Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0

Atzizkiak

atzizki: Hitzaren bukaeran ezartzen den morfema. Eratorpen bidez hitzak sortzeko, kategoria lexiko baten oinarriari eskuinean eransten zaion hizkia

Atzizkiak aztertzerakoan, hainbat informazio hartu behar da kontuan. Lehenik eta behin, atzizkiaren oinarrizko forma zein den erabaki behar da, askotan atzizki batek forma bat baino gehiago erakuts dezakeelako: futbolari, pilotAri, kazetAri edo ardandegi, sagardotegi. Alomorfo esaten zaie aldaera horiei. Atzizki bakoitzak zein kategoria lexiko sortzen duen ere zehaztu beharko da. Irizpide horren arabera, izenak sortzen dituzten atzizkiak, adjektiboak sortzen dituztenak eta aditzak sortzen dituztenak bereiziko dira. Ondoren, esanahi lexikoa dutenez, zein motatako izenak, adjektiboak eta aditzak sortzen dituzten ikusiko da. Laugarren, atzizkiak zein kategoria lexikori eransten zaizkion ikusiko da; hau da, oinarriaren kategoria lexikoa zein den. Eta, azkenik, beste eratorpen-morfema baten ondoren edo aurretik ager daitezkeen ala ez.

  • atzizkiaren oinarrizko forma zehaztu
  • atzizki izen-, adjektibo- eta aditz-sortzaileak
  • sortutako izen, adjektibo eta aditzak nolakoak diren ikusi
  • oinarriaren kategoria lexikoa zehaztu
  • beste eratorpen-morfema baten ondoren edo aurretik ager daitezkeen zehaztu

Informazio hori guztia hartu behar da kontuan forma bereko bi atzizkiren aurrean gauden ala ez erabakitzeko; -ari atzizkiak, esaterako, itxuraz forma bakarra izan arren, izen bizidunak (pilotari, dendari) edo izen bizigabeak (janari, edari) sor ditzake. Beraz, -ari1 eta -ari2 bereiziko dira hemen.

Gramatika gehienetan egiten den bezala, eratorpenetik sortu den hitzaren kategoria lexikoa izango da irizpide nagusia atzizkiak sailkatzeko. Ondoren, Azkuek (1921-23) egin zuen bezala, azpisailak egingo ditugu kategoria bakoitzaren barruan; zein motatako izena, adjektiboa… sortzen den. Hala ere, atzizki emankorrenak, hitz berriak sortzeko erabiltzen direnak, baino ez ditugu aztertuko hemen1.

1 gainerakoak euskal lexikoaren ondarean antzeman daitezke baina ez dute hitz berriak sortzeko balio eta aipamen orokor bat egingo da

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Atzizkiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3