Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:3:2:3

Sintagma egiturakoak

Sintagma egiturako aditzetan hiru azpimultzo aztertuko ditugu:

Sintagma egiturako aditzen inguruan

Aditz elkartuak aztertzean aipatzen dira askotan gramatiketan onetsi, lan egin, min eman edo maite izan, gorroto izan modukoak. Egitura horiek badituzte, ordea, zenbait berezitasun egiazko aditz-elkarteetatik bereizten dituztenak. Horregatik esan izan zaie ‘aditz esapide’ Hitz-Elkarketa/3 lanean lan egin, min eman, aitortu behar, aitortu nahi eta horien pareko egiturei. Guk hirugarren mota bat ere gehituko dugu hemen, gaitzetsi, onetsi, salbuetsi eta abarrei dagokiena.

aditzoina + 'arazi'

Aditz esapideen artean aztertu izan dira ‘aditz arazle edo kausatiboak, aditzoina + arazi’ motakoak, alegia: abiarazi, eginarazi, esanarazi, etorrarazi, gordearazi, ikusarazi, jakinarazi, mintzarazi edo sarrarazi. Egia da elementu lexikoa dela arazi, baina elementu lexiko horren eginkizuna ez da, aditzoinari loturik, aditz-elkartea sortzea. Hala balitz, adiera lexiko jakin bat eman beharko lioke elkarte osoari. Ez da horrela, ordea; balio kausatiboa, arazlea, eransten du arazik; areago, ez dugu sarrera gisa aurkituko Euskaltzaindiaren Hiztegian, baizik aditz bakoitzaren forma kausatibo gisa. Beste hitz batzuetan esanda, atzizkien pareko trataera eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak arazi osagaiari. Hala ere, ezin esan guztiz atzizkia denik, arazle eratorria sortu baitugu aditzoin horretatik; badu, beraz, autonomia lexikoa, hein batean bederen. Datu horiek guztiak kontuan harturik -aditz guztiei erants diezaiekegu, balio kausatibo edo arazlea eransten dio aditzoinari (hau da, balio gramatikala), badu hein batean autonomia lexikala-, aditzari buruzko kapituluan aztertuko dugu, zehazkiago aditz kausatiboak aztertzean, mota horretako aditzak sortzeko baliabide lexikal gisa.

partizipioa + 'nahi, behar'

Beste horrenbeste esan dezakegu ‘partizipioa + nahi, behar’ egiturez ere. Aditz partizipioaren ondoren ezartzen ditugu modalitatea adierazteko, eta edozein aditzekin ager daitezke. Beraz, aditz esapidetzat hartu ordez, aditzaren kapituluan aztertuko ditugu modalitatea adierazteko elementu gisa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sintagma egiturakoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3