Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:3:2:3:2

izena + egin, eman, hartu

Euskaraz asko dira [izena + 'egin, eman, hartu'] egiturako adibideak, batez ere 'egin' aditzarekin osatutakoak1. Horiek ikusiko ditugu segidan.

Adibideak

  • Musu ematea gauza polita daizena + 'egin/eragin':
    • agur egin, alde egin, bekatu egin, barre egin, bekatu egin, bultza egin, burla egin, dantza egin, dei egin, doministiku egin, gogoeta egin, huts egin, irri egin, juramentu egin, kalte egin, lan egin, lo egin, negar egin, oihu egin, orru egin, otoitz egin, porrot egin, poto egin, salto egin, topo egin, zin egin, txalo egin, zintz egin, zurrut egin…
    • barre eragin, doministiku eragin, kalte eragin, negar eragin…2
  • izena + 'eman':
    • amore eman, aurpegi eman, beldur eman, hats eman, hitz eman, kontseilu eman, laztan eman, leku eman, musu eman, parte eman, poz eman, su eman…
  • izena + 'hartu':
    • atsegin hartu, esku hartu, etsenplu hartu, gorroto hartu, hats hartu, kontu hartu, lur hartu, min hartu, neurri hartu, parte hartu, plazer hartu, poz hartu, su hartu…

izena + aditza?

Itxuraz, izenaz eta aditzaz osatutako aditz-elkarteak dirudite, goraxeago ikusi ditugun hostoberritu edo gurutziltzaturen parekoak. Horixe dute, hain zuzen ere, lehen ezaugarri morfologikoa, izen soila (determinatzailerik gabea) izatea lehen osagaia. Meteorologiako gertakariak adierazten dituzten euria egin, elurra egin, izotza egin… aditzetan lehen osagaiak badu mugatzailea, baina hori da har dezaketen determinatzaile bakarra; ezin dute, adibidez, erakuslerik hartu: *elur hori egin, *izotz hau egin… Mugatzailerik hartzen ez duen lehen osagaia izateak berarekin dakar aditz hauek ez erreferentzialak izatea; hau da, erreferentzia jakina baino areago, erreferentzia generikoa dute (lan egin: agindu dizuten lana egin). Honetan ere bat letozke hitz elkartuen erreferentzia generikoarekin. Esapide hauetako aditzak ere -egin, eman, hartu- aditz arinak direla esaten da; ez daukate berezko esanahirik, izenari aditz balioa ematea da euren eginkizun nagusia. Eta horrexegatik izenarekin elkartuz osatzen da aditz esapide hauen esanahia3.

Izenaren inguruan

Izena, bestalde, aditzaren barne-argumentua da, objektua. Hain zuzen ere, aditz esapide hauek ez dute objekturik onartzen; ezin da esan *hilketa bekatu egin du edo *malkoak negar egin ditu. Beraz, argumentu bakarreko aditzak direla esan daiteke, ergatiboa hartzen duen subjektua baino ez dute eskatzen; bestea, barne-argumentua, aditzean txertatua geratzen da, aditzaren parte izatera pasatu da. Inkorporazio esaten zaio operazio gramatikal honi; eta hala eman dute zenbait hizkuntzalarik aditz esapide hauen berri, inkorporazio bidez sortu direla esanez, alegia (Laka 1993, edo Rodriguez eta Garcia Muga 2003).

Ezaugarriak

Lehen begiratuan izenaz eta aditzaz osatutako aditz-elkarteak diruditela esan badugu ere, beste zenbait ezaugarri aztertzen hasi orduko ohartuko gara ez direla goraxeagoko gurutziltzatu, lekualdatu edo odolustu aditz-elkarteen parekoak. Bi ezaugarri nabarmendu dituzte gramatikariek egitura hauentzat:

  • a) Partitiboa onartzen du lehen osagaiak: ez du lanik egin, ez du minik hartu, ez du negarrik egin… Egia da aditz esapide hauetako batzuetan izenak ez duela partitiboa hartzeko aukerarik, ez behintzat bestelako ñabardura semantikoren bat erantsi gabe: ez du hitz egin / ez du hitzik egin, ez du inoiz hutsegin / ez du inoiz hutsik egin… Baina gutxi batzuk dira horrelakoak; gehien-gehienek onartzen dute partitiboa, Martinezek (2015) erakutsi bezala.
  • b) Izena lekuz alda daiteke galdegai/mintzagai jokoaren arabera (hitz-ordenaz jardungo dugun kapitulua): gauak ematen dit beldur, zuk egin diozu burla, egizu kontu…

“Bi arrazoi horiek direla eta, zuzenago dirudi 'izena + egin/eman/hartu' egiturak aditz elkartutzat ez hartzea. Jatorriz sintaxi-egiturak direla esan daiteke, erabileraren poderioz ihartzera jotzen dutenak, aditz esapide bihurtuz” ( Hitz-Elkarketa/3: 11).

Martinezek (2015) beste test batzuk ere aplikatu zituen:

  • hala nola elipsia koordinazio egituretako jokabidea: iseka eta irain egiten zieten / *leku eta herrialdatu egiazko aditz-elkarteetan, otoitz eta barau egin ondoren, baina umeak ez du lo egiten, negar baizik, etab.
  • edo lokailuekikoa: batzuetan barre ere egiten du…

Horiek guztiek indartu baino ez dute egiten Hitz-Elkarketa/3 liburuan esandakoa.

Bestalde, partitiboa hartu ahal izatea, ordena aldatzea, etab. goraxeago aipatu dugun inkorporazio bidezko azalpenaren kontra doa. Izena aditzean erantsia balego, ez luke horrelako “askatasunik” izango. Beraz, aditz esapide hauetako gehienak ezin dira inkorporazio bidez azaldu (Martinez 2015, Oyharçabal 2006).

Idazkera

Idazkerari dagokionez, banandurik idaztekoak dira horrelako aditz esapideak.

Erreferentziak

  • Azkarate (1990), Hitz elkartuak euskaraz
  • Euskaltzaindia (1991), Hitz-Elkarketa 3
  • Martinez (2015)
  • Oyharçabal, Beñat (2006), “Lardizabalen gramatikaren iturri, ezaugarri eta helburuak”. Euskera 51:1, 105-118.
  • Rijk, Rudolph P.G. de (2008), Standard Basque. A progressive grammar, Cambridge, Massachusetts: MIT Press.
  • Rodríguez, Sonia & Fernando García-Murga (2003) “«Izen+Egin» predikatuak euskaraz”. In J.Mª. Makazaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal gramatikari buruzko eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Iker-14 (I). Bilbo, Euskaltzaindia. 417-436.
  • Zabala (2004), “Los predicados complejos en vasco”. In E. Pérez Gaztelu, I. Zabala eta Ll. Gràcia (arg.), Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. Donostia, Deustuko Unibertsitatea. 445-534.
1 Informazio gehiago nahi duenak ikus dezake Azkarate (1990: 409-415), Hitz-Elkarketa/3 (1991: 8-14), Martinez (2015), Oyharçabal (2006), Rijk (2008: 298-306), Rodriguez eta Garcia Murga (2003), Zabala (2004).
2 Hitz-Elkarketa/3 lanean aditz esapidetzat hartu ziren ‘izena + eragin’ motakoak ere; berez, ‘izena + egin’ aditz esapideen kausatiboak baino ez dira, aspaldi ihartua dugun -ra- artizki kausatiboaz sortutako eragin (egin > e-ra-gin) bigarren osagai dutenak.
3 Zabalak (2004) eta Rijkek (2008) ‘izen + egin’ esapideen sailkapen semantikoa ere egin dute. Guztiz bat etorri ez arren, biek bereizten dituzte hauek:
a) igorpen aditzak (dela soinu-igorpena adierazten dutenak, dir-dir egin; dela hizkuntza-komunikaziarekin lotuak, hitz egin; edo hots-igorpenak, hots egin);
b) jarduera fisiko eta kognitiboak adierazten dituztenak: aharrausi egin, amets egin, ihes egin;
c) bestelako jarduerak adierazten dituztenak: lan egin, bekatu egin; eguraldiari lotutakoak ere bai: elurra egin, izotza egin…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "izena + egin, eman, hartu", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3