Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:5

Zenbatzaile elkarteak

Bi zenbatzailez osaturiko elkarteak aztertuko ditugu atal honetan.

Dvandva elkarteak

Ditugun adibide apurrak dvandva egiturakoak dira, hau da, bi zenbatzaile beregain elkartuz sorturiko elkarteak: sei-zazpi, zortzi-hamar, hamar-hamaika, hamar-hamabi, hogei-hogeita bost (urte), hirurehun-laurehun (ardi), gutxi-asko…

  • Eta, karrosa batean Baionatik edo Miarritzetik ethorririk, Laffiteneko ezkinean geldituak, huna sei zazpi gizon gazte, hasten direla kantuz hek ere, eskarnioka eta hirriz, elgarri keinuka. (Piarres I, Barbier)
  • Oraindino ez da aldi asko, hor hamar-hamabi elkartu ginen Cardiffeko etxe batean, jesarrita gengozan denok aulki bigunetan geure eustorraziok kontatzen. (Hau mundu arrano hau, "Batxi")
  • Eta erri-burutik gutxi-asko aldenduta, begiak artzen duan eremu guztian an-emenka etxe ta baserri bere lur-landuaz inguratuak, arizti, gaztañadi ta sagasti ederren artean. (Ekaitzpean, Eizaguirre)

Ikus dezakegunez, gertuko zenbakiak adierazten dituzte elkartzen ditugun zenbatzaileek; nekez esango genuke bi-hamar (????) edo hogei-laurogei (???).

Bi osagaien arteko harremana

Bi osagaien arteko harremanari dagokionez, edo juntagailu hautakariaren bidez eman dezakegu bi elementuen arteko berri: bi edo hiru, hamar edo hamabi… Horixe berresten dute beste egitura hauek ere: bizpahiru, hiruzpalau, lauzpabost, bospasei…

Motak

non-zer moduko galdekari dvandvak ere baditugu gure literatura tradizioan eta gramatikako terminologian, noiz-nongo, zer-nola(ko), nor-nori, nor-nori-nork. Horietan, aldiz, eta juntagailuak irudikatuko luke galdekari horien arteko harremana. Nolanahi ere, emankortasun urrikoak dira bai bata (bi-hiru) eta bai bestea (noiz-nongo).

  • Aitak zer-nola lantzen zuen. (J.R. Zubillaga)
  • Illunbistan, zintzo asko, an etorri zitzaidan, bi gorputz aiek gutxi gora-bera nun zeuden galdezka, zer nolatan atera bear genituan asmatzearren. (Gerrateko ibillerak-I, Alkain, I. eta Zavala, A.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zenbatzaile elkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3