Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:7

Izen elkarte sintetikoak

Aditzetik eratorritako mugakizuna duten elkarteak izendatzeko erabili da ‘sintetiko’ deitura, beste hainbat hizkuntzatako elkarteak aztertzean ere aurkituko duguna. Hortaz, eratorpenean aztertu ditugun -le, -tzaile, -gailu, -garri, -ki, -era, -keta, -kuntza, -pen, edo -tze atzizki izen-sortzaileak ikusiko ditugu eskuineko osagaian. Elkarte sintetikoak ez dira, bestalde, izen-kategoriakoak bakarrik, baditugulako aditzoina oinarri harturik, izenondoak edo aditzondoak sortzen dituzten atzizkiak ere, hala nola -garri edo -ka. Hau da, hemen izen-elkarte sintetikoak aztertuko ditugun arren, aurrerago adjektibo-elkarte sintetikoez eta adberbio-elkarte sintetikoez ere jardungo dugu.

Izen-elkarte sintetikoen ezaugarriak

Igeldoko meteorologia zentroan euri-neurgailu bat dago Morfologikoki duten ezaugarriaz gain -aditzoinetik eratorririko mugakizuna izatea, alegia-, elkarte sintetikoek badituzte bestelako ezaugarriak ere esanahiari begiratzen badiogu. Izan ere, kale-garbitzaile elkartean ez da zalantzarik bi osagaiak, mugatzailea eta mugakizuna, zein diren: kale + garbitzaile; berdin gertatzen da euri-neurgailu izen-elkartean ere. Izen horien adierak, ostera, [kalea(k) garbitu] + -tzaile eta [euria neurtu] + gailu egiturak iradokitzen dizkigute, hurrenez hurren; hau da, ‘kaleak garbitu’ ekintza egiten duen pertsona, ‘euria neurtu’ egiten duen aparatua. Baina badakigu euskaraz ez dugula ez *kale-garbitu eta ez *euri-neurtu aditzik. Beste hitz batzuetan esanda, parte-hartzaile bada parte har(tu) + -tzaile, baina kale-garbitzaile ez da *kale-garbi(tu) + -tzaile, edo euri-neurgailu, euri-neurtu + -gailu. Ingelesez ‘ bracketing paradoxes’ terminoa erabili dute morfologiaren eta esanahiaren arteko bat ez etortze hori adierazteko.

Mugakizunek osagarria hartzen dute

Mugakizunak, bestalde, aditzetik eratorriak diren heinean, osagarria hartzen duten elementuak dira; hots, bi osagaien arteko erlazioa osagarri-buru motakoa da (Artiagoitia, 2011). Ezkerreko osagaia, mugatzailea, aditzoinaren barne-argumentuari dagokio. Antzeko erlazioa dago, azken batean, oinarriaren eta -dun, -gin, edo -gile atzizkien artean ere (dirudun, etxegile, okin, talogile). Horregatik sailkatu zituen Euskaltzaindiak (1992) izen-elkarte sintetikoen artean aipatu berri ditugun adibideak (eta horien parekoak). Nolanahi ere, eratorpenaren eta hitz-elkarketaren arteko bereizgarriak zein diren aztertzean esan dugu osagaien beregaintasuna dela hitz-elkarketaren ezaugarririk nabarmenetakoa. Eta, jatorria jatorri, euskaraz aspaldian ez ditugu izen beregain gisa erabiltzen -gin edo -gile.

Atzizkiak aztertzean, izen bizidunak sortzen dituzten atzizkiak bereizi ditugu, batetik, eta horien artean sartu ditugu -le, -tzaile. Bestetik, ‘gertaera-, egoera- edo ondorio-izenen sortzaileak’, -era, -kera, -keta, -kuntza, etab. Horren arabera, bi azpimultzo egingo ditugu izen-elkarte sintetikoetan ere:

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen elkarte sintetikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3