Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:7

Exoelkarteak

Garaian-garaian gizarteak dauzkan beharretara egokitu behar du hizkuntzak, eta hain zuzen ere, behar horiei erantzuten diete exoelkarteek. Kultur erroak eta ingelesezko hitzak edo hizkiak euskal hitz batekin elkartuz osatzen dira elkarte modu hauek. Unean uneko sorkariak dira horietako asko, baina exohizki batzuk aurrizki izaera eskuratzen ari dira apurka-apurka. extra-, infra-, hiper-, mini-, tele- eta batez ere ultra- neurri batean bertakotzen ari dira.

Exohizkia

Exohizkia mugatzaile izan daiteke. Izen arruntak dira horietako asko, baina izen propioak ere izan daitezke:

  • antioinak (antipodak), antisorgailu, antizatiki, autobehaketa, autoitsaskor, bideolan, bideo-saio, ekoetxe, elektroeragile, elektrotresneriJa, euroagintari, extra fin, (altzairu) extragozo, extraofizial(ki), fotoeroale, hiperbizkaiera, hipergizon, infragizatar, infragizon, infragorri, infrasoinu, metahizkuntza, mikrouhin, minietxe, minigona, morfojoskera, para(a)tzizki, para(a)urrizki, polikiroldegi, polinahaste, protoeuskara, protoirudi, supergizon, supermi, superreroale, telebista, tele(e)gunkari, telegidatu, teleikusle, telekutxa, telemezu, telesaio, termoegonkor, ultrabatu, ultraeskuin(dar), ultraezker(tiar), ultragogor, ultramore, ultramundutar, ultrasoinu, ultrazuzenketa. Etniker, Fotokai, Hiper Eroski…

Adibideak:

  • Antisorgailu bezala baginaren hondoan ipini behar nuen diafragma bat eta gel espermizidaz betetako botilatxo pare bat eman zizkidan. (Gertakizuna, Annie Ernaux / Joseba Urteaga)
  • Garai hartan gonazpikoa janzten genuen oraindik, minigona 20ko hamarkadakoa zen, zineman flappers-ak ikusten genituenekoa. (Buda zoriontsuen etxea, Joao Ubaldo Ribeiro / Karlos Zabala)
  • Hizkuntz teoria, beraz, gramatika idazteko hizkuntzarentzat metahizkuntza den batean adierazita egongo da (gramatika bat eraiki dakiokeen edozein hizkuntzarentzat metahizkuntza dena). (Egitura sintaktikoak, Noam Chomsky / Itziar Laka)

Exohizkia mugakizun da beste hauetan (askoz gutxiago ditugu horrelako adibideak):

  • adinlekto, argiteknia, astokrazia, berrimetro, enbormobil, euskarologo, jainkofago.
  • Irailaren 29an, Azkoitian, Pedro Irizar ohorezko euskaltzain eta euskarologo zena omendu zuten Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE), Udalarekin batera. ( Pedro Irizar zenari omenaldia, Euskaltzaindia)

Anglo-euskarazko elkarteak ere sortu ditugu:

  • euskara light, copyright-agiria, softwaregintza, Arrasate Press, Etxekit, Euskalsoft, Eusko-card visa, Euskophoto…

Komunikabide- eta merkatariza-izen propioak dira asko. Berri samarrak izan arren, beharrezkoak dira gaurko euskaran mota honetako egiturak ere.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Exoelkarteak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3