Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:1:2

Beste atzizki batzuk

Nolakotasuna, izaera, lanbidea adierako izenak sortzen dituzten beste atzizki hauek aztertuko ditugu atal honetan:

  • -go
  • -era
  • -gintza
  • -tza
  • -ezia
  • -tate
  • -tzia

-go

Atzizki hau Ekialdeko testuetan ageri da batez ere:

Tradizioan bi eratara erabili da nagusiki:

  • Gizakia adierazten duten izenei eransten zaien -tasun atzizkiaren baliokidea da: ahaidego, etsaigo, adiskidego, euskaldungo…
    • Haren anaiek eta ahaidego guziak berriz, familiaka khondatzean, Jehiel eta Zakarias zituzten aitzindari. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
    • Etsaigo zenbaiten itzalaren beldurrak. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
    • Adiskidego ua xamurregia zan, ikas-griña berak piztua. (Augustiñ Gurenaren aitorkizunak, "Orixe")
    • Bainan zer pena karia hortarat, hartaz edo huntaz ikusmolde desberdinak ukanik ere, euskaldungo horren axola duten guziek ez baitute bat egiten! Bai, egun hortan bederen eta Aberriak hartze duen amodioari lehentasun osoa emanez… (Erramu, Herria, 2003-04-10, 1. orr.)
  • Gizakia adierazten duten izenei erantsiz lanbidea adierazten duten izenak sortzen ditu: udaltzaingo, abeltzaingo, alkatego, apezgo, berettergo, buruzagigo, hargingo, zurgingo… 1
    • Gure hiriak egin du aitzinamendu azken hogei urteetan: espaloi ertz guztiak zakarrontziz bete dira, lurpeko aparkaleku karioak eraiki dituzte eta, beharraldi batean kalean nezesidadez konplituz gero, zure gernu isuria urre ordainez kobratuko dizu hemengo Udaltzaingo beti ere erneak. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Hala nula gure althareko sakrifizio adorablian Iesü Krist bera beita bere büriaren aita eternalari oberendazalia, eta aphezek hareki batian bürzagigua oro dianari oberenda egiten diena. (Jesü-Kristen imitazionia, Maister, M.)
    • Zertara obligatzen gütü Jinkuak gütan gañen dian bürüzagiguak? (Catichima edo Fedia Laburki)
    • Anaia Martiño, aldizka hargingo eta zurgingoaren egiten dakiena. (Fedearen Propagacioneco Urtecaria edo Fedearen Propagacioneco berriac urteca ematen dituena)
  • Beste adibide batzuk ere badaude, baina zaharkituta geratu dira eta ez ditugu hartzen eratorri berriak sortzeko eredu gisa: bekaizgo, gaitzerizko, hegigo, onerizko…
    • Batzuen aldetik bekhaizgoa, bertzen aldetik erasia gaxtoak. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
    • Lehenbizian amorio handia, azkenean gaitzerizkoa errabiatua. (Guero, "Axular")
    • Zeren haserretasunak, mendekatu nahiak, barreneko hegigoak, irakidurak, hudigoak, gorrotuak, korromioak, eta herrak, arimari eta gorputzari egiten deraue kalte, biei senti arazitzen deraue, biak eritzeintu. (Guero, "Axular")

Erabilera baztergarriak

Hala ere, euskara estandarrean beste joera bat nagusitu da, -go atzizkiarekin izen multzokariak sortzekoa, hain zuzen ere: irakaslego, ikaslego, biztanlego, entzulego, ikuslego… Baina sistema horrek ez dauka oinarririk tradizioan, eta joera hori mugatzeko, multzokariaren gehiegizko erabilerari aurre egiteko, 73. araua eman zuen Euskaltzaindiak. Ildo horretan, Euskaltzaindiak gogoratzen du gehienetan izen multzokaria ez dela beharrezkoa eta aski dela horren ordez plurala erabiltzea: ikaslego > ikasleak, irakaslego > irakasleak, biztanlego > biztanleak, entzulego > entzuleak, ikuslego > ikusleak… Bestetik, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia hobesten du Euskaltzaindiak: ikusleria, ikasleria, langileria, biztanleria, bezeria… Hori horrela, -go atzizkia ofizioa edo lanbidea (udaltzaingo, abeltzaingo…) eta tasuna edo kualitatea (-tasun atzizkiaren baliokide) adierazteko erabiltzea gomendatzen du (euskaldungo, ahaidego).

-era

-era atzizkiak hainbat esanahi dauzka: “Egoera, gertaera, ondorioa” adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen da batetik, baina atal honetan ikusiko dugunez, baita “Nolakotasuna, izaera, lanbidea” adierazten duten izenak sortzeko ere.

Azkuek izen abstraktuak sortzen dituzten atzizkien artean sailkatu zuen -era atzizki hau, 'dimentsioa, neurria' adierazten duelako. Gehienetan neurriarekin zerikusia duten izenondoak hartzen ditu oinarrian (zabal, garai, altu, lodi, luze, sakon…) eta ‘zerbaitek behetik gora duen neurria’ edo ‘luzetasunaren, sakontasunaren, zabaltasunaren neurria’ adierako izenak sortzen ditu: zabalera, garaiera, altura, lodiera, luzera, sakonera (Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak):

-gintza

Euscal-Errijetaco Olgueeta ta Dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba

-gintza atzizkia -gin + -tza atzizkiak elkartuz sortu da. Hala ere, batez ere Mendebaldean erabiltzen den -gintza atzizkiak bere lekua merezi du. -gin atzizkia, esaterako, 'zerbait egiten duen pertsona' izendatzeko erabili da bizkaieraz baina egungo euskara estandarrean ez da adiera horrekin erabiltzen. Atzizki horren ordez -gile atzizkia erabiltzen dugu: ? etxegin > etxegile, ? liburugin > liburugile, ? ardogin > ardogile… Ildo horretan, etxeak, liburuak edo ardoa egiteari dagokion lanbidea izendatzeko, ez diogu gehitzen -tza atzizkia -gile atzizkiari; ? etxegiletza, ? liburugiletza, ? ardogiletza… Halakoetarako, mota bateko objektuak, gauzak egiteari dagokion lanbidea edo jarduna izendatzeko, -gintza atzizkia erabiltzen dugu: etxegintza, liburugintza, ardogintza, araugintza, armagintza, jantzigintza… Aldiz, oinarrian bertsolari edo idazle bezalakoak baldin badaude, bai, -tza atzizkia gehitzen diegu lanbidea adierazteko: bertsolaritza, idazletza…

Bestalde, -gintza atzizkiak zentzu figuratiboa ere badu batzuetan, oinarrian objektu konkretu bat adierazten duen izena ez daukagunean: apaizgintza, ezkontzagintza, haurgintza…

Euskaltzaindiak (1991) hitz-elkarte sintetikotzat hartu zituen -gintza atzizkiaz sortutako izenak, oinarrian egin aditzaren oihartzuna dutelako. Hala ere, ez denez elementu beregaina, Gramatika honetan eratorpenean sartu dugu, besteak beste, Azkue eta Villasantek egin zuten bezala.

-tza

Eratorpenaren sarreran esan dugu -tza atzizkiak mota bateko baino gehiagoko izenak sortzen dituela, eta ondorioz, hainbat -tza daudela esango dugu:

  • gizakien lanbidea edo estatusa adierazten dutenak: artzaintza, ikazkintza…
  • multzo adierakoak: hostotza, belartza, sasitza…
  • gertaera edo ondorio adierakoak: ezkontza, jaiotza…

|Mikel Ayestaran kazetariak 2015eko kazetari saria jaso zuen Bestalde, -tza atzizkiak oinarri ezberdinak har ditzake: izen bizidunak, izen bizigabeak eta aditzak. Horrenbestez, hiru -tza dauzkagula esan daiteke; hemen aztertuko dugun -tza, izen multzokarien azpisailean ikusiko duguna eta gertaera-, egoera- eta ondorio-izenen azpisaileko -tza.

Hori horrela, lanbidea edo estatusa adierazten duten izenak oinarrian hartuz, lanbide-izenak sortzeko erabiltzen da atal honetan aztertuko dugun -tza atzizkia. Testuinguru horretan -go atzizkiaren parekoa da: alkatetza, abadetza, artzaintza, bertsolaritza, erregetza, ikazkintza, neskametza, soldadutza…

Euskara estandarrean lanbide-izen asko sortzeko erabili da -tza atzizkia: kazetaritza, erizaintza, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, merkataritza, zirujautza… Sarri agertzen da -ari, -le edo -tzaile atzizkien ondoren; hau da, atzizki horien bidez eratorritako izenak hartzen ditu oinarrian:

  • Kazetaritza arduratsuaren bindikapena izan da borrokaldi bakoitza. (Hizlandia, Iñigo Aranbarri)
  • Espainiako eta gero Europako gerlek xahutu zuten bertsolaritza. (Euskal Literaturaz, Lafitte, P.)

Beste atzizki batzuk: -ezia, -tate, -tzia

Beste atzizki batzuk ere erabiltzen dira izen abstraktuak sortzeko: -ezia, -tate, -tzia… Askotan -tasun atzizkiaren baliokideak dira, eta horregatik, atzizki hauekin sortzen diren hitzen pareko -tasundun hitza ere izango du euskarak: trebezia / trebetasuna, dotorezia / dotoretasuna, ahuldade / ahulezia / ahultasun, gabezia / gabetasun…

Hala ere, -ezia, -tate eta -tzia atzizkiak ez dira oso emankorrak hitz berriak sortzeko.

-ezia

Adibide gehien dauzkan atzizkia -ezia da (ikus Villasante 1974: 75). Izenondo kalifikatzaileei erantsiz nolakotasuna adierazten duten izenak sortzen ditu: nekezia, flakezia, abilezia, ahulezia, artezia, finezia, gabezia, pobrezia, trebezia…

  • Adibide klasikoak:
    • Ezta nekezia gaiza eragiterik jinen, zeren eta harrigarri belizateke ükhantzia Jinkoari berriz egitia behin egin dianaren potheria […] (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)
    • Inozenziaren pribilio guziekin konzebituba, bethi bizi izatu nahi zuen penitenzian eta gu, gure flakezia naturalaz baliatu nahi duten milla etsai enganioz eta lausengariez inguratubak; ez gaudez atzarriak, ez gare izitzen. (Andredena Mariaren imitazionea, Mihura)
    • Badu gure etsaiek mila artifizio, mila inuentione, mila finezia, gure inganatzeko, eta nola ezpaitu deusere galdu gratia baizi, badaki oro, badaki sobera, gure galtzeko, hura da gure etsai handia, gure arimen galgarria. (Onsa hilceco bidia, Tartas)
    • Batzuei Goikoak gosea emoten deutse, beste batzuoi lapurretan egiteko antzea edo artezia. (Azalpenak, "Lauaxeta")
    • Ezta hain artezia onik eta desiratzekorik, nola sinpletasuna baita. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Gaurko adibideak:
    • Horrek, pentsatzekoa zen bezala, nekezia orokorra sortu zuen. (Hautsi da katea, Martinez de Lezea, T. / Elena Touyarou)
    • Nik eroapen handiz jasan omen nuen besarkada, gizasemeok emakumeen beroaldi edo flakezia horiek jasaten ditugun eran, konprentsioa erakutsiz edo, aski dela adierazteko bizkarrean edo sorbaldan kolpe laburrak joaz. (Romain zen bere izena, Joxean Agirre)
    • Gainera, unibertsitarioak gara, askotan, gizartearen behar horien orakuloak; hau da, trebetasun eta artezia handia dugu geure interesak gizartearenak balira bezala aurkezteko. (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Perez / Salaburu, P.)
    • Batek - eta lagunek irriño batekin onartzen dute harek errana - deplauki, baina finezia osoz, bertsulari batek bezala, deskribatzen du zerbitzaria. (Santiago oinez, Aintziart, P.)

-tate

Gehienetan egokitutako maileguetan aurkitzen dugu -tate atzizkia (besterik da euskal ondare lexikoko mailegu horiek zer leku duten gaur euskara estandarrean) eta, horrenbestez, ez genuke euskal eratorpen-atzizkitzat hartuko: birjinitate, karitate, libertate, sinzeritate…

Baina latinezko -tate(m) atzizkiaren aldaerak antzematen dira euskal izenondoetatik eratorritako izenetan: ahuldade, bakardade, gogortade, ondare, ondade…2.

  • Gaurko adibideak:
    • Ahuldade batetik sortu zaigu denbora okupatuarekiko morrontza hau: geure buruarekin bakarrik, lasai, bakean eta isiltasunean egoten ez jakitetik. (Note book, Aristi, P.)
    • Eta aterperako bidean, neska zerbitzariaren aurpegi agradosa, gauaren bakardade ameslarian, artoski, kasik kartsuki, irudimenaz marratzen dut. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Adibide klasikoak:

-tzia

-tzia atzizkia 'nolakotasuna, izaera' adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen dugu baina ez da oso usua: ausartzia, nabarbentzia, zuhurtzia…:

  • Adibide klasikoak:
    • Nabarbenziak gizonak khexatzen ditu: ez zaitezela unha Jinkoari othoitz egiten; ez da unhatuko zure enzuten. (Andredena Mariaren imitazionea, Mihura)
    • Eta hala ezta zuhurtzia, halakoak eta halakoek dihardukatenean, heken artean ibiltzea, eta partitzera enseiatzea eta sartzea. (Guero, "Axular")
    • Aristota pagan izanik ere zioan ausartzia zela zelütik jiten, hantik zion gogomena Izairiaren dohaiña etzela, berdhüde bekhanta delakoz. (Filosofo huscaldunaren ekehia, Eguiateguy, J.)
  • Gaurko adibideak:
    • Eta zaldia geure meneko dugunean, erdiesten dugu harat edo honat irioitea eta bideratzea; eta ikusten dugularik ezen geure meneko dugula, ausartzia eta adorea eragin diezazkiguke. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
    • Nihaurk ongi eta lasai lo egiteko ditudan baliabideak ez dizkiet lankideei aipatzen ahal: ausartzia eskasa eta ahalkea nabaritzen dut. (% 100 basque, Borda, I.)
    • Gehiegizko zuhurtzia iritzi nion “su señora” hari, baina, edozelan ere, ez nion zentzu bikoitzik aurkitu. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
    • Bere mugimenduek ez dute beldurrik adierazten, zuhurtzia pixka bat behar bada, baina besterik ez. (Larrepetit, Lizarralde, P.)

-tzia atzizkiaren formak zalantzak sortu ditu gramatikarien artean; Azkuek (1923-35) eta Lafittek (1944), esaterako, forma horretako atzizkia hartu dute kontuan izen abstraktuak edo egoera-izenak sortzeko baliatzen ditugun atzizkiak aztertzean. Villasantek (1974: 135), berriz, -tza atzizkiaren aldaeratzat jo zuen.

1 Atal honetan bertan beherago aztertuko den mendebaldeko -tza atzizkiaren baliokidea da: abeltzaintza, alkatetza, buruzagitza, hargintza, zurgintza…
2 Aditzoinari erantsiz sortu dira egitate, ikustate, jakitate… Ihartutzat eman ditzakegu horiek ere, ekintza, begirune edo jakituria izenen baliokide, hurrenez hurren.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Beste atzizki batzuk", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3