Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:6:2

Asmo elkarteak

Asmo, behar, gogo, gura, nahi, beldur, larri, min1, egarri, gose, uste izenak mugakizun dituzten elkarteak aztertuko ditugu atal honetan.

Zerbaitetarako asmoa adierazten

Asmo-elkarte esan zien Euskaltzaindiak (1992) ‘zerbaitetarako asmoa, gogoa, joera…’ adierazten dutelako (eta hemen sartu zituen zale mugakizun dutenak ere, izenondo-elkarteetan ikusiko ditugunak). Artiagoitiak (2011) osagarria eskatzen duten erlaziozko izenen artean bereizten dituen bost motetatik, izen abstraktuak dira, oro har, hemen aztergai ditugunak. Mugakizun horietatik batzuk, predikatu gisa erabil ditzakegu izan aditzarekin (beldur izan, egarri izan, gose izan); beste batzuek -behar, nahi, gura, uste- aditza osa dezakete izan (*edun) laguntzailearekin: behar izan, nahi izan, gura izan, uste izan, eta beste aditzen ondoan ere ager daitezke aditz modal gisa: etorri behar dut, nahi dut, gura dut. Mugatzailea izen kategoriakoa denean, ‘zeren’ nahia, beharra, gura, egarria, gosea… adieraziko du; hots, mugakizunaren osagarria izango da:

  • barregura, bizigura, esangura, ezkongura, handikigura, jolasgura, senargura; batasun-nahi, bizi-nahi, borroka-nahi, onginahi, zorion-nahi; aginte-gose, diru-gose, espantu-gose, Jainko-gose, jakin-gose, jan-gose, zuzen-gose; diru-egarri, egia-egarri, fama-egarri; afari-min, ele-min, etxemin, listu-min, maitemin, ohemin; batasun asmo, diru behar, herio behar, berriketa-gogo; andre-beldur, egia-beldur; amorru-asmo, batasun-asmo; noble-uste, ogi-uste…

Handi izenondoa dute mugatzaile handinahi, handimin, elkarteek. Uste mugakizunak erraz onartzen du adjektibo kategoriako mugatzailea: eder-uste, handi-uste/hantuste, on-uste, zintzo-uste…

  • Gure artzain on-uste osoduna. (Egunekoa, "Kirikiño")

Gora, behera aditzondoak ere ager daitezke mugakizun hauetako batzuen ezkerrean: behera behar, gora nahi, gora behar. Mota honetako izen batzuk nahiko ihartuak daude eta gauko hiztun askok ez dute mugatzailea eta mugakizuna bereizten jakingo: azkura.

Ezkerreko osagaia: aditz partizipioa edo aditz lokuzioa

Ezkerreko osagaia aditz partizipioa (batzuetan aditzoina ere bai), edo aditz-lokuzioa ere izan daiteke:

  • alda nahi, apurtu-min, atera-nahi, atsegin hartu nahi, aukeratu behar, bizi behar, egin-nahi, erdi behar, erantzun behar, esanahi, ezkongura, hil-beldur, hilgura, jakingura, jakin-gose, jakin-min, joan nahi…

  • Behin behintzat, besterik ez bada, gure alda-nahiak aurkitu du non ase. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Joan zen ijit-artera, naimen edo borondate oso-osoarekin: ta egondu zen an zenbait urtez; ta egondu bazen ere anitz nekeren artean, egondu zen nekerik ekusi ezpalu bezala, ta atera-nai bat erakusten etzuela. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Bizi bearrak agintzen dik emen, eta zentzuz jokatu bearra zegok.(Lur berri billa, Etxaniz, N.)
  • […]nola alabaña ez da debekatua izango gauza baten gura, edo egiñ-naia, egitea gaiztoa bada? (Eracusaldiac, Aguirre, J. B.)
  • Erdi bearra…, erditu bearra… Orra zein izurrik io gaituan, gorapen xuxpergarri alek dirala bide. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)

‘partizipioa + beharra dago’ egituran, berriz (adierazi beharra dago, esan beharra dago, etab.), formalki behar mugatzailearekin azaldu arren, balioan ez du alde handirik ‘partizipio + behar da’ aditz egiturarekin. Beste horrenbeste esan daiteke Euskal Herritik kanpora bizi beharra du eta antzeko egiturez. -z, -n postposizio-atzizkiak ere har ditzakete: hil beldurrez, erori beldurrez, (bere izen ona) garbi-beharrez, ito beharrez, iraungi ustean, han eta hemen eranskin batzuk egin asmotan, apaingarriz edo osagarriz hornitu asmotan… Horrelako egiturak eredu hartuta, batez ere ‘partizipioa + asmotan’ moldea, hedatu da ‘partizipioa + asmoz’, literaturan tradiziorik ez duena. Euskaltzaindiak, horren ordez -tzeko asmoz arautu zuen batasunerako:

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: erabil bitez egiteko asmoz, joateko asmoz, eztabaidatzeko asmoz, e.a., tradizioa duten egiturez baliatuz, eta ez *joan asmoz, *egin asmoz, *eztabaidatu asmoz. (Euskaltzaindiaren 41. araua, Egiteko asmoz).

Lehen osagaia, aditz sintagma

Aditz sintagma ere izan daiteke lehen osagai: Ameriketara joan-behar hori, aurrera sartu nahia, edari mingots hori edan-beharra, gaitzari bideak ebaki beharra, jokabide bateratu batetara bultzatu beharra, ogia ikusi nahia, oro jakin nahi, santu izan nahi…

Esan daiteke aurretik partizipioa zein aditz-sintagma osoagoa daramatenean, bi modutako jokabidea erakusten dutela behar, gura eta nahi-k: izen balioa gorde dezakete eta izen sintagma osatu: garaiz iritsi beharrak bultzatu nau autoa hartzera edo *edun laguntzailea hartu eta aditz modal gisa jokatu: garaiz iritsi beharko dut kanpoan utz ez nazaten. Beraz, lexikoaren eta sintaxiaren arteko eremukoak dira egitura hauek.

Partzipioa + 'nahi'

Ondoko adibideek, bestalde, erakusten dute ‘partizipio + nahi’ egiturek adjektibo balioa ere har dezaketela:

Nahia, adibide horietan, ‘nahi duena’ren baliokide da.

Mugakizun abstraktuko elkarteak

Bestalde, predikatu-sintagma balioan ere ageri zaizkigu mugakizun abstraktua duten elkarte hauek:

  • Ez izan noski egi-beldur ta bai osoki gizon, euskalegiaren argia barnean izetu zizunez gero, egiaren ondorenik ondarrena ere egi-ta bide zuzen beraz-zitekelakoa oartuz, egin-aal giñoan yo zizun yo bekoki zabalez bide ortan gora. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Bainan gazte dena jostagura baita beti, xixtako zonbait igortzen zituen artetik Maritxu Sariber-eri edo Piarres Duhour-i. (Mendekoste gereziak eta beste, Xarriton, P.)
  • Alta ez ziren ez espantu gose.
    Eta gogoan aharrabide.
    Frantziak altxatu zituelarik.
    Eta Alemaniara igorri. (Presuner ohiak, Erdozaintzi-Etxart)
  • Erritarrak oiuak ditute gorago; leitzarrak ez ditugu berriketa-gogo. ("Euskaldunak", "Orixe")

Berrelkarketa

Berrelkarketa adibideak ere baditugu: barru-ikara gose, handimin-hazi.

Eta izen-elkarte hauek eratorpeneko oinarri ere izan daitezke: handinahikeria, txixaguratu, handi-usteko, zintzo-usteko, jakin-nahiko, on-uste osodun…

  • Napoleon, iñoiz Europa guziko edo geieneko nagusi arroa, mugatu eziñeko aundinaikeriak eraginda, amilperik sakonenaren ertzeraño labaindu zen. (Joanak joan, Etxaide, J.)
  • Nexka petral orrek, zenbait neskatxa zintzo-usteko jantziko lituzke. (Lur berri billa, Etxaniz, N.)

jangale

Nahi edo gura izenen pareko da gale, gaur bakarrik erabiltzen ez dena, besteek bezala izena, aditz partizipioa edo aditz-sintagma ezkerrean har dezakeena (baita aditzondoa ere goragale elkartean): jolasgale, logale, negargale, jangale…

Izen balioko larri dute mugakizun beste elkarte hauek: jakinlarri, kakalarri, txixalarri…

1 'gogo' adierakoa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Asmo elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3