Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:8

Aposizio elkarteak

Osagaietako bat aposizioa duten hitz elkarteak aztertuko ditugu atal honetan.

Bi motatako aposizioak

Bi motatako aposizioak bereizi izan dira gramatiketan euskaraz1:

  • aposizio esplikatiboak → aurrekoari buruz azalpen gehigarria ematen dutenak
  • aposizio murriztaileak → aurretik aipatutakoa mugatzen dutenak

Aizkorri da Gipuzkoako mendirik garaiena Aposizio esplikatiboak dira hauek: Gasteizen, Euskadiko hiriburuan, taberna gehiegi dago; Pellok, atzo aipatu nizun lagunak, andregaia utzi egin du. Erreferentzia bera duten bi sintagma ezartzen ditugu bata bestearen ondoan (ikus Aposizioa zer den). Mota berekoak dira beste hauek ere Druso neure aita, Axular Sarako erretora; horietan ere erreferentzia bera dute Druso izen propioak eta neure aita sintagmak zein Axular eta Sarako erretora osagaiek2.

Beste batzuetan, berriz, aposizioan doan izenak zehaztu egiten du ondokoa. Horixe egiten dute izen propioek, objektu, leku, pertsona… baten erreferentzia zehaztu, sailkatu: Itziar andereñoa, Gipuzkoa plaza, Arrantzaleak taberna..; predikazio-erlazioa inklusiboa da aposizio mota honetan, izen propioak adierazten duen objektua edo pertsona izen arruntak adierazten duen klase edo motaren barruan geratzen baita. Batzuetan utz daiteke isilean izen arrunta; Aizkorrira igo gara esan daiteke, Aizkorri mendira igo gara esan beharrik gabe. Aposizio elkarte hauek, beraz, zerbait bakarra adierazten dute, eta horretan bereizten dira landare, animalia, mineral, eta abarren barruan taxonomia, sailkapena egiteko baliatzen ditugun sumpsumtive motako elkarteetatik.

Aposizio elkarte motak

Osagaien kategoria kontuan harturik, konbinazio hauek aurkituko ditugu aposizio elkarteetan:

  • izen propioa + izen arrunt bizigabea
  • izen arrunta + izen arrunta
  • izen propioa + izen arrunt biziduna / izen arrunt biziduna + izen propioa
  • jaun/andre osagai dutenak

Izen propioa + izen arrunt bizigabea

Leku-izenak (mendi, ibai, itsaso… izenak), kale-izenak, eraikuntza-izenak, ikastegi eta merkatari-etxeak, komunikabide-izenak, kultura-ekoizpenak, elkarte-eta erakunde-izenak, jaiegunen izenak, arlo tekniko-esperimentaleko izenak eratzen ditugu izen propioa eta izen arrunt bizigabea aposizioan jarriz:

  • Titanic bidaiontzia 1912an hondoratu zenAltzarrate baserria, Anitz loradenda, Aralar mendia, Arriaga antzokia, Auspoa liburutegia, Axular liburudenda, Auñamendi argitaldaria, Balear irlak, Bidasoa ibaia, Celsius eskala, Dato kalea, Eiffel dorrea, Garibai kalea, Garoa eleberria, Genio y Lengua saiakera, Gerediaga elkartea, Golgi aparatua, Insalus ura, Iraurgi ikastetxea, Joule efektua, Jumay sumendia, Kanin penintsula, Kelvin tenperatura, Magallaes itsasartea, Maria Cristina hotela, Mari Galant karabela, Muga ardoa, Nobel saria, Repsol konpainia, San Inazio eguna, San Juan jaiak, San Martin auzoa, Titanic bidaiontzia, Unesco erakundea, Uriarte jauregia, Urruzuno lehiaketa, Usandizaga institutua, Zumalakarregi parkea…

Perpaus oso bat ere bihur daiteke deitura, que sais-je argitaletxea, the cultural background of personality liburua, eta abar. Horrelako egiturek artikulua eskatzen dute beti, eta hurrenkera ere [izen propioa + izen arrunta] izaten da; beraz, San Migel gozotegia, Aloña jatetxea, eta ez *Aloña jatetxe, *gozotegi San Migel. Bestalde, zenbaitetan izen propioak -ko edo -en atzizkia ere har dezake: Garaziko herria, Antso Jakitunaren hiribidea. Batez ere izen propioa pertsona deitura denean (askotan ikertzailearen izena) gertatzen dira horrelako zalantzak: Magallanes-en estua, Gibbs-en printzipioa, Ampere-ren legea, Coulomb-en legea, Helmotz-en energia, Joule-ren esperimentua / Joule efektua, Beaufort eskala, Celsius eskala, Geiger kontagailua, Helmotz energia, Winkler metodoa, Golgi aparatua, Leydig zelula… Inguruko hizkuntzetan ere erraz aurkituko ditugu horrelako bitasunak.

Izen arrunta + izen arrunta

Izen arrunta ere erabil daiteke eskuineko izenak adierazten duen multzotik bakarra bereizteko; hau da, ondoko izen arruntaren deitura gisa. Testu teknikoetan ere aurki daitezke mota honetako aposizioak. Letrek eta sinboloek ere bete dezakete funtzio hori:

  • Analfabeto hitza, “apartheid” politika, borroka hitza, “cuarta” gaitzizena, “ghetto” espiritua, katoliko izena, kultura hitza, “politika” hitza, “marxismo” hitza, sozialista izena; Feed-back mekanismoa, Geotematika hitza, deriba-teoria, solido zurrun kontzeptua; A puntua, B eta C behatokiak, X izpia, D bitamina, f zenbakia, A multzoa, K aldagaia…

Izen propioa + izen arrunt biziduna / izen arrunt biziduna + izen propioa

Gehienetan izen arruntak pertsonaren lanbidea, gizartean duen maila, edo ahaidetasuna adierazten du:

  • Barrueta tabernaria, Elizalde apaiza, Elosu medikua, Esaias profeta, J. Hurron geologoa, Jean Etxepare mirikua, Jeremias profeta, Jonas profeta, Jose Mari Lertxundi bertsolaria, Juan Huarte idazlea, Koldo Mitxelena irakaslea, Moris ertzainburua, Nabukodonosor erregea, Oseas profeta, Rodrigo artzaina, San Lukas ebanjelista, Simbad marinela, Zabaleta anaiak, Zubillaga adiskidea…

Osagaien hurrenkerari dagokionez, izen propioa bigarren posizioan ere aurki daiteke literatura-tradizioan. Batez ere ahaidetasuna adierazten duten izen arruntekin baliatzen dugu hurrenkera hori. Gainerakoetan, izen [propioa + izen arrunta] hurrenkera hobetsi da estandarrean:

  • adiskide Aitzol, aita Salbatore Mitxelena, aita santu Gregorio hamargarrena, anai Faustino, arreba Begoña, emazte Klara, errege David, iloba Endrike…

'jaun/andre' osagai dutenak

Izen propioa eta izen arrunt biziduna biltzen dituen aposizio-elkartearen kasu berezitzat hartu izan da egitura hau, izen arrunta begirunezko deitura edo antzeko zerbait delakoan. Baina jaun eta andre ez ditugu izen propioen ondoan bakarrik erabiltzen, baita pertsona batek gizartean zer estatus duen adierazten duten izen arruntekin ere:

  • abade jauna, alkate jauna, Aingeru Irigarai jauna, Balerdi jauna, erretore jauna, Nekane Etxegoien andrea, Ruth Benedict andrea, biltzarburu andrea, sekretario jauna, ugazaba andrea…

Iparraldeko testuetan, aldiz, lehen posizioan ikus ditzakegu jaun eta andere: jaun erretora, jaun bikarioa, jaun auzapeza, jaun Bertrand de Echaus…

Aipatu berri ditugun egiturak hartu dira aposizio-elkartetzat (ikus Hitz-Elkarketa/3), baina beste hizkuntza batzuetan aposizio murriztailetzat hartu dira bebé probeta, buque escuela, cena tertulia, coche bomba, hombre rana, mujer objeto, mujer soldado, visita relámpago edo oferta estrella. Izen-sintagmaren barruan gertatzen den predikazio-erlazioa baldin bada aposizioa, bi izen aposizioan ematean morfologiaren eta sintaxiaren mugan gabiltza eta aposizio erlazioa lexikoan ere gerta daiteke (Suñer, 1999). Lexikoan sortuak, izen elkartuak dira bebé probeta, etab. Horien baliokide diren probeta-ume, eskola ontzi, afari-tertulia, bonba auto, gizon igel, emakume objektu, emakume soldado, bidai tximista edo produktu izar.

Azken urteetan horrelako asko sortu dira, publizitatearen harira, besteak beste. Ikus Itzulist Postaria-n izandako iritzi-trukea proyecto estrella euskaraz nola eman.

Hitz-elkarketa/4 liburukiko hitz elkartuen sailkapenari jarraiki, Atributu eta Koordinazio elkarteetan aztertu ditugu gaztelaniaz aposiziotzat hartu dituzten egiturak, hau da, ‘ontzia, aldi berean eskola dena’, ‘afaria, tertulia izateko propietatea ere baduena’… gisa ulertzen ditugunak. Han ikusi ditugu balio metaforikoa duten gizon igel modukoak. Aposizioan ematen den izenak jatorrizko esanahia galdu eta kuantifikazioaren pareko balioa ere har dezakeela dio Suñer-ek (1999): vida padre, oferta estrella, momento cumbre, noticia bomba, situación límite, momento clave, hora punta, ciudad monstruo. Azken horren baliokide den hiri munstro, Atributu elkartetzat hartu dugu euskaraz, A nolako B, konparazio-kutsua duen atributu-elkartetzat.

Beste batzuetan, ordea, aposizioan doan izenak sailkatu egiten du ondoko izena Suñer-ek dioenez: la letra f, el símbolo +, el número 9 edo izen propioa duten egiturak. Horiek dira, hain zuzen, guk Aposizio-elkartetzat hartu ditugunak. Aposizioan doazen bi izenen artean inklusiozko erlazioa dakartenak eta ‘zera’ bakarra (pertsona, mendi, kale, argitaletxe, zenbaki, letra…) izendatzen dutenak.

Gaian sakonduz

1 Aposizio elkarteei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus Euskaltzaindia (1991: 89-99), Odriozola eta Perez Gaztelu (2002).
2 Ikus Euskaltzaindiaren 109. araua, mota horretako aposizioetan komunztadura nola egin behar den arautzen duena.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aposizio elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3