Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:2:2:2:3

aditzoina + adjektiboa egiturakoak

asmaezin, ulergaitz, ulerterraz, sinesgogor, sinesbera… eta halako hitz elkarteak aztertuko ditugu atal honetan. Hau da, egitura hau dutenak1:

aditzoina + adjektiboa

Bi mota

Aditzoinari ezin, gaitz, gogor, erraz eta bera adjektiboak elkartuz osatzen dira adjektibo-elkarte hauek. Bi azpisail bereiziko ditugu adjektiboaren esanahia kontuan harturik:

  • ezintasuna edo traba adierazten duten ezin eta gaitz2 batetik (oso gutxi erabiltzen den arren, gogor ere hemen sartzekoa litzateke);
    • aldaezin, asmaezin, aseezin, bateraezin, hilezin, integraezin, konformaezin, kontaezin, nekaezin, pasaezin, pentsaezin, sendaezin, ukaezin…
    • aldagaitz, ezagugaitz, gozakaitz, izukaitz, konformagaitz, kontentagaitz, landugaitz, moldakaitz, pairagaitz, sinesgaitz, uxagaitz…
    • entzungor, sinesgogor…
  • erraztasuna adierazten duten erraz eta bera bestetik.
    • adierraz, hautsi-erraz, etenerraz, igaro erraz, irakurterraz, landu erraz, mintzaerraz, moldaerraz, sinesterraz, ulerterraz…
    • sinesbera, isurbera, lizunbera, minbera, samurbera…

Adiera dela eta, ‘izaera elkarte’ deitu zaie Hitz-Elkarketa/4 liburuan. Adjektibo elkartu hauetakoren bat izen bihurtua da, egonezin, esaterako. ‘Modifikatzaile - buru’ erlazioa dago horrelako adjektibo-elkarteetan.

Adibideak

  • -ezin:
    • Eboluzio asmaezin konplexu denaren irudi oso laua - zelula baten sorrerarena baino asmaezin zenbat aldiz errazagoa -, baina adibide izan dakigukeena. (Gizakia maitagogoa da, Jenaro Garate)
    • Europak gaitz sendaezin modura bizi du bertako seme ustez zibilizatu batzuen eskubideen kontua. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
  • -gaitz:
    • Baina zer da gauza sinesgaitz hori? (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)
    • Gizaki izan beharrean, anfibio izan balitz, arrabioa izanen zela iduritzen baitzait greziar zelebre hura, bere ibilera baldar eta izakera aldagaitz geldoarekin. (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)
  • -erraz:
    • Egia hain ulerterraz horiek, obratzeko hain ezti horiek, zertan dira bada izu-ikarazkoak? (Harreman arriskutsuak, Choderlos de L. / Jon Muñoz)
    • Non Espiritu Santuak konparazio guziz adierrazakin gauza txit goratu eta igergaitzak azaltzen dizkigun. (Oracio mental edo pensamentuzcoa iduquitzeco gai egoquiac dacazquian escu-liburua, Arrue, G.)
  • -gogor:
    • Etzan, alan be, Antoni amaren siñistekoa, ta amari entzungor egiteko asmoak ebiltzan lenengoan. (Kresala, Aguirre, D.)
    • Aldiz Israeli buruz erraten du: Ene besoak egun guzian hedatuak iduki diozkat populu sinhesgogor eta bihurri egile horri. (Biblia Saindua III, Duvoisin)
  • -bera:
    • Astoa minbera diat, ileak harro ditik eta beharriak xut! “ Hainbertzenarekin horra non ikusten dituen jauregiko hiru anaiak bidean heldu. (Ipuin eta ixtorio, Larzabal, P.)
    • Santo Domingon jendea oso sinesbera da sorgin eta azti kontu horietan. (New Yorkeko kronika beltza, Garate, G.)

Lehen osagaia

Lehen osagaia partizipioa ere izan daiteke: saldugaitz, hautsi-erraz… baina salbuespenak dira. Aditzoinak zein motatakoak diren aztertuz gero, ohartuko gara gehienak bi argumentuko aditzak direla, du laguntzailea hartzen dutenak, eta adjektibo elkartuak kalifikatzen duen izena aditzaren barne-argumentua dela, ondoko adibideek erakusten duten bezala:

  • Euskara jator eta adierraz bat. (A. Arrue)Kontzertu hura ahaztezina izan zen
  • Lanaren kontrola da sindikatuen harmarik gogorrena eta arma hau aldagaitza eta mugatua da. (Zehatz aldizkaria)
  • Baña ez dira buruauste, ta lorrik txikarrenak, eunla gaisuarentzat geratuten dirianak, ta guztiz, ari eten erraza badaruake. (Peru Abarca, Moguel, J. A.)
  • Hauen obrak, edizio kontaezinen bitartez, euskal etxe zahar guztietan aurki daitezke. (Euskal literaturaren historia, ” Manuel Larramendi“, Sarasola, I.)
  • Arropa berriak jasan-gaitz ditugun bezala, hots! Etchepare jaunaren gaiak ez ziren nola nahikoak. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)

Badira, ordea, argumentu bakarreko aditzak ere, da motakoak: aseezin, hilezin, pasaezin, izukaitz, konformagaitz… Bereziki bera adjektiboaren mugakizuna izaten da argumentu bakarreko aditzoina.

Emankortasuna

Emankortasunari dagokionez, [aditzoina + ezin] eta [aditzoina + erraz] egiturak dira adjektibo berri gehien sortzen dituztenak. Bereziki emankorra gertatu da lehena lexikoan gaztelaniazko [in- + aditzoina + -ble] egiturako adjektiboen ordain gisa:

  • inolvidable / ahaztezin, incalculable / kalkulaezin…

gogor eta bera bigarren osagai dituztenak, ostera, ez dira asko erabiltzen. Bi osagaiak elkarturik ematen ditugu idaztean.

1 Xehetasun gehiago eskuratzeko, ikus Hitz-Elkarketa/3, 121-126.
2 Batzuetan hasierako herskari ahostuna ahoskabe bihurtzen da, moldakaitz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aditzoina + adjektiboa egiturakoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3