Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:1

Izenondo dvandvak

Sanskritotik etorritako hitza da dvandvua

Izen elkarte dvandvetan maila berean dauden bi izen elkartzen ditugun modu berean, izenondo elkartuak ere maila berean dauden bi adjektibo elkartzetik sortzen dira.

izenondo dvandva: izenondoa + izenondoa

Eremu semantikoa

Elkarte dvandvetan, ordea, ez da nahikoa osagaiak kategoria berekoak izatea, nolabaiteko zerikusia, lotura, ere behar dute. Esaterako, nekez osatuko dugu zuri-lodi adjektibo elkartua, zuri eta lodi eremu semantiko desberdinetakoak direlako. Euskaraz (eta beste hizkuntza batzuetan ere bai), atal berezia osatzen dute kolore-dvandvek, koloreen erdi-bideko nahas-formak edo izendatzen dituztenak. Antonimia erlazioa dago, ostera, zapore-dastamenari buruzko adjektiboek osatzen dituzten dvandva elkarteetan: gazi-geza, gozo-mikatz, garratz-min… Baina, adierari dagokionez, neurri-, prezio- edo pisu-esanahiaz hornituriko adjektibo dvandvak ere aurki ditzakegu. Multzo berezia osatzen dute, hala ere, nafar-euskaldun, frantses-euskaldun moduko elkarteek, ez baita erraza adiera zehaztea, ‘nafar eta euskaldun’, ‘frantses eta euskaldun’ moduan ulertu behar al dira, ala ‘nafarra den euskalduna’, edo ‘frantsesa den euskalduna’?. “Pentsatu ere egin daiteke dvandva-elkarteak baino areago mendekotasunezko elkarte-modu (bereziren) bat ez ote diren” ( Hitz-Elkarketa/1: 169). Hau da, frantses eta euskaldun, nafar eta euskaldun moduan ulertu ordez, ez ote den zuzenago pentsatzea euskaldunez ari garela, euskaldun osagaia dela burua, eta ezkerrekoak mugatu egiten duela eskuinekoa; ez gara ari edozein euskaldunez, baizik frantsesak direnez, edo nafarrak direnez.

Koordinazio mailako harremana

Koordinazio mailako harremana dute adjektibo dvanvetako osagaiek, nahiz tarteka tautologiak ere aurki daitezkeen: busti-palatal, lohi-deshonesto… Bestalde, izen dvandvek bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dutela esan dugu. Adjektibo dvandva hauek, berriz, izaki bakar baten ezaugarri bi (edo gehiago) adierazten dituzte. Argazki zuri-beltz bat argazki bat da, izaki bakarra hortaz, “kolorez” zuria eta beltza dena.

Emankortasuna

Emankortasunari dagokionez, ugariak dira horrelako adjektibo-elkarteak euskal literaturan. Ikus adibide hauek guztiak:

  • alfer-nagi, bero-indartsu, busti-palatal, estu-mehar, elkor-aspergarri, eder-garbi, eder-galant, ezti-mingots, galdu-galgarri, garratz-min, gazi-geza, geza-mingor-mutu, gorri-beltz, gozo-mikatz, hori-berde, hori-beltz, hotz-gogor, latz-min, leun-arin, more-beltz, nagi-epel, samur-bigun, txiki-borobil, txuri-urdin, zehatz-garbi, zindo-fin, zuri-beltz, zuri-gorri…

Ikus ditzagun adibide zenbait:

  • Iguzkiak arrazoiñekin erran ahal diazaio beranduraiño ohean datzanari: zerk aratza hor alfer-nagia? (Guero, "Axular")
  • Orregatik dio Espiritu Santuak, eritasun andiak (eta orobat egin oi du edozein beste neke gogorskotek ere) eskura dakar anima; ta ez dio geroz ibiltzen utzi nai, aragi bero-indartsuak eragin oi ziozkan urratsetan, edo pausu ta bide makurretan. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Kontsonante busti-palatalen grafiaz Euskaltzaindiaren erabakia. (Euskera aldizkaria, Erdozaintzi-Etxart)Gor-mutuen alfabetoa
  • Keinuka, gor-mutuen [izen balioan] antzera, ari zitzaigun zinema. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Zirrara ezti-mingotsa zabaltzen digute bihotzean. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
  • Nekeak eta nekeak dira, Jesus maitea; ta, alde guzietatik estutzen zaituzten nekeak, bide latz-gogor onetarako, zure lagunak; (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
  • Sudur zuloetatik “kandela” hori-berdeak dariola. (Zarate, M.)
  • Bere sujetaren berri zeatz-garbia jakiteko ordua pasatu zaiolako. (Villasante)
  • Erreboilloarentzat lagungarririk onenak, lusagar txiki-borobillak dira noski. (Arrue, G.)

Bi adjektibotik gorako elkarteak ere era ditzakegu:

  • Txapel txuri gorri urdiñak. (J.R. Zubillaga)

Gaztelaniatik hartutako adjektiboekin ere askotan sortzen ditugu bikote-elkarte berriak: (helburu) didaktiko-pedagogikoak, (filosofo) ateo-materialistak, (teoria) sortzaile-transformatzailea, (garapen) logiko-matematikoa, (kultura) greko-erromatarra, (teoria) atomiko-molekularra, (hizkuntza) fino-ungriarrak, (Inperio) austro-hungaroa… Terminologia beharrek eraman gaituzte ahur-ganbil (gaztelaniazko concavo-convexoren ordaina), laun-ahur (plano-cóncavo) edo laun-ganbil (plano-convexo) sortzera.

  • Daltonen teoria atomiko-molekularra. ( Zientzia3)
  • Edukiek ezagupen tekniko hutsak biltzen dituzte, baita antolakuntzakoak eta didaktiko-pedagogikoak ere. ( Eskola 2.0, Berritzegunea)
  • Horrela gezurrezko egoera ezartzen dutenek, ideiak, pentsamendua, mundu poetikoa garatzea eragozten dutenek, zereginik izan ez dezaten munduan, ankerra izan da oso boterean egoteko egin ohi dutena gutti-gutti hauek, direla eliza taldeak, direla ateo materialistak: sofrimendua gehitu kolektibitateari aurre egin gabe, barnetik pertsona hustuz, anikilatuz. ( Txillardegi nobelagile, Nerea Arrizabalaga)

Izen balioan

Batzuetan izen balioan ere aurkitzen ditugu honelakoak:

  • Ez da erraz besteren hitzei eta darabilen hizkuntzari leial irautea […] obraren luze-labur osoan. (Idazlan guztiak, Mitxelena, K.)
  • [Irudiak] luze-zabalean handitu ez ezik, loditu ere egin omen dira.. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

gor-mutu elkartea ere izen balioan erabiltzen da ia beti:

  • Beste eri eta gaxo askoren artean gor-mutu bat eraman zioten: beatzak belarrietan sartu ziozkan, eta istuarekin mingaña igortzi zion, eta zeruronz begiak ipiñita esan zion: Efeta. (Testamentu Berrico condaira, Lardizabal)

Batzuetan, ordea, izenondo edo adberbio balioa hartzen du:

dvandvak eta enumerazioak

Askotan zaila da egiazko adjektibo dvandava den antzematea, edo enumerazio soila:

  • Amaigabeko eztabaida elkor aspergarriak izan dira. (Villasante)
  • Onela nekazariek egindako odoi orek, egiazkoaren antzera, izotza galazten du ta izotzak lore samur-biguñetan egin lezazkiken kalteak.(Nekazaritzako irakurraldiak, Mujika, G.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izenondo dvandvak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3