Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:6

Sinbolismo fonetiko eta hots-uztardurak

Hitza baino gehiago hotsa da era honetako elkarte askotan, funtsezko osagai eta adiera-sortzaile. Elkarte hauetako osagaiak ez dira kategoria jakin bateko lexemak, ez dira hiztegietako sarrerak; nolabait esateko, ez dute izaerarik zeinek bere aldetik1. Hots-jokotik sortzen diren elkarteak, aldiz, adberbio izaten dira gehienetan; batzuetan izenak, bereziki hots-errepiketan: zirimiri, esamesa(k), dardara, zurrumurru, dirdira, marmarra, tirabira…

Hots-joko motak

Bi hots-joko mota bereiz daitezke:

  • hots-errepikak, hau da, lehen osagaia errepikatzean datza jokoa
    • barra-barra, bor-bor, dar-dar, kili-kili, mara-mara, ñir-ñir, parra-parra, pil-pil, raka-raka, tapa-tapa, txin-txin, txio-txio(ka), txor-txor, xirri-xirri; kuku(a), ttunttun(a), kirkirra, dardara, dizdiza, marmarra…
  • errima-bikoteak, hauetan bi motatako bikoteak bereiz daitezke:
    • bokal aldaketa oinarri dutenak -i bokala lehen osagaiak / o edo a bigarrenak;
    • binbili-bonbolo, bristi-brasta, dilin-dalan, firi-fara, hinki-hanka, iji-aja, kili-kolo, kriski-kraska, piri-para, plisti-plasta, tiki-taka, tirriki-tarraka, zingulu-zangulu, zirti-zarta…
    • bigarren osagaiaren hasieran m sudurkari ezpainkaria edo b herskari ezpainkaria daramatenak.
    • aitzaki-maitzaki, auzi-mauzi, duda-muda, erran-merran, handi-mandi, hasi-masi, hautsi-mautsi, hizka-mizka, ika-mika, ikusi-makusi, isil(ka)-misil(ka), jira-bira, nahas-mahas, nahaste-borraste, saski-naski, tarteka-marteka, totel-motel, txirula-mirula, zehatz-mehatz, zizka-mizka, zurrumurru…

Adibideak

  • hots-errepikak:
    • - (Ijito andreari) Zaude isilik txaldan alaena, gezurra darizu barra-barra eta. (Alkate ona, Jose Elizondo)
    • Elurra mara-mara goiko mendian, elurra mara-mara egun guzian. (Biozkadak, "Jautarkol")
    • Bihotza pil-pil ari zait. (Lana eri, Larzabal, P.)
  • errima-bikoteak:
    • Sakristau zarrak esan zuan zirriparra andiak ibili zituztela Prai Jose zarrak eta ijito txikia konfesonarioa an zebillela binbili-bonbolo, noiz eroriko; eta eztakigu nota konpondu ziran. (Ur-zale baten ipuiak, Urruzuno)
    • Ateratzen baitu Mendiolak urtero euskel-egutegi bat, arakoxe apaiz begi-urdiñak egin izaten dizka zenbait zizka-mizka ta izkirimiri. (Itz-lauz, Lizardi)
    • Hitz hoiek bihotza altxatu eta azkarturik, osoki Jainkoaren eskuko jarri zen gizona, bai eta haren duda-muda lotsagarriak itzali denak. (Jesu-Kristoren imitazionea, Leon, L.)

Emankortasuna

Honelako egiturak ez dira oso emankorrak, hala jasotzen da Hitz-Elkarketa/4 lanean ere.

1 Elkarte hauei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus Hitz Elkarketa I

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sinbolismo fonetiko eta hots-uztardurak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3