Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:2:2:2:2

'lotsagaldu(a)' eredukoak

lotsagaldu(a) ereduko hitz elkarteak aztertuko ditugu atal honetan. Hauxe da elkarte hauen egitura:

izena + partizipio / adjektiboa

Ezaugarriak

Adjektibo-elkarte hauetan adjektibo balioko partizipio burutua izaten da bigarren osagaia. Izan ere, adjektiboari dagokion kapituluan esan dugun bezala, partizipioak eta adjektiboak badituzte ezaugarri komunak: mugatzailea har dezakete biek, izenaren ondoan erabil daitezke, baita predikatu gisa ere.

Baina esan dugu partizipioak aditzak ere badirela, “partizipioak, nolabait, aditz adjektiboak dira”. Horrexegatik dute, hain zuzen, bi osagaiek ‘osagarri-buru’ erlazioa, aditzek osagarria eskatzen dutelako.

Adibideak

Mota honetako adjektibo-elkarteak dira hauek:

  • asko-jakin, begi-busti, bekoki-zimurtu, bihotz-zimurtu, buru-jantzi, buru-makurtu, ele-erasan, erdal-jario, etxe-maite, gezur-jario, gogo-landu, gose-pasatu, hitz-jario, lerde-jario, lotsagaldu, uste-galdu…

  • Gure arteko buru-yantzienak, ez Euzkadi-ko, Ludi zabaleko olerkari artean zer txapela kendurik ez zualakotzat etsi ziguten Lizardi. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Biko-egiten, aurrera bero diardute; neskazar uste-galduak orain billa dute. ("Euskaldunak", "Orixe")
  • Azpeiti Azkoitiko
    boluntarioak
    ez dira falso eta
    gezur jarioak. (Euskal mutillak armetan, Apalategi, F.)
  • Zaharrago eta hitz-jariago izaten omen gara, gainera. (Mitxelena, K.)

Hitz elkarte hauetan, aditzaren barne-argumentua biltzen du ezkerreko izenak, mugatzaileak. Hauxe da adibide horietako hitz elkarteen adiera: ‘burua jantzia duena’, ‘erdara jario zaiona’, ‘gogoa landua duena’, ‘gosea pasatu duena’, etab. Adiera hori dela eta, ‘bizar gorria duena’, ‘beso motza duena’ adierako bahuvrihi elkarteetatik oso gertu daude (eta, hain zuzen ere, bahuvrihi elkartetzat hartzen ditu Hitz-Elkarketa/4 lanak).

Erabilera

Behin baino gehiagotan izen balioan ere erabiltzen dira:

  • Emen zegok ezpain-autsi. (Azkue, R. M.)
  • Egiten dute zubi gizasemeendako, lotsagaldurik balitz andik aizatzeko. ("Euskaldunak", “Orixe”)

Beste batzuetan, argumentu agentea biltzen du ezkerreko osagaiak:

  • lFinean, nori gogora zitzaikaion Daniel bezalakoa, lehoin gose-minduek bere menean, eta atzaparren artean edukiz gero, desegin gabe, eta iretsi gabe utziko zutela? (Guero, "Axular")
  • […]naiko lan bait-zizun gizagaixo erdal-kutsatuak euskera aaztu maite-berriaren biurri ezigaitzak menderatu eziñez. (Itz-lauz, Lizardi)

edo adjunktua:

  • […]ausardi honi esker onik atera zuen bere “Diario de la Expulsión de los Jesuitas de España” egunkari esku-izkribatua. (I. Goikoetxea)

Idazkera

Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik, marraz elkarturik eta bereiz ere ageri dira literaturan. Gomendioa marraz elkarturik idaztea da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "'lotsagaldu(a)' eredukoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3