Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:2:1

Bahuviri-elkarteak

'Hitz elkartu posesibo' ere esan izan zaie elkarte hauei, adjektibo-elkarteak adierazten duen ezaugarrien ‘duen’ izenaz predikatzen direlako:Elefante sudur-luzea

  • mutil sudur-luzea → ‘sudur luzea duen mutila’ da…

Sarritan egitura exozentrikotzat hartu dituzte hizkuntzalariek1. Elkartea adjektibo kategoriakoa denez izen batez predikatzen da, eta horregatik hartzen da exozentrikotzat; ustez burua elkartetik kanpo zegoen izena zela uste zen. Gaur, ordea, mendekotasunezko elkarte endozentrikotzat hartzen dituzte gramatikari gehienek: eskuineko osagaia da burua eta horregatik da elkarte osoa adjektibo kategoriakoa. Ezkerreko osagaia, berriz, izen kategoriakoa, batetik buruaren modifikatzailea da; baina bestetik, adjektibo elkartuak modifikatzen duen izenarekin ere badu erlazioa, maiz ‘ezin besterenduzko jabekuntza’ (Perez Gaztelu et al. 2004: 144):

  • sudur-luze → ‘sudurra luzea duen’ norbaitez predikatzen da; beste modu batean esanda, ‘sudurrez luze den’ norbaitez.
  • besamotz → ‘besoa motza duen’ norbaitez esango dugu, edo ‘besoz motz den’ norbaitez…

Aldi berean, sudurra luzea izatea, besoa motza edo begi bakarra izatea pertsona batek betiko dituen ezaugarriak dira, ez dira aldi batekoak. Horixe esan nahi du ‘ezin besterenduzko jabekuntza’ terminoak.

Adiera

Bahuvrihi elkarteak gehien-gehienetan pertsona edo animalia adierazten duten izenak kalifikatzeko erabiltzen dira; eta horrexegatik adjektibo elkartuko izenak askotan pertsona edo animalien gorputz-atalak izendatzen ditu1, horien berezko ezaugarri direnak, alegia; ken edo alda ezinezkoak.

Adibide ugari aurkituko ditugu euskaraz, bai testu idatzietan eta bai ahozko tradizioan ere1:

  • adarbakar, adar-motz, aho-zabal, aitzin- xuri, aurpegi-luze, begibakar, begi-beltz, begi-gorri, begi-ilun, belarri-luze, bizar-gorri, buru-arin, buru-soil, buru-zuri, esku-zabal, gerri-eder, hankabakar, hanka-luze, hanka-motz, ile-harro, ile-kizkur, kirten-motz, lepo-zikin, magal-harro, mingain-luze, moko-fier, moko-fin, musu-gorri, mutur-beltz, mutur-zikin, odol-bero, papar-gorri, sudur-motz, titi-handi, tripa-zikin, txapel-gorri, zain-gorri, zango-makur; belarluze, besamotz, hankarin, ipurlodi, ipurtarin, kaskazuri, kopetilun, lepagorri, lepamehe, mutxurdin, prakerre, tripaundi, zapataundi…

Goraxeago esan dugu pertsona zein animalia adierazten dituzten izenez predikatzen direla horrelako adjektiboak gehienetan. Hala ere, tradiziozko literaturan badira bestelako adibideak ere:

  • Beharrietarik ditu arthikitzen inharrak, Nola sufre iratxaki leze aho meharrak. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Bazkalondoan pillota-jokaldi bikain bat dago, alderdi ontan oi diranetako pillota-toki albo-zabalean. (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Ikhusten duzu goizean,
    Argia hasten denean,
    Menditto baten gainean,
    Etxe ttipitto aintzin xuri bat,
    Lau haitz ondoren erdian,
    Xakur xuri bat athean,
    Ithurriño bat aldean:
    Han bizi naiz ni bakean.. (Koplak, Elissamburu, J. B.)
  • Erabili dudan eta darabildan hizkuntza, honen bestez, ez da grauzkio-motza grauzkio-gabea baino. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Emankortasuna

Gartxu hostozabala Bahuvirhi egiturak asko erabiltzen dira geometrian eta bereziki botanikan, anatomian zein zoologian2: triangelu angelu-zuzen, leka hostozabal, gartxu hostozabal, organismo zelulabakar…

Izen gisa

Pertsonez predikatzen diren adjektiboak diren heinean, erraz erabil daitezke izen gisa (ez, ordea, izen bizigabeez predikatzen direnak): txapelgorri(ak), txapeloker(ak), belarrimotxa(ak)…

  • Mutillak: “ Etzait oraindik aazten Begibakar en patua, gaztaiñapean ari zalarik baitzuen begi galdua. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • [^…]gure begi-alai buru-zuri txikia: urte-erdi doi-doi betetako gizontxoa Ontan, emen diagu berriro zaarrena; (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)

Horietako batzuk izen bihurtu dira: gibel-urdin, barrengorri (perretxiko motak), papargorri (txori mota)…

  • Abenduan Jose Ramon Aiestaranek barrengorri batzuk eraman zituen moilan harrapaturiko katua goxo maneatzeko; (Paperezko hegazkinak, Egia, L.)
  • Aita ere oporretan zegoen, eta bazkalordurako iritsi zen, ontto eta gibelurdin batzuekin. (Ipuin batean bezala, Irigoien, J. M.)

Askotan horrela sortzen dira izengoitiak ere: Hankamakur, Prakerre, Sardinzar, edo aipatu berri ditugun txapelgorri, txapeloker

Eratorpen atzizkiak

Adjektibo-elkarteak direnez, kategoria horretako oinarria eskatzen duten eratorpen-atzizkiak har ditzakete: -keria, -ki edo -tasun: bihozberakeria, buruberokeria, eskuzabalki, bihozberatasun, buru-arintasun, gogo-zabaltasun, gogo-zindotasun, hitz-ugaritasun… : Bezperako jestu hura ez zen beraz inkontzienteki egin nuen buruberokeria, baizik eta, ene izate propioaren frogatzeko bultzatu nuen jazarraldi salbagarriaren seinalea. (Anaiaren azken hitzak, Landart, D.)

  • Horrek Iparraldean edo Nafarroan badu funtsa, ez dut dudarik, han euskarak ez baitu behar duen laguntzarik batere, eta euskararen aldekoak erkinka eta eskuzabalki ari baitira agintari politikoen borondatearen gainetik, haien nahikarien aurka euskaraz mintzatzeko eskubidea funtsatu nahian, beren dirua eta indarra uzten dutela bidean. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
  • Eragozpenik gabe barkatu dit, Pavese bezalako gizon handi bati dagokion bihozberatasun gisako batez. (Argizariaren egunak, Lertxundi, A.)

Idazkera

Idazkerari dagokionez, jarraibide ezberdinak daude:

  • hots-aldaketaren bat gertatu denean, elkarturik idazten dira bi osagaiak:
    • beso + motz > besamotz
    • ipurdi + erre > ipurterre
    • kasko + zuri > kaskazuri
  • Gehienetan marraz loturik edo elkarturik, bietara, eman litezke: gona-motz/gonamotz, gogo-arin/gogoarin…
  • lehen osagaia txistukari afrikatuz amaitzen denean eta bigarrena kontsonantez hasi, ohikoa izaten da bi osagaiak marratxoz loturik ematea; berdin gertatzen da lehen osagaia kontsonantez amaitu eta bigarrena h-z hasten denean ere (edo bestelako kontsonante-multzo bereziren bat gertatzen denean bi osagaiak elkartzean): behatz-lodi, bihotz-txiki, kirten-motz, gibel-handi…
1 Ikus Azkarate (1990: 321-324)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bahuviri-elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3