Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:3:1

Aditz dvandvak

Hemen ikusiko ditugun elkarteetako osagaiak beregainak dira, hau da, ez daude bata bestearen mende izen dvandvetan bezala. Hemen, ordea, elkartzen direnak aditz kategoriako bi osagai dira.

Ezaugarriak

Bi aditzoin elkartuz izen kategoriako lexema bat sortzen da gehienetan: esan-eginak, joan-etorriak, harremanak… Baina aditz kategoriak ere sor daitezke. Horiek hain zuzen ere, beste edozein aditz bezala jokaturik aurkituko ditugu literaturako testuetan (kontuan izan behar dugu Hegoaldeko testuetan aditz-partizipioa ikusiko dugula aditzoinaren ordez): eraman-ekarri, jan-edan, joan-etorri, salerosi…

  • Deus ordaindu barik ziurtasun osoz eraman-ekarri baitditezke [eskutitzak, bilkoiak eta dirua]. (Euskadiko Agintaritzaren Egunerokoa)
  • Ostia baten, ah, benetan daukazuz Yangoiko-gizona bere odol-gorputz, ta arima ederra. (Escu-liburua, Añibarro)
  • Gau hartan, Jauregiko bi neskatoek gurekin egin lezakete gogotik krakadaño bat, zuk nahi bazinu segurik; eta jan-edan artean solasta gintezke Janeta eta Mariunekin ea zerbait antolamendu egin ditaken ala ez. (Murtuts eta bertze, Lafitte, P.)
  • “Baña morroi ura gaixtoa bada ta bere baitan esan badeza: Nere nausiak luzatzen du etortzea; eta bere morroi-kideak yotzen ta mozkorrekin yan-edaten asi badadi, etorriko da morroi orren nausia berak uste eztuen egunean ta berak eztakien orduan; ta erdibituko du, ta itxuratien artean berexiko dio bere tokia; antxe izango da marraska ta ortz-karraska”. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • Zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak bere gaitzespena baitu jaten eta edaten. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Iñoiz bizkorrago, iñoiz aulago siñesten nuan, bai, baiña beti siñetsi dut ba zerala ta gutaz axola ba zaizula, zerki zeran eta Zugana zer bidez ioan-etorri diteken ez iakiñik ere. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
  • Baina, edozein elkarte anonimoren akzioak bezalaxe, akzio horien salerosketa askea da, eta hala, akzio horiek salerosi ahal izateko kapital merkatu jakin bat antolatzen da. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

Emankortasuna

Hala ere, eredu hau ez da oso emankorra, inondik inora ez izen-elkarte dvandven parekoa; adibide gutxi dira eta horiek ere gutxi erabiltzen dira. jan-edan eta salerosi dira tradizioan eta gaur erabilienak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz dvandvak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3