Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:1:2:9

Izengoiti elkarteak

Osagaietako bat izengoitia daukaten elkarteak aztertuko ditugu atal honetan.

izengoiti: iz. Norbait izendatzeko bataio- eta familia-izenen ordez erabiltzen den izena. Ik. ezizen; gaitzizen; goitizen. Goienetxeko Beñat du izena, izengoitia Matalas. Juda Kanaandarra, izengoitiz Zelote. Bere buruari ezarri dion izengoitia. Lewis Carroll izengoitiaren azpian. Ongi merezi baitzuen izengoititzat “buru-ebakitzailea”. Napoleonen eskutik etorri bide zen Europak ezagutu duen Unibertsitate klasikoa: haren deitura darama bederen izengoitiz. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)

Izengoitiak

Bi izen elkarren ondoan emanik osatzen ditugu euskaraz pertsonen izengoitiak1: lehena pertsona horren izen propioa izan ohi da; eta bigarrenak, berriz, pertsona horren ezaugarri nabarmenen bat ematen du aditzera.

Modu bateko baino gehiagoko ezaugarriak aukera daitezke, eta horren arabera bereiz ditzakegu izengoiti motak ere: objektuak izan daitezke (abarka, txintxarri, txilibitu, anpolai…), nortasun-marka anatomikoa, edo zaletasun edo izaeraren berri ematen duena. Beste batzuetan, lanbidea edo jatorria aipatzen du bigarren osagaiak.

Izengoitien osaera

Morfologia osaerari dagokionez, izengoiti elkarteetako lehen osagaia pertsona izen propioa izan ohi da (behean ikusiko ditugun azpisailetako azkenean jaso den Mari ere izen arrunt bihurtu den izen propio jeneralizatutzat har daiteke)). Bigarren osagaia, berriz, izena, izenondoa, izen elkartua edo izenondo elkartua izan daiteke.

Izengoiti-elkarte motak

Sei azpiataletan bana ditzakegu euskal izengoiti-elkarteak:

  1. Lehenengo atal honetako izengoitiek izen arrunt bat (sarri, objektu bat aipatzen duena) dute bigarren osagai, nahiz izengoitiaren barruan egonik letra larriz eman; bereiz idazten dira mota honetako izengoitiak:
    • Anton Berakatz, Anton Kaiku, Domingo Kanpaña, Joane Talotxu, Madalen Bonbila, Mateo Txistu, Martin Txilibitu, Mikela Txintxarri, Patxi Guzur, Patxiko Txerren, Pello Errota, Pello Kirten, Pepa Negar, Peru Abarka, Txanton Piperri…
    • Aizearen txistu zorrotz ikaragarria luzaro ta gogor entzun dan batean Aitonak ala dio: — “ Ara! Mateo-txistu or dabil. (Ekaitzpean, Eizaguirre)
    • Adibidez, Domingo Kanpañari bota bertsoak lege hori hausten du, lau aldiz mando dakarrelakotz: Mando baten gañian Domingo Kanpaña, ez dijoa utsikan mando orren gaña. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  1. Bigarren taldeko izengoitietan, eskuineko osagaia leku-izen propioa da eta pertsonaren jatorria adierazten du; izengoiti elkarte hauek ere bereiz idaztekoak dira:
    • Etxahun Barkoxe, Etxahun Iruri, Joxe Larraburu, Joxe Lezo, Pello Tolosa…
    • Bereziki Etxahun Barkoxe ospatu du gain-gainetik, kasik piztu du, haren koblak bilduz eta Larrasquetekin publikatuz eta horrela bidea idekiz Haritschelhar jaunaren obra handiari. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
    • Hemen gaindi alha ziren Kaltabil, Larralde, Larramendi, Matxin Irabola eta sortu ziren Etxahun Iruri, Ligueix, Jolimont, Ohitx, azken hiru hauk gazterik itzali zitzaizkunak. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)
  1. Hirugarren azpiataleko izengoiti elkarteetan bigarren osagaia adjektiboa da; lehen osagaia, berriz, izen propioa da gehienetan, baina batzuetan leku-izena aurkituko dugu (hau da, pertsonari izengoitia ematerakoan jatorrizko herria hartzen da hura izendatzeko), beste batzuetan pertsona-izena. Badira adibide gutxi batzuk izen arrunta edo adjektiboa dutenak lehen osagai, dela lanbidea adierazten duena, dela jentilizioa:
    • Altza-Haundi, Altza-Txiki, Lazkao-Txiki, Teileri-txiki; Inazio-motz, Joan Manuel Haundi, Joanagorri, Joanito Zaparro, Juanito Koju(a), Katalingorri, Manuel zahar, Tomasa Handi, Txomin Zatar; frantses-txiki, hargin-txiki…
    • Joxe Miel Iztuetari, Lazkao-Txiki maitagarriari, sarri egokitu zitzaion eguraldi kontuen bueltan jardutea. (Zeruan zer berri, Zabala, P.)
  1. Laugarren atalekoak “izen propio + adjektibo” modukoak dira batzuetan (adjektiboa bahuvrihi moduko elkartea da ia beti, ikus adjektibo-elkarteak), eta “izen propio + izen” modukoak besteetan:
    • Anton Bekozko, Anton Guzurretxe, Garazi Gerrieder, Gaxuxa Mokobipil, Liño Ankabakar, Mari Begiluze, Mikel Eleder, Peru Ilegorri, Tomas Txorimalo, Teresa Kaskazuri…
    • Ikazkiñ guztien modura, aizkora nola maneatu bazekien, eta etzan Gipuzkoan aizkora-jokurik Peru Ilegorrik ikusten etzuenik. ( Euskalzale)
  1. Mari lehen osagai dutenak bereizi ditugu beste azpisail batean; esan bezala izen arrunt bihurtu dela esan daiteke (hala erakusten du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ematen duen definizioak: “zenbait izenen edo izenondoren aurrean ezarririk, emakumeak erdeinuz izendatzeko erabiltzen den hitza”). Horregatik idazten da letra xehez eta elkartea bera oro har marraz loturik, edo bi osagaiak elkarturik (marizikin):
    • Mari-apain, marri-atso, mari-bandera, mari-bihurri, mari-matraka, mari-mutil, mari-sorgin, mari-sukalde, mari-zikin…
    • Ta ez gertukoak bakarrik, baita ere Araoz, Olabarrieta, Urrejola, Zubillaga, Garibai, Zañartu, ta beste auzotegietakoak, bada alderdi guztietan zekiten Zabaletako Iñazio Mari mutil eder, ospetsu ta etxe onekoa zana. (Garoa, Aguirre, D.)
    • Egoak ttentte, plixt, ipiñi-ta lili gañean pinpirinpin gelditu arren, andikan beste lili batera laister ostera, laister arin, ega politez jarraituko da Loramendi ko mari-sorgin. (Txindor, Arrese, E.)
  1. Eta azken azpisail bat egin dugu izen elkartu arrunt edo izenondo elkartu egiturako izengoitiekin:
    • Artobero, Begi-txiki, Esnepel; Ardauzuri, Sardinzar; Lapikotxu; Moldagaitz…
  • Batzuek adjektibo “bahuvrihi”en parekoak dira2, hots, izen+izenondo elkarteak, berez adjektibo kategoriako behar luketenak (ikus adjektibo-elkarteak), baina izen propio gisa erabili direnak:
  • Beste batzuetan, izen kategoriako ‘hitz-andana ihartua’ da goitizena emateko baliatu dena, izen propio gisa:
    • Gizadi ona, gazteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel. (Kresala, Aguirre, D.)
    • Sardinzarrek, ardantegian, bere semea laster da ondo ezkonduko zala esan ei eban. (Kresala, Aguirre, D.)
  • Badira, besterik gabe, izen arrunt soilak ere goitizen moduan ageri direnak, aurreko adibideko Lapikotxu nahiz Kaiua, esaterako.
  • Edo adjektibo elkarteak, Gatzbako ‘gatzgabe’, Moldakatx ‘moldagaitz’ (ikus aurrerago adjektibo elkarteak):
    • Eta ikusi ebanean ezeri jaramonik egin bage, barriro ia amatau jakon pipeari tenga asten zala, Mielgari itandu eutsan: - Ze gizadi darabil Sardinzarrek txalopan? - Gizadi ona, gazteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel. (Kresala, Aguirre, D.)

Erabilera

Izen propioak direnez, Peru Abarka, Etxahun lruri eta Garazi Gerrieder modukoak mugagabean joan ohi dira normalean: Martin Txilibituk esan du, Garazi Gerriederren irribarrea…

  • Gerrieder en etxean, asi dute Goiko barrutia, - Larraun osoan barrutirik ez ia dan bezain aundia -. ("Euskaldunak", "Orixe")

Emankortasuna

Erdi Aroko nafar dokumentuek erakusten dutenez, euskaraz aspaldiko ohitura izan da izengoiti-elkarteaz baliatzea. Peru Abarka modukoak dira garai horretako Garindo Aketza (grafia euskara batura egokitu dugu), Eneko Behia, Garzia Erlea, Tota Zerria, Semen Zapata, Juan Orti Sudurra… Beste hauek, berriz, Mikel Eleder elkartearen egiturakoak dira: Domingo Burugorri, Berasko ahozabala, Elbira Mutil Ederra, Domenka begi urdina…

Izengoiti elkarte hauek oso emankorrak dira egun ere: Matxin Burdin (Martin Fierro-ren itzulpen ezaguna), Antonino Apreta, Kandido Txapuza, Simon Besaluze, Santi Nonzebarri, Satan Bihotz-txiki. Emankorrak gertatzen ari dira, gainera, pareko erdal izengoiti ezagunak euskaraz emateko: Alberto Artz(a); Rikardo Lehoi bihotz(a) (erregea), Federiko 1 Bizargorri(a) (enperadorea), Felipe Eskuzabal(a), Artaxerxes Eskuluze(a), Karlos II Burusoil(a), Enrike Txori-ehiztari(a), Juan Lurgabe(a). Erdi Aroan ere baziren horien parekoak: Domingo de Behorburu, Garzia Hartzburu…

Hala ere, hauxe dakar Hitz-Elkarketa/1 liburuak honen inguruan:

  • “beren burua euskalduntzat duten askok eta askok (bizigunez, lanbidez edo adinez erdararen erasana gogorrago jasaten dutenek bereziki) nekez sortzen dituzte era honetako esaerak: Pipi calzaslargas bat mingain-puntanago sentitzen badute Periko Metxala edo Olentzero Begigorri baino, ez da euskal eraikuntza sintagmatiko hori erdarazkoa baino korapilatuagoa delako, hiztun horiek erdal kontzeptu-sareak eta irudi-munduak kolpatuago daudelako baizik: Ramos Azkarate “Galtzaundi”-ren garaian baino agitz kolpatuago, nolanahi ere” (215. or.).
1 izengoiti iz. Norbait izendatzeko bataio- eta familia-izenen ordez erabiltzen den izena. Ik. ezizen; gaitzizen; goitizen. Goienetxeko Beñat du izena, izengoitia Matalas. Juda Kanaandarra, izengoitiz Zelote. Bere buruari ezarri dion izengoitia. Lewis Carroll izengoitiaren azpian. Ongi merezi baitzuen izengoititzat “buru-ebakitzailea”. || Napoleonen eskutik etorri bide zen Europak ezagutu duen Unibertsitate klasikoa: haren deitura darama bederen izengoitiz.
2 Hitz-Elkarketa/1 lanean astaputz moduko elkarteetan aztertu ziren, hau da hemen elkarte exozentrikotzat hartu ditugunekin batera. Baina adibideetan argi ikusten da izen propio balioa dutela eta horregatik ikusi dugu egokiago izengoitiekin batera ematea.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izengoiti elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3