Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:4:2:1

Jardun elkarte sintetikoak

Mendekotasunezko adberbio elkarte honetako osagaien artean osagarri-buru erlazioa dago. Egitura-mota bat baino gehiago hartzen ditu kontuan Hitz-Elkarketa/3 lanak:

  1. Batetik, [aditzoina + -ka] adberbio eratorriak mugakizun dutenak: aho-zabalka, ate-joka, begi-zabalka, errosario-esaka, esku-zartaka, gaizki-esaka, hitz-etenka, isats-eraginka, mamu-atzemanka, mutur-joka, ostatu-galdezka…
    • Besoak tirahala luzatuz, ahozabalka hasi zen Otsoko. (Axelko eta Otsoko, Satrustegi, J. M)
    • Azkeneko tontor-gunetik jarri basilikari begira, jarri ta egon luze bigira, ta alakoan bat-bateko dardarrak emanda, lurrean belauniko jausirik eta bi besoak altxatuz, malkotan blai, itz-etenka, oiu egiten omen zioten gizeredu eder aiek. (Mitxelena, S.)
  2. bila, eske bigarren osagai dutenak; lehen osagaiak, ‘zeren’ bila, ‘zeren’ eske adierazten du, osagarria, alegia:
    • abaro bila, ardi bila, ardo bila, argi bila, argitasun bila, asto bila, ataka bila, atun bila, baimen bila, bake bila, egia bila, haragi bila, hari bila, inozente bila, jan bila, lore bila, ogi bila, sagu bila, segurantza bila, sosegu bila, sustrai bila, ur bila…
    • ardo eske, argitasun eske, bai eske, barka eske, barkamen eske, bertso eske, bizitza eske, euri eske, gupida eske, jaramon eske, kafesne eske, leialtasun eske, liburu eske, monopolio eske, ogi eske, olio eske, osasun eske, salbazio eske, seme eske, ur eske, lan-sari eske…
  • joan, egon, etorri, ibili… aditzen predikatu-sintagma funtzioa betetzen dute horrelako elkarteek; horregatik esaten zaie ‘jardun elkarte’ (izen elkarte sintetikoetan ikusi ditugu izen kategoriako eskerekin osatutako diru-eske(a), etab.):
    • - Aita, aspaldi dut gogoz Garazi Iriarte; etxaldeko da baiña baitaratu zaite; garbi itzegiñik gaude, elkar dugu maite; bai-eske natorkizu iñola aal baleite. ("Euskaldunak", "Orixe")
    • Itsaso delako norbaitekin dabiltza beti zirika, atun-bila, eta Itsaso hori beldurgarria omen da eta maltzurra. (Mitxelenaren idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)
    • Begira begira egon ondoan haragi bila joatea erabaki zuen. (Satrustegi, J. M)
    • Landareak beti ur eske daude. (Nekazaritzako irakurraldiak, Mujika, G.)
  • Lehen osagaia sintagma ere izan daiteke:
    • Baztango gai bila urte askoan ibilia. (Bitaño)
    • Batzuek gu gorde naiez, besteak gure diru ta iskillo billa. (J.M. Lertxundi)
  1. zain (egon) bigarren osagai duten egiturak: eguna zabaldu zain, mutil kaiku horiei burura etorri zain egon… Nabarmena da lehen osagaia aditz-sintagma dela, ez kategoria lexiko soila. Bestetik, izen elkarte sintetikoetan ikusi ditugun aberezain, artzain, behi-zain, errenta-zain, ganadu-zain, haur-zain edo ontzi-zain izenek predikatu-sintagma funtzioa betetzen dute askotan egin, egon, ibili, joan… aditzekin doazenean: 35 urte ganadu-zain egin, artzain joan Amerikara, etab…Juan Rulfo
  2. pasa mugakizun duten egiturak. Bereiz aditzoin izan arren, izen batekin elkarturik ‘nola’ adierazten dute: denbora pasa, egun pasa, gau pasa…
  3. Antzekoak dira berez bizidunen jarduna adierazten duten kantari edo kontari mugakizunekin osatzen ditugun kontu-kontari, kantu-kantari (aritu, jardun, egon…)… egiturak ere.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Jardun elkarte sintetikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3