Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:2:1

-gin, -gile

-gin eta -gile atzizkiek balio bera dute, 'ekintza bat egiten duena' adierazten dute, eta egin eta egiletik datoz biak ala biak.

-gin atzizkiak ez dauka barnean beste atzizkirik 'egilea' adierazteko; bigarrenak, ordea, -gilek -le atzizkia dauka aditzoinari erantsita; horregatik ez da hain harrigarria gerragin~gerla-egile, bertsogile~bertso-egile, ongigile~ongi-egile bikoteak aurkitzea. Euskal Herri osoan erabiltzen diren hainbat izenetan ageri da -gin atzizkia: okin, hargin, ikazkin, harakin…). Egun -gile erabiltzen dugu izen berriak sortzeko. -kin eta -kile aldaerak ikusiko ditugu ondare lexikoko izenetan, hots-aldaketak gertatu direnean (okin, harakin, gaizkile).

Izen bizigabeei, konkretu zein abstraktuei, eransten zaizkie -gile eta -gin, nahiz azken atzizki horren bidez sorturiko izen batzuk oso gutxi erabili. Ikus literatura-tradizioko adibide hauek:Gero eta okin gehiagok egiten dute glutenik gabeko ogia

  • -gile:
    • alpargatagile, amesgile, bertsogile, biraogile, egurgile, eltzegile, erlojugile, erremusinagile, gaizkile, iltzegile, iruzurgile, juramentugile, labanagile, legegile, liburugile, limosnagile, liskargile, mirarigile, nobelagile, penitentziagile, talogile, usuragile, zilargile, zinemagile.
  • -gin:
    • behargin, bekatugin, bitxigin, bizargin, gaiztagin, gerragin, papergin, sugin, uztargin.

Izen bizigabe eratorriek, eratorpen-atzizki bat dutenek, ere har dezakete ondoren -gile (gozokigile, hiztegigile, izozkigile). Aditzoina ere aurki dezakegu inoiz oinarri gisa: osagile, sendagile, sendagin/sendakin, baina salbuespenak dira.

Askotan lanbide modura oinarriak adierazten duen hori egiten duen gizakia izendatzeko erabiltzen ditugu -gin eta -gile atzizkiak. Oinarrian amets, birao, iruzur, usura eta horien antzeko izenak ditugunean, ordea, nekez aurkituko dugu ‘lanbide’ adiera; horrelakoetan, ametsak, biraoak, iruzurra edo usura egiten duen norbaitez ari gara. Goraxeago esan bezala, atzizkiak aditzaren oihartzun garbia gordetzen duelako har daitezke hain zuzen zapatagin edo bertsogile izenak, objektua, aditza eta subjektua biltzen duten elkarte sintetikotzat (Euskaltzaindia (1991).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-gin, -gile", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3