Ugariak dira euskaraz [izena + iz[aditzoina + -le/-tzaile]iz] nahiz [izena + iz[aditzoina + -gailu, -garri, -ki]iz] egiturako elkarteak, bai literatura-tradiziokoak eta bai azken urteetan sortuak ere. Eredu emankorra da, beraz, euskaraz, adibidez, lanbide-izenak, objektu- eta aparatu-izenak edo beste modu bateko terminoak sortzeko:
Eratorpenari eskainitako partean, -le/-tzaile atzizkiak aztertzean esan dugu atzizki horrek aditzoinaren kanpo-argumentua ('egilea' zein 'jasailea') xurgatzen duela, eta barne-argumentua izen-elkarteko lehen osagai gisa gauza daitekeela. Horixe da, hain zuzen, goiko izen-elkarteetan ikus dezakeguna. Aterki, bertso, bide, bizi, boto, diru, esne… mugatzaileek dagokion aditzoinaren (sal, bil, erakus, eman, jaso, sal, hurrenez hurren) barne-argumentua adierazten dute.
Bestalde, ohikoena ez izan arren, ikusi dugu -ari atzizkia ere erants dakiokeela aditzonari (gudukari, mailukari, mokokari, muturkari, zaunkari…). Beraz, ez da harritzekoa behor-gidari, bulego-zaindari, erbi-ehiztari, film-kritikari, ontzi-gidari moduko elkarteak aurkitzea; horietan ere, barne-argumentua adierazten du ezkerreko osagaiak.
Egile elkarte-sintetikotzat har daitezke, halaber, zain bigarren osagai dutenak eta, literatura tradizioko adibide ugariez gain, azken urteetan lanbide bateko edo besteko pertsonak izendatzeko baliatu ditugunak:
Egia da gehienetan bigarren osagai gisa ageri dela zain (eta alde horretatik aldi, bide, gai, une, eta abarren pareko da. Ikus 'andregai' moduko elkarteak); baina gaur gutxi erabiltzen dela esan arren, sarrera eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak, izen kategoriakoa dela esanaz. Badu, beraz, beregaintasuna. Horregatik sartu dugu izen-elkarteetan, zinemaldi, erredakzioburu, babesgune, errektoreorde, etab. bezalaxe.
Hemen sar daitezke -gailu, -garri edo -ki atzizkiaz eratorritako izenak mugakizun dituztenak ere. Eratorpenean esan bezala, atzizki hauek ‘baliabidea, tresna’ adiera ematen diote sortzen den izenari eta, aldi berean, badakigu ‘baliabidea’ adieraz daitekeela -z (edo -kin) postposizio-sintagma baten bidez, baina baita sintagma ergatiboaren bidez ere: ‘objektu horrek beroa neurtzen du’, ‘aparatu horrek boza goratzen du’, ‘aparatu horrek euria neurtzen du’ / ‘objektu horrekin, horren bidez grapak kentzen ditugu’, ‘aparatu horren bidez (horrekin) kilometroak kontatzen ditugu’…, etab. Berriro ere, aditzoinaren barne-argumentua adierazten du ezkerreko osagaiak, mugatzaileak:
lanaren aipamena nola egin...