Leku-denborazko mugatzailea duten elkarteak aztertuko ditugu hemen: aitzin, albo, atze, aurre, azpi, barne, bazter, barne, behe, gain, gibel, goi, kanpo…
Ikus adibide batzuk:
Gorago ikusi ditugu leku-denborazko mugakizuna duten elkarteak, 'hitzaurre' motakoak. Osagarri-buru egitura dutela esan dugu (eta gaztelaniaz semantikoki buru diren aurrizkiak ordezkatzeko baliatzen ditugula: prehistoria/historiaurre, preguerra/gerra-aurre, posguerra/gerraoste…) Leku-denborazko izena mugatzaile duten elkarteetan, aldiz, modifikatzaile-buru erlazioa dugu: azpimarra ‘azpian jartzen dugun marra, azpiko marra’ da, gainsoldata soldata da, soldata gehigarria, gainkarga karga da, gehiegizko karga… Modifikatzaile balioa duten pre-, sobre-, sub-, supra-… aurrizkia daramaten izenei ordainak emateko sortu ditugu horrelako elkarte asko azken urteetan. Villasantek ere “algunas palabras que pueden servir de prefijos” izenburupean biltzen ditu aurre-, azpi-, gain-…
Emankortasunari dagokionez, mugatzaile batzuek (aurre, azpi, barne, behe, gain, goi) askoz izen-elkarte gehiagori ematen diote bide, beste batzuek baino (aitzin, albo, barru, barren, bazter, gibel).
Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik eman behar direla arautu zuen Euskaltzaindiak.
Euskaltzaindiak, Hitz-Elkarketa/4 lanean (1992), bi motatako egiturak sartu zituen mugatzaile berezia duten elkarteen artean:
Hala ere, kontuan izan behar da elkar izenordaina dela, eta kontra postposizioa; eta ildo horretan, [izenordaina+izena], [postposizioa+izena], ez dira izen elkartuak sortzeko egitura emankorrak. Bigarrena, contra- aurrizkia duten maileguak egokitzeko modua da: kontraeraso, kontrabaxu, kontrakantxa, kontraetsenplu… elkar izenordainak mugatzaile gisa elkarte batzuk sortu ditu, batzuetan con- erdal aurrizkia ordezkatzeko. Baina hitz elkartuetako osagaiak ez dira izenordain kategoriakoak izaten. Ikus ditzagun biak astiroago.
elkar mugatzailea izenordaina da kategoriari dagokionez, izenordain elkarkaria, hain zuzen ere. Ildo horretan, kontuan izan behar da izen, adjektibo, aditz edo adberbio kategoriako osagaiak direla hitz elkartuak eratzen dituztenak; ez izenordainak. Are gutxiago, dagokion kasu-marka edo postposizio-atzizkia eskatzen duen elkar: elkar ikusi, elkar maitatu, elkarrekin joan, elkarri eman…
Hala ere, guztiz onargarriak dira elkargune eta elkarbide izen elkartuak, mugatzailea, ezkerreko osagaia, elkar(tu) aditzoina izan daitekeelako horietan; hori horrela, elkargune eta elkarbide lehenago aztertu ditugun mugakizun bereziko izen-elkarteak dira.
Hala ere, azken urteetan hainbat izen sortu ditugu euskaraz, hain zuzen ere gaztelaniazko inter- eta con- aurrizkiei ordaina emateko. Horren adibide argia da, esaterako, elkarrekintza hitza. Hauxe dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak: “bi pertsonak edo gauzak elkarrekiko duten eragina”. Ik. interakzio. Edo elkarbizitza “elkarrekin bizitzea”. Ik. bizikidetasun. Baina aditzekin ere aurki dezakegu elkar, elkarbanatu, baita adjektiboekin ere, elkarneurgaitz, elkarneurgarri. Kategoria bateko baino gehiagoko mugakizunekin agertzeak aurrizkien ezaugarria dakarkigu gogora.
Kontra, berriz, adberbio kategoriakoa da, eta postposizio ere izan daiteke, aurretik genitiboa hartzen duela -en kontra, instrumentala, -z kontra, edo datiboa Iparraldean, -i kontra. Bada kontra egin aditz esapidea ere, kontrako izenlaguna (kontrako eztarritik joan) edo kontrakotasun izena. Badu, beraz, autonomia lexikoa. Goraxeago aipatu ditugun izenek, hala ere, pareko erdal ordainak dituzte, contra- aurrizkiaz osatuak. Hots, erdal aurrizkiei ordaina emateko sortuak dirudite:
lanaren aipamena nola egin...