Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:2:2:1:2

gabe

Adjektiboaren kapituluan esan dugun bezala, gabe adjektibo berezien artean sailkatu izan da. Baina gutxitan ageri da bakarrik, eta gehienetan sintagma osagarri bat hartzen du aurretik.

Erabilera

Nolakoa den testuingurua, postposizioa, izena, adjektiboa edo adberbioa ere izan daiteke gabe, nahiz gaurko euskaran gutxiago erabili gabe hori izen gisa. Ohikoa da, aldiz, postposizio balioan aurkitzea, aurretik izen-sintagma mugagabea nahiz mugatua hartuta, baita partizipioa zein aditz-sintagma osoa ere: diru(rik) gabe, zure laguntza berezia gabe, ikusi gabe, inori ezer esan gabe…

  • Inori ezer esan gabe, dena neure barrurako gordeta, betaurrekodun misteriotsu hari buruzko mila burutazio izan nituen ondorengo egunetan. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)
  • Hotela inolako dirurik gabe utziko dut zuen esku, donazio bezala. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Hemen, baina, adjektibo kategoriako gabe aztertuko dugu, “ez duena”, “zerbaiten faltan dena” adierakoa, alegia; osagarria partitibo-sintagma izan daiteke: dirurik gabea, lanik gabea… edo hitz elkartu bateko lehen osagaia.

Aitona ta billobagabe adjektiboa mugakizun duten hitz elkarteetan mugatzailea (osagarria) izen kategoriakoa izaten da, aditza ere bai batzuetan. Oso egitura emankorra da eta bi osagaiak lotuta idazten dira, nahiz salbuespenez marra ere erabil daitekeen (robot-gabea):

  • adargabe, amagabe, antsikabe, arduragabe, atsekabe, axolagabe, babesgabe, baliogabe, baztergabe, beldurgabe, bidegabe, bihozgabe, burugabe, dirugabe, ditxagabe, dohakabe, erlijiogabe, errugabe, eskergabe, eskolagabe, fedegabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, kordegabe, lurgabe, lotsagabe, odolgabe, ondragabe, paregabe, preziogabe, tolesgabe, zentzugabe, zorigabe, zuzengabe…
  • Gizon zital, setatsu, eta bihozgabea da hori. (Aitona ta billoba, Garitaonandia, B)

Horietako batzuk izen bihurtu dira: atsekabe, nahigabe, ustekabe… Bestalde, ondoko adibideetan lehen osagaia aditza da: ezkongabe, hezigabe, kutsagabe, osagabe, sinesgabe… Ohikoak dira [partizipioa + gabe(a)] egiturak ere (aurrekoak ere hemen sartzekoak lirateke ziurrenik): esan gabea, ikasigabea, irakurri gabea, jorratu gabea, landu gabea… Alde honetatik eratorpenaren eta sintaxiaren arteko egituratzat hartzekoak dira, aurreraxeago aztertuko ditugun ‘partizipioa + berri, arin, zahar’ egiturak bezalaxe. Zenbaitetan arrunta da guztiz lexikalizatuta dauden hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa (ikus OEH): artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe…

Ohart gaitezen bidenabar, hizkera doinuak bereizten dituela lotsagabe (adjektiboa) eta lotsa gabe (izena + postposizioa):

  • Bena goiti ezazü zure gogua zelüko huntarzünetarat, eta ikhusiren düzü, hun thenporal hoiek eztirela deusere, ezin iraiten diela, eta plazer beno haboro phena emaiten diela; zeren ezin seküla arranküra, eta lotsa gabe gozatü izaten beitira. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
  • Harako hobea duk lotsagabe hura. (Lagun txar bat, Barriola)

Nolanahi ere, gabe adjektiboa gutxitan agertuko da bakarrik eta horregatik hartu zuten atzizkitzat Azkuek, Lafittek eta Villasantek. Askotan, sin- (sinrazón, sinfín, sinúmero, sinvergüenza…) edo sans- (sans-coeur, sans-culotte, sans-gene, sans-souci…) aurrizkien edo ingelesezko -less (motherless, endless, headless, legless, needless…) atzizkiaren pareko da ( Hitz-Elkarketa/3, 133)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "gabe", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3