Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5

Hitz eratorpena

Hizkuntzak hitz berriak sortzeko daukan baliabideetako bat da hitz eratorpena, hitz elkarketarekin batera. Kategoria lexiko jakin bateko oinarriari hizki bat erantsiz beste kategoria lexiko bat sortzean datza.

Hitz Eratorpena: kategoria lexiko jakin bateko oinarriari hizki bat erantsiz beste kategoria lexiko bat sortzea.

Hizki motak

Oinarriari gehitzen zaion hizkiak hainbat posizio har ditzake hitzean, eta kokaleku horren arabera bereizten dira:

  • aurrizkiak, oinarriaren aurrean, ezkerrean: desegin, birziklatu…
  • atzizkiak, oinarriaren eskuinean: harategi, ardogile, menditsu
  • artizkiak edo infijoak, tartean joaten dira: -ra- aditz arazle zaharretan ikus daiteke: eragin, eraman, erakarri, irakatsi… 1

Horregatik, eratorpenaren atal honetan aurrizkiak eta atzizkiak baino ez ditugu jasoko. Atzizkiek hartuko dute, gainera, zatirik handiena, horiek direlako emankor eta ugarienak.

Eskema nagusia

Hauxe da eratorpenean aztertuko ditugun atal eta azpiatalen eskema nagusia:

Hots-legeak

Hitz elkarketaren atalean ere aztertuko ditugu hots-legeak. Izan ere Hitz eratorriak eta hitz elkartuak sortzean, aldaketak sortzen dira bi osagaien artean, bai bokaletan, baita kontsonanteetan ere. Hauek dira eratorpenean gertatzen diren aldaketa nagusiak.

Bokal aldaketak

  • Bi silabako osagaietan:
    • ‑i/‑u‑ > ‑(ø)/‑u(ø)
    • hazi + -tegi > haztegi
    • ‑e/‑o‑ > ‑a
    • luze + -ro > luzaro
    • donge + -ro > dongaro
    • gizon + -ki > gizaki
    • ate + -ri > atari
  • Bi silabatik gorako osagaietan: lehen osagaia bi silabatik gorakoa denean, azken bokala erori egin daiteke
    • euskara + -dun > euskaldun
    • erdara + -dun > erdaldun
    • merkatari + -go > merkatalgo

Kontsonante aldaketak

  • -d/-g/-h > -t ondoren bokala dagoenean
    • haragi + -tegi > harategi
  • [‑ts/‑tz/‑tx] + [b, d, g] > [‑s/‑z/‑x] + [p/t/k]
    • bihotz + -bera > bihozbera/bihozpera
    • mahats + -di > mahasti
    • hitz + -dun > hiztun
  • -herskaria + herskaria > -Ø + herskari ahoskabea
    • ogi + -gin > okin
    • haragi + -gin > harakin
    • ahaide + -go > ahaiko
  • Azken bokala erori ondoren, dagoeneko bokal artean gertatzen ez den sudurkaria agertzen da:
    • ardao > ardandegi, ardangile, ardankoi
    • gazta > gaztanbera, gaztandegi
  • Zaharkitu itxurako hitz elkartu batzuetan, -n > -Ø / -r
    • gizon + -ki > gizaki
    • jaun + -go > jaurgo
    • jaun + -egi > jauregi
  • -r > -l, amaierako bokala erori ondoren
    • euskara + -dun > euskaldun
    • ugari + -tu > ugaldu
    • erdara + -dun > erdaldun
  • -r + konts. > -Ø + konts.
  • -r + bokala > -h/-g/-Ø
  • -t-/-k- gehiketa (hitz zaharretan gertatzen da bereziki)

Erreferentziak

  • Altube (1929)
  • Arriagaray
  • Artiagoitia, Xabier. 2002b. “-(t)ar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan”, Fontes Linguae Vasconum 91, 443-462
  • Artiagoitia 1995, 2003
  • Azkarate, Miren (1990): -ble
  • (1995): “Sobre los compuestos de tipo sustantivo + sust/adj deverbal en euskera” P. Goenaga (arg.)
  • De Gramática Generativa, “ASJU”ren Gehigarriak, XXXVIII. Gasteiz, Donostia: Euskal Herriko Unibertsitatea Gipuzkoako Foru Aldundia, 39-50
  • (2008): “Gertaera- eta emaitza-izenak” X. Artiagoitia, J.A. Lakarra (arg), Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez. ASJU Gehigarriak, LI. Bilbo: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, 93-106.
  • (2009): “Du Contrat Social-etik Gizarte-Hitzarmenera, edo nominalizazioen eragina diskurtso berezituetan” R. Etxepare, R. Gómez, J.A. Lakarra (arg) Beñat Oihartzabali gorazarre. Festschrift for Bernard Oyharçabal, ASJU XLIII: 1-2. Gipuzkoako Foru Aldundia, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 137-157.
  • Azkarate eta Altuna (1992)
  • Azkarate, Miren eta Gràcia, Lluïsa (1995): “Agentivity and modality in deverbal adjectives in Basque and in Catalan”, Rivista di Grammatica Generativa 1995, 3-32
  • Azkue, Resurreccion Maria (1923-25)
  • Bosque, Ignacio eta Demonte Violeta (1999): Gramática Descriptiva de la Lengua Española
  • Cabré i Rigau (1985)
  • Euskaltzaindia (1987a, 1993), EGLU-I (1991)
  • Gràcia, L. & Azkarate, M. (2000): “Prefixation and the head-complement parameter”, W. Dressker, O.
  • Pfeiffer, M. Pöchtrager and J. Rennison (arg.): Morphological Analysis in Comparison. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins; 61-73
  • Gràcia et al. (2000)
  • Hualde eta Ortiz de Urbina (2003)
  • Lafitte, Piarres
  • Lafon (1948)
  • Mitxelena, Koldo (1977): Fonética Histórica Vasca
  • RAE Nueva Gramática de la Lengua Española
  • Rijk, Rudoplf P. de (1991): “Deux suffixes capricieux: -pen et -men”, J.A. Lakarra (arg.),
  • Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, Donostia (R.P.G. de Rijk 1998, De Lingua Vasconum: Selected Writings, Supplements of the Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo” nº XLIII. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea; 301-345)
  • Salaberry (1856)
  • Spencer (1991)
  • Uhlenbeck (1909)
  • Varela, (1990)
  • Yrizar (1971)
  • Villasante, Luis (1974)
  • Configuración morfológica…

Euskaltzaindiak honetaz

1 Hala ere, -ra- artizkiak aspaldi utzi zion emankor izateari; artizki hori daramaten aditzei ere ez diegu gaur balio arazlerik ikusten, oro har: irakatsi ez da ikasarazi, eraman ez da emanarazi…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz eratorpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3