Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:3:2:3:1

izenondoa + etsi, iritzi

Sintagma egiturako aditz hauetan, bi ikusiko ditugu:

  • izenondoa + 'etsi'
  • izenondoa + 'iritzi'

izenondoa + 'etsi'

Egitura honetakoak dira aditz hauek:

  • asketsi, askietsi, baietsi, berantetsi, ederretsi, erdietsi, ezetsi, gaitzetsi, gaitziritzi, goretsi, gupidetsi, gutxietsi, handietsi, hautetsi, hobetsi, lehenetsi, luzetsi, miretsi, onetsi, salbuetsi, zilegietsi…
  • asketsi dagistela, baiña ez daukodaz abertzaletzat, aberri maitaletzat. (Edo geuk edo iñok ez, "Kirikiño")
  • Zure bozkario bakharra behar liteke, nik zuri mundu huntan guphidetsi gabe atsekabeak egortzea. (Jesu-Kristoren imitazionea, Xurio, M.)
  • Badira bertzeak lehen miretsi behar direnak imitatu baino, nolakoak baitira Santa Maria Ejiptienaren eta bertze batzuen bizitzean; halarik ere bertzeak bertze direla jeneralki emaiten dute gustu handi bat Iainkoaren amorio sainduaz. (Philotea, Pouvreau, S.)

Lehenengo osagaiaren kategoria

Lehen osagaiaren kategoriari dagokionez, gehienetan adjektiboa da, baina gerta liteke izena ere aurkitzea (gupida + etsi), adberbioa (berantetsi, goretsi, salbuetsi), nahiz zenbatzailea (askietsi, gutxietsi, lehenetsi).

  • adjektiboa + 'etsi': ederretsi, handietsi…
  • izena + 'etsi': gupidetsi…
  • adberbioa + 'etsi': berantetsi, goretsi, salbuetsi…
  • zenbatzailea + 'etsi': askietsi, gutxietsi, lehenetsi…

Kategoriak kategoria, mugatzaile guztiak predikatu sintagmatzat har ditzakegu (Adjektiboaren kapituluan aipatzen dira), ezaugarri horrek bateratzen ditu. Izan ere, aditz horietako etsi ‘iritzi’ adierakoa da, ez gaur egun beregaina den etsi ‘itxaropena galdu, amore eman…’. XVII. eta XVIII. mendeetako testuetan, Axularren edo Duhalderen testuetan aurki dezakegu etsi beregaina ‘iritzi’ balioan:

Predikatu sintagma eta aditza dira hor aski, gutiago eta etsi, sintaxiko egitura, ez lexikoa. Hurrenkera ere bestelakoa dute Axularren beste adibide honetan:

  • Konsideratzekoak dira hitz hauk, iakin dezagun ea zergatik daritzten Iainkoak hain gaitz hirur bekhatu suerte haui: probearen urguillutasunari, aberatsaren gezurrari, eta zaharraren erhotasunari. (Guero, "Axular")

Areago, gaitz osagaiak modifikatzailea hartu du hain gaitz predikatu sintagman. Beraz, ez dira betetzen hitz-elkarketan ohikoak diren ezaugarriak: hurrenkera finkoa, osagaiak bakarka modifikatu ezina… Sintaxi-egitura ihartuak dira, hortaz, etsi mugakizun dutenak.

izenondoa + 'iritzi'

Modu bereko egiturak dira iritzi aditzarekin osatutakoak ere:

  • Etzion gaitziritzi Konfesore aren kontu artzeari, ta bai egiñ Toledako Arzobispo, ain begiratua zalako animak zuzentzen, ta itzegiten beldurgabe. (Confesio gañean eracasteac, Moguel, J. A.)
  • Zeuek barriz, pekatariak, gaistakerian ondatuta bizi izan zareenok, egizuez aleginak zuen biotz gogorrok austeko, eta orain artean eder eretxi deutsazuen pekatuari gorroto gogorra artuteko. (Sermoiak II, Zabala, J. M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "izenondoa + etsi, iritzi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3