Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:7:2

ekintza-elkarte sintetikoak

Atal honetan 'ekintza' adierazten duten mugakizuna duten elkarteak aztertuko ditugu.

gertaera-ekintza vs emaitza-ondorioa

San Martin egunez herri askotan egiten da 'txerri boda' edo txerri hiltzea ‘gertaera, ekintza’ adierako mugakizunak dituzten izen-elkarteei esan zien Euskaltzaindiak ‘ekintza elkarte sintetiko’. Eratorpenean ikusi dugu -dura, -era, -keta, -kuntza, -pen atzizkiek, aditzoinari erantsirik, sortzen dituzten izenek ‘gertaera’, ‘ekintza’ adieraz dezaketela, baina baita ‘emaitza’, ‘ondorioa’ ere.

‘Gertaera’ izenek bakarrik bidera dezakete, ordea, osagarri-buru erlazioa, ez ‘ondorio’ izenek. Hau da, erosketa izan daiteke ‘erostea’, nahiz ‘erosi d(ir)ena(k)’; lehena da ‘gertaera’, ‘ekintza’ adierakoa, ez bigarrena. Lehen adierakoa da, beraz, liburu-erosketa izen-elkarteko mugakizuna; eta liburu mugatzailea, ekintza horretan ‘zer’ erosi den adierazten duena. Eratorpenari eskainitako atalean aztertu dugu zer motatako aditzoinei eransten zaien, batez ere, atzizki bakoitza. Batzuek da motako oinarria hartzen dute; beste batzuek, ostera, du edo da/du motakoa. Kasu guztietan, osagarriak, ezkerreko osagaiak, barne-argumentua biltzen du.

Aldea honetan datza, da motako aditzetan, argumentu hori subjektu gisa agertuko da sintaxian; du motako aditzetan, berriz, objektu gisa. Aldatu, amaitu, hasi, sartu… da motakoak izanik, beheko izen-elkarteak honela ulertuko ditugu: ‘ikastaroa amaitu’, ‘demografia aldatu’, ‘gizarte aldatu’, mende hasi’, nobizioa(k) sartu’… Beste askotan, ordea, ‘norbaitek adarra jo, bertsoak paratu, botoa eman, denbora galdu, hazia erein, lana utzi, adimena aztertu, bidea aldatu, datuak bildu, jantzia(k) garbitu, hitzak josi, txostena(k) prestatu, berria(k) laburtu, erlijioa irakatsi, etxea(k) eraiki, industria irauli, lana eskaini, ura kutsatu’, etab. gisa ulertzen ditugu.

  • -tze:
    • Adar-jotze, auzi-garbitze, behi-umatze, bertso-paratze, boto-emate, denbora-galtze, giro-berotze, gogo-galtze, hazi-ereite, indar-neurtze, lan-uzte, odol-isurtze, oroimen-galtze, patata-zuritze, pauso-kontatze, prezio-altxatze, soineko-urratze, txerri-hiltze, zikiro-jate…
  • -keta:
    • adimen-azterketa, ardi-lapurreta, bide-aldaketa, datu-bilketa, demografia-aldaketa, diru-bilketa, emaitza-bilketa, gizarte-aldaketa, jantzi-garbiketa, maiztasun-azterketa, olerki-sariketa, sari-banaketa…
  • -era:
    • ikastaro-amaiera, hitz-joskera, jatordu-amaiera, mende-hasiera, nobizio-sarrera, txosten-prestaera…
  • -pen:
    • berri-laburpen, diru-ugalpen, fede-ukapen…
  • -kuntza:
    • erlijio irakaskuntza, etxe eraikuntza, pedagogoia berrikuntza, teknologia ikaskuntza…
  • -tza:
    • industria iraultza, lan-eskaintza, odol-eskaintza…
  • -dura:
    • ur-kutsadura…
  • Nik lau urte nituen lanean, haren aita - ez izeba, ez izeba-ondo -, semearen adar jotze luzeaz nardaturik, hilabete-sarien emariari giltza ematera deliberatu zenean. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Lan eskaintza bat irakurri zuen egunkarian. (Skyroom, Etxeberri, R.)

Gerta daiteke atzizki berezirik ez izatea ‘gertaera, ekintza’ adierako izenak (ikus eratorpenean aipatu dugun zero atzizkia, oraingoz); baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak argi erakusten du horixe dela, hain zuzen, izen hauen adiera (edo adieretako bat, behintzat): jorra ‘jorratzea’, erakutsi (izen kategoriakoa) ‘erakustea’, eske ‘eskaria, eskatzea’, jan (izen kategoriakoa) ‘jatea’, ehiza ‘animaliak harrapatzea edo hiltzea helburu duen jarduera’… Mota honetakoak dira ondoko izen-elkarteak: artajorra, barkamen-eskea, behaztopa, diru-eske(a), egun-pasa, eskuerakutsi, ezkontza-eskea, gau-pasa, hitz-etorri, hitz-jario, muxar-ehiza, txuleta-jan edo uso-pasa.

  • Gerriko minaren aitzakiak uxatu beharko ziren artajorra abiatzean. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Zoriontsuaren bizia programatutako gau-pasa baten tankerako bizi-pasa bat da, eta programatutakoa nolazpait gertatua dago. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)

Berrelkarketa

Berrelkarketaren adibide dira honako izen-elkarteak: ardo- eta kafe-saltzaile, ate eta jantzi-kutxa apurtzaile, txistu- eta danbolin-jotzaile, ile- eta bizar-moztaile, paper-langile ugaltze, toki-izen bilatzaile, zurgin-lantegi garbiketa… Horietan mugatzailea da, aldi berean, izen-elkartea. Beste hauetan, berriz, mugakizuna (nahiz oso urriak izan horrelako adibideak): barku betetze eta hustutze, begi itxi-ireki, abere-salerosle…

Idazkera

Idazkerari dagokionez, marrarekin zein bereiz idatz daitezke elkarte sintetikoetako osagaiak. Hala ere, bereiz idatziz gero, zalantza sor daiteke batzuetan nola ulertu behar den begien aurrean dugun elkartea, izen-elkarte sintetikotzat ala atributu elkartetzat; intsektu hilgarri, esaterako, izan daiteke ‘norbait hiltzeko ahalmena duen intsektua’ (ziztada da hilgarria), baina izan daiteke ‘intsektuak hiltzeko substantzia edo gaia’. Nahasketarik sor ez dadin, atributu elkartearen irakurketa duena bereiz idaztea gomendatzen da, eta elkarte sintetikoa, aldiz, marratxoz: intsektu hilgarri / intsektu-hilgarri (bide beretik molekula hartzaile / molekula-hartzaile, etab.). Zain bigarren osagai dutenak, aldiz, elkarturik ematen dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ekintza-elkarte sintetikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3