Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:1:1

-tasun

-tasun atzizkiarekin izenak sortzen dira, izen abstraktuak. Atzizki honen ezaugarriak ikusiko ditugu atal honetan.

Forma

Formari, atzizkiaren lemari gagozkiola, -tasun da forma zabalduena baina ez bakarra. -tarzun aldaera ekialdeko euskalkietan erabiltzen da, behe-nafarreraz eta zubereraz batik bat:

  • […]zelutik ukhen dutian grazia, berthute eta dohain berhezi ororen bethedura eta handitarzun ezinaiphatua ber Aitek ikhusi die bada Noeren Arka hartan, zuñ Jinkoaren manuz eginik, mundu guziaren hondatze generalian, bera oso eta gaitzgabe egon baitzen[…] (Beste zenbait itzulpen, Intxauspe, E.)
  • B) Liburu hortako euskalkia (Abense jaunaren gatik ote?) Ziberoko berezitasunez emokatua da: - tasunen orde - tarzun dakar: xahutarzun, eztitarzun, baliostarzun, ernetarzun, etab. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)

Bestalde, -asun (-arzun) ere ikus daiteke zenbait hitzetan (maitasun, osasun), baina ez dira erabiltzen izen berriak sortzeko.

-tasun atzizkia edozein motatako izenondo kalifikatzaileei eransten zaie izenak sortzeko:

  • kolore izenondoak + -tasun: gorritasun, zuritasun, horitasun, belztasun…
  • neurri izenondoak + -tasun: zabaltasun, txikitasun, handitasun, estutasun…
  • izaera izenondoak + -tasun: berekoitasun, trebetasun, maitagarritasun, eskuzabaltasun…
  • bestelako ezaugarriak adierazten dituzten izenondoak + -tasun: larritasun, edertasun, zailtasun, erraztasun…
  • kopuru/kantitate izenondoak + -tasun: gutxitasun, bikoiztasun, hirukoiztasun…
  • mailegua + -tasun: normaltasun, liberaltasun…

-tasun atzizkiarekin sortzen diren izen abstraktuek oinarrian daukaten izenondoari dagokion izaera, nolakotasuna, adierazten dute. Era berean, kualitatea adierazten duten izen sortu berri horiek jaso egiten dute oinarrian dagoen izenondoaren argumentu-egitura. Izenaren Argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenak atalean honela azaldu dugu: “Parekoak dira, argumentuei dagokienez, mutil hori goxoa da eta mutil horren goxotasuna; kalea garbia da eta kalearen garbitasuna, edo argazkia ederra da eta argazkiaren edertasuna”. Horrenbestez, -tasun atzizkidun izenekin ere 'noren' edo 'zeren' argumentua azaldu beharko dugu: Mirenen handitasuna, etxearen garbitasuna, ikasleen trebetasuna, Aitorren umiltasuna…

Hasier Etxeberria

Kualitate-izenaren argumentua honela ageri da testuetan:

Hala ere, balio orokorrarekin ere badaude adibideak, noren edo zeren kualitateaz ari garen zehaztu gabe:

  • orain mehartasuna dago modan. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / P. Zubizarreta).

Gogoratu, bestalde, -tasun atzizkiaren bidez sorturiko izenez esandakoak balio duela -keria atzizkiaz sorturikoentzat ere (baita abilezia, dotorezia eta abarrentzat ere).

-dun eta -tar atzizkiez osatutako izenondoek ere har dezakete -tasun atzizkia: euskalduntasun, elgoibartasun…; erlazio-adjektibo batzuek ere bai: nazionaltasun, industrialtasun, ekonomikotasun, politikotasun…

Izenondoaren Izenlagunak eta izenondoak atalean batak eta besteak bereizterakoan aipatzen da, izenondoek har ditzaketela atzizkiak baina izenlagunek ez. Hori hala da gehienetan, baina -ko marka daramaten zenbait izenlagunek onartzen dute ondoren -tasun atzizkia: betikotasun, egunerokotasun, egurrezkotasun, etxekotasun, gauekotasun, gaurkotasun, urterokotasun, zerukotasun… Horrek erakusten du -ko atzizkia daramaten izenlagunak gertuago daudela izenondoetatik -( r)en atzizkia daramatenak baino.

Gizakia adierazten duten izenei, pertsonen erreferentzia duten izen arruntei ere erants dakieke -tasun: umetasun, adiskidetasun, ahaidetasun, amatasun, aitatasun, aitzindaritasun, bertsolaritasun, erregetasun, esklabotasun, gatibutasun, gizatasun, haurtasun, idazletasun, jainkotasun… Izenondo gisa erabil daitezkeen izenak dira gehienak, predikatu osagarri modura erabil daitezkeenak.

'lurraldetasun, kiroltasun'

Azken urteetan hainbat hitz sortu dira izen konkretu bati -tasun atzizkia erantsita, hala nola, lurraldetasun eta kiroltasun. -tasun atzizkiak zerbaiten kualitatea, nolakotasuna adierazten duela esan dugu, baina hitz horiek ez dute esan nahi ‘Kirolari dagokion nolakotasuna’ eta ‘lurrari dagokion nolakotasuna’. Bi adibide horiekin gaztelaniazko deportividad eta territorialidad esan nahi dira. Euskaraz berez ez dago erreferentzia-izenondorik eta horrenbestez, deportivo eta territorial izenondoak mailegatu beharko lirateke eta deportibotasun eta territorialtasun esan (hala gertatu da ekonomikotasunekin, esaterako). Baina gaztelaniazko erreferentzia-izenondoak dauzkaten sintagmak izen elkartuen bidez ematen ditugu euskaraz: problema economico = ekonomia arazo, convenio laboral = lan hitzarmen… Antzekoa egin da lurraldetasun eta kiroltasunekin ere: gaztelaniazko deportivo eta territorialidad izenondoen euskarazko parekoak hartu dira, kirol eta lurralde, eta izen elkartuak sortzeko erabiltzen dugun prozesuari jarraituz, gaztelaniazko -(i)dad atzizkiaren kide den -tasun erantsi zaie. Bestalde, izenlaguna ere izan daiteke erreferentzia-izenondoaren ordaina, -tasun atzizkiaren oinarria: gauekotasun = nocturnidad…

Azkenik, -tasun atzizkiak beste hainbat oinarri ere baditu, baina ez dira horren emankorrak hitz berriak sortzeko:

  • Zenbatzaile kardinalak: batasun, hirutasun; bikoiztasun, hirukoiztasun (*seitasun, *seikoiztasun)
  • Zenbatzaile mugagabe bat: aniztasun
  • Zenbatzaile ordinala: lehentasun
  • Zenbatzailedun sintagma elebitasun (agian elebiduntasunen ordez sortua)
  • Aditzondoa oinarrian: maiztasun

Adibideetan ikusi dugunez, beste hainbat eratorpen-atzizkiren ondoren ere ager liteke -tasun atzizkia: bertsolaritasun, emankortasun, euskalduntasun…. Azken urteetan garritasun segida sarri erabili da gaztelaniazko -bilidad atzizkiaren ordez: adierazgarritasun (expresividad), ulergarritasun (inteligibilidad), aldagarritasun (variabilidad)…

Izen beregain gisa

Bestalde, tasun bere hutsean, izen beregain moduan ere ageri da literaturan. Autore askok erabili izan dute:

Zehazki Ubillosen eta Villasanteren adibide horietan ikusten da tasun izen moduan erabiltzen zela. Egungo idazleek ere sarri erabiltzen dute tasun izen gisa:

  • Hots horien tasun fonetiko guztiak ez dira nahita egiten; ez dira, gainera, hautematen hizketa entzuterakoan ere: tasun alofonikoak dira. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
  • Tasun hori literaturan islatu nahi izan duzu edo berez ateratzen da? (Zortzi unibertso, zortzi idazle, Urkiza, A.)
  • -Ez, behin ere ez, baina emango dizkizudan ezaugarriekin moldatuko zara, ongi moldatu ere, ikusiko duzu - ezagutzera eman zizkion ilehoriaren tasun fisikoak -. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)

tasun hitza modu beregainean asko zabaldu da euskara estandarrean. Hain zuzen ere, erabilera horrek hartu duen hedaduraren erakusgarri da Euskaltzaindiaren Hiztegiak sarrera bat eman izana, izen kategoria daukala esanez:

  • tasun iz. Ezaugarria, nolakotasuna. Jainkoaren auzia eta Jainkoaren tasunen auzia bi auzi dira ezbairik gabe.

Goiko adibideetan ikusten denez, gramatikan ere erabiltzen da 'ezaugarri' adieran (tasun morfologiko….).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tasun", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3