Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1

Izen-sortzaileak

Atal honetan aztertuko ditugun atzizki guztiek izen kategoriako hitzak sortzen dituzte. Bestalde, izenak modu askotan sailka daitezke (ikus hemen izenari dagokion kapitulua):

  • izen arruntak eta bereziak
  • izen banakariak eta izen multzokariak
  • izen konkretuak eta izen abstraktuak
  • izen zenbakarriak eta zenbakaitzak
  • izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak
  • izen bizidunak eta bizigabeak
  • argumentu-izenak, gertaera-izenak, kuantifikazio-izenak eta sailkapen-izenak

Alabaina, azpisail horiek gurutzatu egiten dira askotan: izen abstraktuak, esaterako, bizigabeak eta neurgaitzak izan litezke; izen zenbakarriak eta zenbakaitz neurgarriak, guztiak, izen konkretuak dira, etab. Horregatik komeni da begiratzea nola sailkatu dituzten atzizki izen-sortzaileak inguruko hizkuntzetan.

Espainiako Akademiaren gramatikak ( Nueva gramática de la lengua española, Manual, 2010) lau azpisailetan antolatzen ditu atzizki izen-sortzaileak:

  • nolakotasuna eta egoera adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak
  • pertsona, tresna eta lekua adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak
  • izen multzokariak, leku eta denbora adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak
  • ekintza, gertaera eta ondorioa adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak

Sailkapen horretan ematen du errepikapenak daudela, bi tokitan ageri baitira leku adierako izenak; azpisail batean eta bestean aztertzen diren atzizkiak aztertuz, ordea, ikus daiteke ‘pertsona, tresna eta lekua’ azpisailean -dor atzizkia dela nagusi: gehienetan pertsona-izenak sortzen ditu (trabajador, diseñador, observador, labrador), beste batzuetan tresna-izenak (cargador, tenedor, contestador), eta, gutxi batzuetan, lekua adierazten dute (asador, mirador, comedor). Ingelesez, ostera, hiru azpisail bereizi dituzte Laurie Bauer, Rochelle Lieber eta Ingo Plag-ek ( The Oxford Reference Guide to English Morphology, 2013): gertaera, egoera eta ondorioa adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak batetik; pertsona adierakoak bestetik, eta multzokariak, nolakotasuna adierazten dutenak eta bestelako izen abstraktuen sortzaileak azkenik.

Azkuek sailkapen zehatzagoa egin zuen, zortzi azpisail banatuta:

  • izen abstraktuak
  • egile izenak
  • izen multzokariak
  • tresna adierakoak
  • objektua edo produktua adierazten dutenak
  • leku adierakoak
  • denbora edo garaia adierazten dutenak
  • ekintza zein ondorioa adierazten dutenak

Izenaren kapituluan jasotako sailkapena eta inguruko hizkuntzetakoak ikusita, azpisail hauetan banatu ditugu izenak sortzen dituzten atzizkiak:

Izenaren kapituluko argumentu-, gertaera-, kuantifikazio- eta sailkapen-izenei dagokienez, SEGen erabiliko ditugun bost azpisail horietako bakoitzean zehaztuko dugu zein atzizkik sortzen dituzten horrelako izenak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Izen-sortzaileak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3