Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:2:2:1:1

zale

zale adjektiboarekin sortzen diren elkarteak ikusiko ditugu hemen.

Mugatzailearen kategoria

zale1 adjektiboak eskatzen duen osagarria ezkerreko osagaia da, mugatzailea, eta kategoria batekoa baino gehiagokoa izan daiteke:

  • Askotan izen kategoriako mugatzailea ikusiko dugu zaleren ezkerrean:
    • aberezale, abertzale, anekdotazale, apustu-zale, ardozale, bakezale, bertsozale, biraozale, dantzazale, diruzale, dotrinazale, edarizale, egiazale, eliza-zale, emakumezale, emaztezale, errepublikazale, euskaltzale, fuerozale, gerrazale, gizonzale, guduzale, haragizale, idolozale, industriazale, jakintzazale, jainkozale, kondairazale, liburuzale, literaturzale, mutilzale, neskazale, odolzale, okelazale, ospezale, pinuzale, sagardozale, soinuzale, tradiziozale, umezale, zerbeza zale…
    • Bi ardozale barran, beste inor ez. (Mundu txikia, Alberto Barandiaran)
    • […]ez eta jakintzazale omen diren Agarren ondorengoek, Merran eta Temango merkatariek eta ipuin-kontalari eta jakintza-bilatzaileek ere, ez dute jakinduriarako bidea ezagutu, ez eta hura non bilatu asmatu ere. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Izen elkarteak, hitz-andana ihartuak edo eta juntagailuz elkarturiko izenak izan daitezke mugatzaile:
    • ahari-apustu zale, ahari-talka zale, ahuntz-euskara zale, aita santu-zale, kontzeptu eta arrazoi zale, bertso eta bertsolari-zale, betekada eta ordikeria zale, jan-edan zale, mendigoizale…
    • Hor daudelako, atera zitzaidan berehala niri, gisako galdera bati mendigoizale ospetsu batek emaniko erantzun - orduko nire ustean - distiranta errepikatuz. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Aditzondoa ere izan daiteke mugatzaile: aurrerazale
    • Ezkertiar eta aurrerazale aire bat ematen zion, eta horrek erbesteratuen zirkuluetan sartzeko bidea erraztu. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Montoia, X.)
  • Aditz partizipioa ere bai: eginzale, jakinzale, kiskalizale…
    • Aien bototik […], etxe guziak eta zubiak kixkalita utziko zituzten […]. Ni ez naiz kixkali-zalea, egin-zalea baizik. (Gerrateko ibillerak-I, Alkain, I./Zavala, A.)
    • Ada ez zen batere erlijiozalea (mojen ikastetxe batean egin zituen nerabezaroko ikasketak, eta edozer lortzeko otoitz egitera behartzen zutelako omen zetorkion giza arrazoiak ulertu ezin duen ororenganako mesfidantza), baina ez zen, halaber, besteen uste eta sinesmenen bizkar irri eginzale ere. (Argizariaren egunak, Lertxundi, A.)
  • Sintagma osoa ere izan daiteke mugakizun, izen nahiz aditz sintagma:
    • astiro ibilizale; bere burua erakustezale; kontuak garbi, txukun eta egunean berean eramanzale; guztiak galdu-zale; esaldiari hitz alferrak inausi-zale; izen handi bat irabazi-zale; bidera zitzaizkion nahaste guztietan murgilduzale; ondo bizizale; arraultza jarri zale; gogaiak etorri ahala jaulkitzezale; Moneten inpresionismoko lauko-zale; alkandora eder, samur edo bigun zale, teoria handi eta solemne zale…

Izen balioan

zale bigarren osagai duten elkarte hauek izen balioan erabil daitezke, beste adjektibo asko eta asko bezala: abertzale, euskaltzale, mendigoizale…

  • Ez dakigu ordea abertzale horren aberria zein zen. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
  • K-2 Motela puntuño bat nola bilakatu den ikusi dut, nik baino lehenago bertze mendigoizale anitzek ikusi zuten moduan Baltororako bideari ekitean. (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Nola liteke euskaltzale batek bere buruari halako galderarik egitea ere? (Euskararen etxea, Salaburu, P.)

Idazkera

Oro har bi osagaiak lotuta idazten dira, bi txistukari elkartzen direnean izan ezik, edo osagaien elkarketa berezia denean: ardozale, bertsozale, haragizale; arrotz-zale, jolas-zale, marketing-zale, txurrut-zale…

1 Badu zalek beste adiera bat ‘lanbidea, ofizioa’ adierazten duena, eta horrenbestez izen kategoriako lexemak sortzen dituena: esnezale, taxizale… Hemen ez dugu aztertuko ‘lanbidea’ adierakoa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "zale", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3