ba-tzuk ez direla ausartzen konpontzera. Ikuspegi horretatik gizarteratze lan handia egin behar da, baina pozik gaude, batez ere, adina zabaldu delako, eta gazteez ez ezik, aurrez aurreko zerbitzua jende helduaren artean asko zabaldu zelako. ( “Sexua ez dugu osasun bezala hartzen, baina gure osasun mentalaren eta fisikoaren zati bat da”, Noticias de Gipuzkoa)
  • Baizik eta herritarrak edozein zentro publikotara normaltasunez joatea eta aurrean duenak euskaraz dakien ala ez aintzat hartu behar gabe euskaraz hitz egin ahal izatea nahi da. Elebitasun kontu bat da. Ez da ez baztertzailea, ez eta sektarioa ere, baizik eta inklusiboa eta demokratikoa. ( Osoko bilkura, Sopelako udala)

Ez da hain erraz hemen espezie baten barruko azpi-espezieak bereiztea, esanahi zabal, abstraktuko mugakizunak dituzten egitura hauetan. Uler daitezke ‘kontua elebitasuna da’, ‘kontua afaria da’, ‘lana gizarteratzea’ da moduan. Baina bestelako harreman semantikoa ere ikus dezakegu mugatzailearen eta mugakizunaren artean; esaterako, ‘edukia’ edo ‘helburua’. Hitz batean, zalantza egin dezakegu mugakizun logiko-abstraktua duten elkarte hauek ez ote diren, besterik gabe, behi-esne motako izen-elkarte arruntak (Azkarate eta Perez Gaztelu, 2014: II.6.2.4)

1 Erraz uler daiteke ‘udareak ematen dituen arbola’, ‘ondorioa’ edo ‘emaitza’ erlazio semantikoaren adibidetzat.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sumpsumtive elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3