Erabiltzaile Tresnak


morf:4:4:4:8

Bikoiztapenak

Hitz bera errepikatuz sortzen diren egiturei esaten diegu “bikoiztapen”: alfer-alferrik, ageri-agerian, asper-asper egin… Hainbat motatakoak dira eta horiek ikusiko ditugu hemen.

Ezaugarriak

Egiturok, ordea, askotan ez dira kategoria lexikoak, sintagmatikoak baizik, adizlagunak/adberbio sintagmak, alegia. Edo, kategoria lexikoak izanik ere, adjektiboak esaterako, esanahia ez da lexikoa, gramatikala baino, aurreraxeago ikusiko dugunez. Horrexegatik eztabaidagarria izan daiteke Hitz Elkarketaren barruan aztertzea; hain zuzen ere, etxeko eta kanpoko zenbait gramatikarik hitz elkarketaren barnean aztertu dituzte egitura hauek, baina badira sintaxian aztertu beharrekoak direla defendatu dutenak ere. Azkuek, adibidez, graduazio edo maila-adberbioez ari dela aipatzen ditu on-on-ona moduko egiturak (beheraxeago c) azpiatalean aztertuko ditugunak); Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I lanean ere izenondoak errepikatzea goren maila adierazteko baliabidetzat hartzen da1, eta herriz herri eta horien antzekoak esapide gisa ematen dira. de Rijk-ek (2008) ere bereizi egiten ditu hitz-elkarketa eta bikoiztapenak. Lafitte da gramatikari bakarra hitz elkarketaz ari dela bihotz-bihotzetik motako egiturak kontuan hartzen dituena2).

Hiru mota

Hiru azpiatal nagusitan banatu ziren bikoiztapenak Hitz-Elkarketa/4 lanean:

  • Amredita elkarteak
  • Atzizkiren bat duen osagaia bi aldiz errepikaturik dauzkaten egiturak
  • Indargarriak

Amredita elkarteak

Formalki, -z edo -(r)ik postposizioa nahiz genitibo marka hartzen du lehenengo osagaiak; bigarrenean, berriz, soilik, inolako markarik gabe ageri da osagai hori bera (gehienetan izen kategoriakoa izan ohi dena). Adierari dagokionez, lekua edo denbora adierazten duten adberbio-sintagma hauek “behin eta berriroko gertaeren nondik norakoa adierazten dute sarri” ( Hitz-Elkarketa/4). Badira, bestalde, ihartu, eta lokailu bihurturiko batzuk ere horrelako egitura dutenak: batik bat, behinik behin… Bereiz idazten dira mota honetako bikoiztapenak.

  • aurrez aurre, bidez bide, erdiz erdi, eskuz esku, etxez etxe, gainez gain, gizaldiz gizaldi, herriz herri, hitzez hitz, hurrenez hurren (diskurtso-markatzaile bihurtua), kalez kale, larrez larre, mailaz maila, mendez mende, mendiz mendi, orpoz orpo, parez pare, pausoz pauso, puntuz puntu…
  • adarrik adar, batik bat (lokailu bihurtua), bazterrik bazter, behinik behin (lokailu bihurtua), belaunik belaun, erromeriarik erromeria, festarik festa, kalerik kale, sasirik sasi…
  • alderen alde, bururen buru, menderen mende, puntaren punta…
  • Bestelakoak:
  • goizean goiz, bisean bis; doian doika; oraindik orain…3

Adibideak:

  • Ta Bretxa-n aurrez-aurre jarrita ezin bukatu añako izketa zebilkiten. (Donostia, Anabitarte)
  • Zerua garbi eta ederra agiri zan; sasi-masustak loratan egozan, garauren bat gorrizkatuten asirikoa erakutsiaz; loratan sagar-zugatzak, bedarrez ondo iantzirik muno eta zelaiak; bedar artean zuri, ori, eta gorri, mueta askotako lora txiki eta andiak, eta mailluki bat edo beste; sasitik sagastira eta adarrik adar, egaka, gasupaka, txio-txio bigunetan, txori bizkor urduriak; mendi gaillurretan beorrak; egaletan, artaldeak eta bei batzuek, eguzki epela artuaz bedar ianean. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Zerualdea soiñeko panpiñez atondu zan, oso oztin, dundu oro, alderen alde, odei garau batek ere orbanik txikiena egiteke. (Arranegi, Erkiaga, E.)
  • Bi liburu oriek mami utsa dire, bururen buru irakurri arteraino betarik eta egonik emaiten ez dutenak. (Euskal literaturaren atze edo edesti laburra, "Orixe")
  • Ez! Izan zaite goste gostuan: beti bi zangoak lurrean gauza guzier bisean bis so egiten dut eta ez jakinikan ere den amodioa, ez dut hartaz holako ideia ahulik. (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)

Atzizkiren bat daukan osagaia bi aldiz errepikaturik

Atzizkiren bat daukan osagaia bi aldiz errepikaturik ageri da egitura hauetan. Atzizki hori izan daiteke eratorpen-atzizkia (apurka-apurka, aldiro-aldiro) edo postposizio-atzizkia (aldian-aldian). “Antzutu samarrik dago euskal sorbide hau” irakur dezakegu Hitz-Elkarketa/4 lanean, baina hala ere, azpimarratzen da badirela aski bizirik dauden sorbideak, hala nola, zikloka-zikloka edo fasean-fasean modukoak. Denbora eta neurria dira, oro har, bikoiztapen mota honen bidez aditzera ematen ditugunak; eta marraz elkarturik ematen ditugu bi osagaiak.

  • apurka-apurka, arrastaka-arrastaka, banaka-banaka, bazterka-bazterka, tarteka-tarteka, txandaka-txandaka; launaka-launaka…
  • aldian-aldian, arian-arian, egunean-egunean, ekinean-ekinean, ezarian-ezarian, lekuan-lekuan, onean-onean, unean-unean; banan-banan…
  • aldiro-aldiro, egunero-egunero, jaiero-jaiero…

Adibideak:

  • O zenbat onelako errijetan! Orijo, ardao, ta jan edan bestelanguak salduten ditubezala legeko neurrija baño laburraguan, edo naastuta, obeto irabazteko; apurka apurka igoten dabee gauza astunera. (Confesio ona, Moguel, J. A.)
  • Sei egunean au bera egin zuten, egunoro jira bat bakarra emanaz; baña zazpigarrenean zazpi inguru eman zioten, aldian-aldian urreragotuaz, eta tronpeta-otsa ere goratuaz. (Testamentu Zarreco condaira, Lardizabal)
  • Euskaletxe oietan bizi dirade gaurko euskaldunik euskaldunenak, bada erri batuetan erdalkeri asko sartu da; ta etxe oietatik dakarzki eleizara Jaungoikoaren legea bete naiak, bide luzean, jaiero-jaiero, errekondoetatik gora, mendi gallurretatik bera ta zelaietatik zear, naiz euri naiz ateri dala, edurtzetan bezela eguzki bero galdatan; beti zuri, garbi ta txukun; beti irme, sendo, galant ta osasuntsuak. (Sermoiak, Aguirre, D.)

Indargarriak

Morfologiaren ikuspegitik egitura bat baino gehiago aurkituko dugu ondoko adibideetan, baina esanahiak ematen die bateratasuna guztiei. Izan ere, Hitz-Elkarketa/4 liburuan esaten den bezala, horrelako bikoiztapenek “oinarri-hitzaren esanahia indartu [egiten dute], inoiz superlatibo mailaraino”.

  • Batzuetan adjektibo kategoriako osagaia da errepikatzen dena, baina hortik ez da beste esanahi bat duen adjektiboa sortzen (adjektibo elkarteetan ikusi dugun moduan); indarra emateko modua baino ez da.
    • argi-argi(a), arin-arin(a), berde-berde(a), berdin-berdin(a), berezi-berezi(a), bero-bero(a), berri-berri(a), eder-ederra(a), fin-fin(a), garbi-garbi(a), gordin-gordin(a), gorri-gorri(a), ilun-ilun(a), lodi-lodi(a), lehor-lehorr(a), luze-luze(a), maite-maite(a), on-on(a), txiki-txiki(a), zabal-zabal(a), zuzen-zuzen(a)…
  • Errepikatze-estrategia hau adberbioekin ere egiten dugu, ondoko adibideetan ikus dezakegun bezala;
    • predikatu-sitagma osatzen dutenak:
    • adi-adi (egon), erne-erne (gidatu), erraz-erraz (asmatu), harro-harro (agertu), justu-justu (iritsi), labur-labur (azaldu), lasai-lasai (itxaron), oker-oker (egin), ozta-ozta (entzun), samur-samur (esan), ziur-ziur (jakin), zoro-zoro (egon)…
    • eratorpen-atzizkien bidez sortuak:
    • ederki-ederki, emeki-emeki, poliki-poliki; ederto-ederto, polito-polito; astiro-astiro, emaro-emaro…
    • egin aditzarekin osatzen ditugun aditz-lokuzioetako (ikus izena + egin, eman, hartu atala) lehen osagai gisa ere ageri dira:
    • asper-asper egin, astin-astin egin, neka-neka egin, txiki-txiki egin, zuri-zuri egin; dabilen-dabilen, dagoen-dagoen(ean)4
  • Zenbatzaile eta graduatzaileak ere errepika ditzakegu:
    • den-den(ak), gehien-gehien(ak), guzti-guzti(ak); bi-biak, arras-arras, oso-oso(a)…
  • eta formula emankorra ez bada ere, izenordainak ere aurki ditzakegu errepikatuta:
    • bere-bere(a), geure-geure(a)…
  • Beste batzuetan bigarren osagaiak postposizio-atzizkia hartzen du -a) azpiatalean ikusi dugun estrategiaren aurkakoa, beraz-; bikoiztapen-egitura adberbio-sintagma da, jakina:
    • ageri-agerian, albo-alboan, aurre-aurrean, azpi-azpian, barren-barrenean, bene-benetan, erdi-erdian, hotz-hotzean, mendi-mendian, ondo-ondoan, pare-parean, sakon-sakonean, zuzen-zuzenean; bat-batean; hamabi-hamabietan; barru-barrutik, bihotz-bihotzetik, hasiera-hasieratik, txiki-txikitatik; bihotz-bihotzez, zin-zinez, behar-beharrez(ko), oinarri-oinarriz(ko); alde-aldera, gain-gainera, azken-azkeneraino, ondo-ondoraino…
    • alfer-alferrik, apal-apalik, aurren-aurrenik, bakar-bakarrik, bete-beterik, bizi-bizirik, gazte-gazterik, geldi-geldirik, goiz-goizik, huts-hutsik, ilun-ilunik, isil-isilik, lehen-lehenik, oso-osorik, poz-pozik, soil-soilik, zabal-zabalik, zuzen-zuzenik…

Bikoiztapen indargarrietako batzuk oso emankorrak dira (bereziki izenondo eta adberbio errepikatzeak) eta horrelakoetan marraz elkarturik ematen ditugu, oro har, bi osagaiak.

Adibideak:

  • Orduan, ¿zer egin? Eskuetako laiak bertan-beera itzirik, koko arekana begira adi-adi egon naz. (Euskalerriko ipuñak, Bustintza, E.)
  • Alperrik habil: diru-kutxa huts-hutsik aurkitzen dun. (Aitona ta billoba, Garitaonandia, B)
  • Nere izantz eder bat urrengo korreoan bidaliko diat; nik irea bezela, ik nerea maiterik eta ageri-agerian iduki dezakan. (Ardi galdua, Azkue, R. M.)
  • Harrigarria litzateke horratik! PANTXIKE: (Mutikoei) Nahaspil ederrik izango da hor goian IÑAKI: Bai, zera, poliki-poliki ibili gara eta!. (Bi ahizpak, Lizardi)
  • Nonbait, bi-biak, heltzen bagira Zu beti lehiatu zira; Orduan, bi hitz zuri erraiteko, Zur eskuari banatxeko, Bertarik nola, samur-samurra, Belar hori zimur-zimurra, Utzi zitzadan manuz baitzauzat, Etxekiterago eniz auzat. (O-ten gaztaroa neurtitzetan, Oihenart)

“Zailtasunak zailtasun, bidezkoa dirudi oro har indargarrien semantikazko giltzarria intentsitatean, eta amreditena behin eta berriro-tasunean dagoela esatea. Eta, ondorioz, esanahi bat ala bestea gailendu, horrela sailkatu ere daitezke elkarte moduok [sasi-amreditak]”

1 Beste gramatikari batzuek ere -Gèzek, Ithurryk, Lafittek edo Altzok, esaterako- superlatibo absolutuak sortzeko baliabidetzat dituzte bikoiztapen hauek.
2 Ikus Hitz Elkarketa/1 (1987: 117-147
3 Hitz-Elkarketa/1 liburuak, 'amredita nahasi' esaten die (eta, beraz, bikoiztapenetan sartu) beste hauei: onez onean, pozaren pozez, egunetik egunera… Lexema bera da bi osagaietakoa -hemen legoke bikoiztapenetan sartzeko arrazoia-, baina osagai bakoitzak hartzen du postposizio-atzizkiren bat. Are zailagoa da horrelako egiturak hitz elkartutzat hartzea.
4 Azken bi hauek aditz jokatuaren errepikapena dute oinarri.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bikoiztapenak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3