Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:4:2:2

Modifikatzaile-buru erlazioa dutenak

Mendekotasunezko adberbio elkarte batzuek gorririk, hutsik, makurrik edo zabalik hartzen dute bigarren osagai gisa, hau da, mugakizun gisa:

  • esku-hutsik, kaltzontzilo-hutsik, larru-hutsik, buru-makurrik, aho-zabalik, beso-zabalik, hanka gorririk…
  • - Guardasola utzi? Orduan dena galdu eta esku hutsik joango nauk Itsaso-lehorrera. (Gorgonioren Estuasunak, Soroa, M)
  • bur-muin lodiak nekatzen, ohitu gabeko terminak ulertu nahiz —metodikoa baitzen gizontxoa— eta azkenekotz, haren kasua azaltzen eta argitzen aho-zabalik zeuden familiako beste kideei. (Haur besoetakoa, Mirande)

huts bigarren osagai duten elkarteak ere adberbio-elkartetzat har ditzakegu, predikatu-sintagma funtzioa betetzen duten heinean: musu huts geratu, mutur-huts agertu…

  • Badirudi, hunetan pensatzeak berak ere, sekulakotzat musut-huts gelditu behar duela ikhusteak, nehori buruko illeak latzten derautzala. (Guero, "Axular")
  • Axáriak joán ta arrapatuzióte eizia biéi, ta gelditu zire muturrúts. (Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac, Lizarraga)

Beste forma batzuk ere har ditzake mugakizunak: gorrian (larrugorrian, ikaragorrian)…

  • Bazetorkela urrena ere zuurtasuna, gizabidea ta olakoak aipatu ta goresten: esango zutela berok, nornaik ikasteko eraz ta tokian, gizaseme makur ura nolakoa zan larrugorrian ikusi-ezkero!. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Mundu guzia ikara gorrian sartzeko diña. (Aita S. Ignacioren egercicioac, Cardaberaz)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Modifikatzaile-buru erlazioa dutenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3