Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:6:1

'lo falta' sailekoak

‘gabezia, eza’ adierazten duten elkarteak bildu zituen Euskaltzaindiak (1992) azpisail berean, adieraz gain beste ezaugarri bat dutenak, ‘osagarri-buru’ egitura, alegia; hau da, falta eta gabe, biek eskatzen dute osagarria. Baina elkartearen kategoria kontuan hartuz, batzuk izen-elkarteak dira, izen+falta motakoak; besteak, izenondoak, izen+gabe egiturakoak.

  • izen + falta > izen elkarteak
  • izen + gabe > izenondo elkarteak

Hemen, beraz, izen kategoriakoez arituko gara, falta izena mugakizun dutenez. Izen horrek dituen adieretatik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ematen dion 3. adiera, ‘gabezia, eza’ aurkituko dugu horrelako elkarteetan. Izen horren osagarria bi modutara ager daiteke, zeren izenlagun gisa edo izen elkartu bateko lehen osagai gisa: adierazpen askatasunaren falta / kontzientzia falta.

Bestalde, hurrengo puntuan aztertuko ditugun Asmo elkarteetan bezala, hemen ere mugakizunak izan aditza harturik, aditz-egitura osa dezake: falta izan. Adibide ugari aurkituko ditugu bai literatura-tradizioan eta bai gaurko testuetan ere: batasun falta, borobiltasun falta, dokumentazio falta, egur falta, estilo falta, garapen falta, harreman falta, lo falta, kontzientzia falta, praktika falta…

Aurretik aditz partizipioa nahiz aditz-sintagma ere ager daiteke, baina, halakoetan mugakizunak -z postposizio-atzizkia hartzen du: ez jakin faltaz, adinetara heldu faltaz, eskuaraz izkiriatu faltaz, arta hori izan faltaz

Oso egitura emankorra da, eta bi osagaiak bereiz idazten dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "'lo falta' sailekoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3