Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:11

Hitz ihartuak

Bi modutako egiturak aztertuko ditugu ‘hitz-andana ihartu’etan1:

  • batetik ‘izen+adjektibo’ segidak: frantses porru, mutil zahar, udaberri…
  • bestetik, ‘izenlagun+izen’ segidak: erromako zubi, etxekoandre, aitonen seme…

Sintagma egiturak dira biak, ez dira egitura lexikoak, ez dira hitz-elkarteak. Izan ere, hitz-elkarketa definitzean esan dugu bi kategoria lexiko elkartzen ditugula beste kategoria lexiko bat sortzeko. Baina etxeko, Erromako edo aitonen ez dira kategoria lexikoak. Egiturari dagokionez, parekoak dira etxekoandre eta etxeko gela, Erromako zubi eta Erromako basilika. Gauza bera gertatzen da ‘izen+adjektibo’ egiturekin ere; sintagmak dira jatorriz, uda bero edo mutil gazte bezalaxe. Horrexegatik esan zaie ‘compuestos sintagmáticos’ edo ‘compuestos impropios’ ere (Perez Gaztelu et al., 2004); izenak berak argi adierazten du zalantzan jar daitekeela morfologian sortuak diren. Hala ere, izen elkartuekin zenbait ezaugarri partekatu arren, sintaxian dute jatorria. Zergatik aztertu, orduan, izen elkartuen artean? Sintaxian sorturiko egitura horiek ihartu eta izen moduan funtzionatzen dutelako.

Ihartasuna neurtzeko irizpideak

Hitz hauek zenbateraino dauden ihartuta neurtzeko, hainbat irizpide hartzen dira kontuan:

  • Izen moduan funtzionatu ahal izateko, jatorrizko sintagma horietako osagaiak iharturik geratzen dira, ezin dute, bakoitzak bere aldetik, modifikatzailerik hartu 2. Etxeko andre eta etxeko ate itxuraz parekoak izan arren, bigarrenak onartzen du etxeko hiru ate; ez, ordea, *etxeko hiru andre (ez, behintzat, ‘etxea zuzentzen duen emakumea, gehienetan familiako ama’ adieran). Argi ikusten da aldea beste perpaus honetan ere: herriko etxe guztiak erre ziren azken gerratean, Herriko Etxea izan ezik. Beste horrenbeste gertatzen da ‘izen+adjektibo’ egituretan: uda bero eta sargoria / *udaberri eta sargoria. Lehenengo adibidean koordina daitezke izenondoak baina ez bigarrengoan).
  • Hitz-andana ihartuen esanahia ere ez da konposizionala, hau da, ez da bi osagaien esanahien batura: aitonen seme, abelgorri, buztingorri, hitz neurtu, minbizi…
  • Bi osagaien amalgama morfologikoa (Gabon, abelgorri) edo fonologikoa ere gerta daiteke, eta hitz-andana ihartu hori azentu bakarraz ahoskatu.
  • Badira, azkenik, zeharo iharturiko formak: zipotz < ziri+motz, izotz < ihintz+hotz… Filologoak bakarrik jabetzen dira zein den hitz horien jatorria 3.

Bi egitura mota

Esan bezala, bi egitura-mota ditugu hitz-andana ihartu hauetan:

  • Izenlagun+izen (batzuetan izen+izenlagun) motakoak dira hauek: etxekoandre, herriko etxe, aita ponteko, aingeru goardako, Erromako zubi, aitonen seme, Gernikako arbola…
    • frantses arbia edo erremolatxa oso osasuntsua daAla egin zuan, eta aita-ponteko izateaz landara, erregalatu zion aurrari urre-pillo galanta. (Gabon zar bat eta beste ipui asko, Zabala, A. M.)
    • GOMENDIOZKO KARTA 1Ene iaun BERTRAND DE ECHAUS, Tursko Arzipizpiku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: Ordenako aitonen seme, eta erregeren Konseillari famatuari. (Guero, "Axular")
    • Aingeru, ta Santuak, zuek ere bai: ta nere Aingeru goardako adiskide, ta lagun betikoa, oriekin batean eskua indazu, ta lagun zadazu, Penitenziako Sakramentu au, ta gero Aldareko guziz Santua ondo artzeko presta nadin. (Kristabaren bizitza, Cardaberaz)
  • Gehienak, ordea, izen+izenondo (batzuetan izenondo+izen) egiturakoak dira: Abelgorri, ardanberri, bidezidor, buztingorri, eleberri, emagaldu (partizipio/adjektibo kategoriako bigarren osagaia duena), galtza motz, gaztanbera, gerra hotz, gosari txiki, hilbeltz, hitz neurtu, minbizi, mutil zahar, neska zahar, udaberri, umegorri, urrebizi, urregorri, urrezuri, Urte Berri, Urte Zahar, zorigaitz, zorion, zoritxar; frantses porru, frantses arbi, nafarreri, zehar haga…
    • Hori duk hitz egitea, mutil! Ni bezala betiko mutil-zahar gelditzeko asmotan beraz? (Yon lotsa-lotsa eginda) - Ta? (Oso irrikari) Etorri al haiz ba? Zer dio “amonak”? YON: Ondo. (Ezkondu ezin ziteken mutilla, Lizardi)
    • Jaikitzen ziran goizean goiz, iruterdietarako bai, lo aspertu bat egin gabe; joaten ziran, gosari txiki bat eginda, soroetara, intza zegoan bitartean, eguzkiak erten baño lenago, belar gaiztoak kentze, azkenengo artajorratze edo beste orrelako lanen batzuk aurreratzeko asmoan; (Garoa, Aguirre, D.)
  • Beste hizkuntza batzuetan ere badira halakoak; hain zuzen ere, beste hizkuntza batzuetako hitz-andana ihartuak hitzez hitz harturik osatu ditugu hor goiko galtza motz, gerra hotz, eta baita beste hauek ere: basati ona, Gurutze Gorria, Ostiral Santua, Pantera Beltzak, Etxe Zuria, Errege-erregina katolikoak, Estatu Batuak, Itsas Gorria, Ekialde Hurbila, Herbehereak, Lehen Ministro. Zaharragoak ere badira euskaraz: Testamentu zahar, Testamentu berri, txakurtxiki, txakurrandi… Egitura honetako izengoitiak ere ikusi ditugu.
  • Sintagma-egitura daukate zenbatzailea eta izena elkartuz osatutako beste izen hauek ere: bostortz, ehunzango, hamalauzango, hiruadar, hiruhortz, lauburu… Buru morfologikoa eta esanahia kanpoan dituztenez -‘bost hortz dituen tresna’, ‘lau buru dituen gurutzea edo ikurra’, etab.-, exozentrikotzat hartu dituzte gramatikari batzuek (Perez Gaztelu et al. 2004); Hitz-Elkarketa/3 lanean, berriz, bahuvrihi elkartetzat hartzen dira, duten adieragatik.
1 Elkartu hauetan sakontzeko, ikus Hitz Elkarketa 3 lana edo Perez Gaztelu et al. (2004)
2 Lexikalizazio bideez informazio gehiago eskuratzeko, ikus Contreras eta Suñer (2004)
3 Orain arte aztertu ditugun ereduen arabera sorturiko hitz elkartuak (morfologian sortu direnak) ere lexikaliza daitezke: oilarite, okin, harakin, zaldun, hazkura, hantuste… Ikus Hitz-Elkarketa/3: 183-185.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz ihartuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3