Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:1:0

-keria

Egun -keria hartzen dugu lema gisa, baina tradiziozko hitzetan -eria ere erabili da: lukureria, urguileria, arloteria. Hala ere, arloteria forma zaharra baino askoz gehiago erabiltzen da arlotekeria, nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegiak biak jasotzen dituen. Ikus Egungo Testuen Corpusean ( ETC) eta Ereduzko Prosa Gaur ( EPG) corpusean zenbateko maiztasuna duten batak eta besteak:

    • Arloteria gorrian bizi da, dena dela. (India harrigarria, Garate, G.)
    • “Norberari egokitu zaion testu-ingurua taxuz azaltzeko gai ez izatea, horixe da beti arlotekeria, eta horixe baino ez”. (Kurrin-kurrun vitae, Garzia, Joxerra)
    • Euskal Herrian, ostera, batasun eza, anabasa galanta eta, azken baten, arlotekeria eta zentzugabekeria ikusten da sarri. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
    • Plazaratu berri duzuen agirian «arlotekeria eta erromeskeria jokaerak» arbuiatzen dituzuela azpimarratu da. ( Egunkaria, 2001-08-03, Allande Sokarros [Mundua])

Gehienetan izenondo kalifikatzaileei eransten zaie -keria atzizkia, eta zehazki, pertsonez diharduten izenondo kalifikatzaileei. Gaitzesten dugun edo begi onez ikusten ez dugun ezaugarriren bat adierazten dutenei: tontokeria, zorakeria, lizunkeria, alferkeria, arlotekeria, bortizkeria, doilorkeria, ergelkeria, erokeria, esnobkeria, gaiztakeria, lelokeria, zurikeria…. Ona iruditzen zaigun ezaugarri bat adierazten duen izenondo bati -keria eransten diogunean ere, sortzen den izenak gaitzespen-kutsua izango du beti, kutsu peioratiboa: maitakeria ‘maitasun gaitzesgarria’ ( Euskaltzaindiaren Hiztegia), santukeria 'itxura hutseko santutasuna'… ( Euskaltzaindiaren Hiztegia).

Oinarriaren egitura kontuan hartuz gero, izenondo eratorri zein elkartuei erants dakieke -keria atzizkia:

  • izenondo eratorriak: abertzalekeria, lotsagabekeria, lotsagarrikeria, garbizalekeria, atzerakoikeria, berekoikeria, ardozalekeria, izugarrikeria, ikaragarrikeria, nirekoikeria…
  • izenondo elkartuak: ahoberokeria, artaldekeria, sinesgogorkeria…

Izen bizidunak ere izan daitezke -keria atzizkiaren oinarri:

  • animalia-izenak: oilokeria, urdekeria, zozokeria, astakeria, azerikeria, txakurkeria, zerrikeria…
  • pertsona adierako izenak: aztikeria, deabrukeria, sorginkeria, umekeria…

Unai Iturriaga eta Andoni Egaña, bertso-saio batean Izenondoaren atalean, 'Adjektiboen eta izenen arteko muga' azpiatalean esan dugu halako izenak izenondo gisa erabiltzen direla. Zenbait animalia (asto, azeri, oilo) edo pertsonaren (azti, deabru, sorgin, ume) jokabidean gaitzesteko moduko ezaugarriren bat antzematen dugu eta ezaugarri edo jokabide hori aldamenean ageri den izenari eransten diogu: neska sorgina, mutiko astoa, pertsona zakurra, gizon azeria…. Horregatik har dezakete gero izen horiek -keria atzizkia, kutsu gaitzesgarria daukana.

Bestelako izenei ere gehitzen zaie -keria atzizkia: bortxakeria, alderdikeria, ameskeria, arrazakeria, indarkeria… baita aditzei ere: asmakeria, bazterkeria, bereizkeria. Baztertu eta bereizi jokabide gaitzesgarriak dira herritarrei buruz ari garela, eta horregatik, jokabide gaitzesgarri hori adierazteko -keria erantsi zaie. Bestalde, askotan erabiltzen dira mailegua eta -keria atzizkiaz sortutako izena elkarren ondoan: bereizkeria eta diskriminazioa, bazterkeria eta esklusioa…

Horrenbestez, gizarteak gaitzesten dituen ezaugarriak adierazten ditu -keria atzizkiak. Villasantek (1974: 93-94) dio atzizki markatua dela; -tasun atzizkia, aldiz, ez markatua da gramatikarien ustez.

-keria > markatua; kualitate gaitzesgarriak adierazten ditu
-tasun > ez markatua; kualitate neutroak adierazten ditu

Ikus adibide hauek hori ulertzeko:

  • harro > harrokeria # harrotasuna
  • zuri > zurikeria # zuritasuna

“Harro” adjektiboak adierazten duen kualitatea ez da oso positiboa, baina izenondo hori oinarri hartuta, bi izen erabat ezberdin sortu ditugu -keria eta -tasun atzizkiak gehituz: harrotasun hitzak kualitate neutro bat adierazten du, 'Norbaitek, goresgarritzat edo aipagarritzat hartzen duen zerbaitez, sentitzen duen gogobetetasun bidezkoa'. harrokeria esaterakoan, aldiz, gaitzesten dugun zerbait adierazten dugu, 'Harrotasun gaitzesgarria', alegia; “Zuri” izenondotik ere bi izen erabat ezberdinak sortu ditugu: zuritasun ‘zuria denaren nolakotasuna’ # zurikeria ‘losintxa; faltsukeria, bertuteen itxurakeria’ (Euskaltzaindiaren Hiztegia).

Esan dugu izen abstraktuak sortzeko erabiltzen direla -tasun eta -keria atzizkiak baina batekin zein bestearekin sortutako izenek jokabide ezberdina dute:

  • Izen abstraktuak zenbakaitzak dira, hau da, haien izen sintagmak ez du plural markarik edo kuantifikatzailerik hartzen. -tasun atzizkidun izenekin betetzen da hori: *sentiberatasun handiak dauzka Maddik, *maitasun handiak erakutsi dizkidate lagunek…
  • -keria atzizkia hartzen duten izenen sintagmek, ordea, har dezakete plural marka: zenbat handikeria dagoen mundu honetan, gaiztakeria handiak egin ditu bizitzan… Azken adibide horretan ikusten denez, -keria atzizkia erantsiz sortu diren izen asko egin aditzaren objektu izan daitezke:
    • Orain, ordea, ohartzen naiz nolako gaiztakeriak egin ditudan Jerusalemen, han zeuden zilarrezko eta urrezko gauzak eramanez eta Judeako bizilagunak arrazoirik gabe sarraskituz. (Elizen arteko Biblia, askoren artean)
    • Gero eta zerrikeria handiagoak eginda ere, azkenean topea jotzen duzu eta aspertu egiten zara. (16 ipuin amodiozko, Mendiguren Elizegi, X.)
  • Aditzaren objektu ere bai:
    • Aneri lizunkeriak esaten (Berandu da gelditzeko, Iturriaga, U.)
  • Hori horrela, zilegi da zalantzan jartzea -keria atzizkiak izen abstraktuak sortzen dituen, edo zenbateraino diren ikerketa, lapurreta, azterketa, erorkera, erosketa eta mota horretako izenen antzekoak; Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du haurkeria: ‘haurrari dagokion egintza gaitzesgarria’.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-keria", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3