Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:5

Aditzoin + izen kategoriako elkarteak: jarleku

Hauek ere mendekotasunezko izen-elkarteak dira, baina, mugatzailearen, ezkerreko osagaiaren kategoriak bereizten ditu orain arte aztertu ditugun elkarteetatik1. Emankortasun handiko egitura da; ohikoak dira 'garaia' edo 'lekua' adiera duten mugakizunak, hala nola, egun, leku, toki:

  • abialeku, abiapuntu, agerleku, agertoial, aitorleku, agertoki, amiltoki, amil-leku, ariltoki, aztersaio, azterpuntu, biltoki, bildu-orri, bizigiro, bizkor-belar, borragoma, edanontzi, egonleku, ehomakina, elikatoki, eragin-indar, erakustoki, eraman-indar, eraso-leku, erne-indar, erne leku, erosi-txartel, erre-burdin, errebedar, esar leku, esertoki, etzan-leku, etzan-toki, ezkon-bidaia, ezkon-otordu, ezkon-urte, ezkon-egun, finkaleku, ezkonsari, gal-leku, garbileku, garbitoki, geldileku, geltoki, gertaleku, gorde-leku, haz-ama, haz-pentsione, helduleku, igi-ahalmen, hil-toki, hil-xede, ibil-leku, ibil-egun, idatz-hizkera , idazkola, idaz-makina, idaz-tankera, ihes-leku, ikas-ahalegin, ikasliburu, ikasordu, ikastoki, ikus-muga, irabaz-lege, irakur-lan, irar-huts, irarkola, irart-oker, iratzar-dei, irten-muga, itxarongela, itxi-garai, jaiotegun, jaioterri, jaioteuskalki, oroitarri, senda-indar, senda-etxe, sor-leku, sor-herriño, sorterri, zorrotzarri…
  • Noemi Moab-en bizi izan zan, Israel-era itzuli gabe, semeak ezkon-urtietara igo arteraño. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • Bainan zen bezalako auzilari tematsua izanez, tribunaletako paperek erakusten dute, Etxahun maiz ibiltzen zela jujetan, bere haurren ganik gero eta haz-pentsione joriagoak beharrez. (Euskal Literaturaz
  • […]irar-hut askoz Azpiazuk 1926ko Donestebeko Euskal Jaietan ezaguterazita. (I. Goikoetxea)
  • […]lau zango luzedun ehomakina ugarreztatu batek babesturik. (“Larraun”, Amuriza, X.)

Mugakizuna: aditzoina, izena ala izenondoa?

Egia da zalantza sor daitekeela mugakizuna aditzoin kategoria den ala izena nahiz izenondoa: aberats/aberas(tu), bazkari/bazkal(du), jolas/jolas(tu), kezka/kezka(tu)… Beste batzuetan izena eta aditzoina forma berekoak dira: argi, atseden, dantza, erantzun edo eraso. Baina adiera kontuan izanik, badirudi erraz egin daitekeela guztietan aditzoinaren aldeko irakurketa; edo, behintzat, esan daiteke ekintza edo jarduera baterako lekua, tokia, ordua, eguna, gela… ematen dutela aditzera izen-elkarte hauek. Beraz, orokortuz, esan dezakegu aditzoina edo jarduera-izena izango dela mugatzailea.

Ohikoak dira aditzoin kategoriako mugatzaileak: aldi, bide, gai, kide, une… moduko mugakizunekin (ikus gorago 'andregai' moduko elkarteak) bai eta modu, molde, mota mugakizunekin ere (ikus gorago mota elkarteak).

  • Aberaspide, adibide, agerbide, aginpide, argibide, aterabide, aurkibide, aurrerabide, azalpide, azterbide, baterabide, bilgune, bizigune, egiaztabide, egongune, erakusaldi, etsi-aldi, geldialdi, geldiune, higi aldi, ihes aldi, bizimodu, erran-molde, idatz-molde, ikusmolde, jokamolde, pentsamolde…

Erlazio semantikoa

Bi osagaien arteko erlazio semantiko ohikoena, esan berri dugunez, ‘xedea’, ‘zertarakoa’ da. Baina ez da bakarra: ezkonsari ‘ezkontzean ematen den sari’ moduan uler daiteke, (eta ez ‘ezkontzeko sari’); jaiotegun ‘norbait jaio den eguna’, ezkon-bidaia ‘ezkontzean egiten den bidaia’, etab. Adiera bat baino gehiago ere har dezakete elkarte hauetako batzuek; hiltoki bada ‘hil(dako)en tokia’, bana baita ‘animaliak hiltzen dituzten tokia’ ere.

Lehen osagaia aditzoina, argumentu-egitura duena izan arren, gehienetan argumentu horiek ez dira azaleratzen. Ikasliburu elkartean, adibidez, ez da ageri nork ikasten duen edo zer ikasten duen. Eta hala gertatzen da gainerako adibide gehien-gehienetan ere. Dena den, aditzoinaren objektua, barne-argumentua, gauza daiteke izenlagunaren bidez: altzarietarako gordelekua nahiz bi osagaitik gorako izen elkartuan, altzari-gordeleku edo (Perez Gaztelu et al., 2004). Azken adibide horrek erakusten digu [aditzoin+izen] egiturako elkarte hauek izan daitezkeela beste elkarte bateko mugatzaile nahiz mugakizun, edo dvandva elkarte bateko osagai, berrelkarketari bide emanez: banakola-leiho zulo, egur-errauts, euskal hitz jostaldi, hitz-eratorpide, jostorratzontzi, kristau-ikasbide, sorgin-biltoki; jostorratz-hariak, sortalde, sartaldeak… Gorago aztertu ditugun multzo elkarteetako mugakizunekin ere aurki ditzakegu, izenondo batez lagundurik: ezkongai gazte pilo, jesarleku txiki pilo.

Idazkera

Idazkerari dagokionez, gehienetan elkarturik aurkituko ditugu bi osagaiak, edo, bestela, marratxoz loturik.

1 Ikus Euskaltzaindia (1991: 63-74), Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzoin + izen kategoriako elkarteak: jarleku", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3