Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:2:2

-le, -tzaile

Bi atzizkiak batera aztertuko dira atal honetan, -gin/-gile atzizkiak bezala hauek ere berdin erabiltzen direlako eta balio bera dutelako. Aditzoinei erantsi eta ‘egile’ adierako izena sortzen dute biek (hala ere, beheraxeago zehaztuko dugu nola ulertu behar den ‘egile’ adiera hori).

Azkue, R. M.k aditzoinaren amaieraren arabera banatu zituen bi atzizkiok:

  • -n motako partizipioei eta -i amaierakoei, aditzoina -r edo kontsonante txistukari amaierakoa bada, -le eransten zaie
  • bestelako partizipioei, -tzaile eransten zaie.

Egia da, oro har, Azkuek esan bezala banatzen direla -le eta -tzaile: arazle, edale, egile, egozle, ehule, ekarle, emaile/emale, entzule, eragile, errule, hausle, idazle, igarle, igorle, ikusle, irakurle, irule, jale, jakile / aitzinatzaile, bustitzaile, defendatzaile, engainatzaile, erretzaile, hiltzaile, iraultzaile, kreatzaile, salbatzaile, saltzaile, zaintzaile, zuzentzaile. Baina salbuespenak ere badira: aitorle, ikerle, iratzartzaile. Hala ere, batasunerako forma erregularrak hobetsi dira (ikertzaile, eta ez ikerle). Eta -ari eta -le / -tzaile atzizkien arteko aukeran ere, -ari izen kategoriako oinarriei eranstea hautatu du Euskaltzaindiak batasunerako, eta -le nahiz -tzaile, berriz, aditz kategoriakoei. Hala jaso zuen Euskaltzaindiaren 49. arauak:

  • “erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasunerako formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira.
    Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle / idazkari, zuzentzaile / zuzendari”.

Aditz kategoriako oinarriek hartzen dituzte -le eta -tzaile atzizkiak, baina ez edozein motatako aditzoinek. Azkuek zehaztu zuen nor-nork motako aditzak izan behar dutela, aditz iragankorrak. Mitxelena, K.k, ordea, azpimarratu zuen Azkuek emandako aditzoinaren azpikategorizazioak Mendebalderako balio duela (Villasanteri (1974: 108) eginiko oin-oharra), Ekialdean behintzat joale etab. erabiltzen direlako. Baina Azkaratek (1995) defendatu du horrelako formak ihartuta daudela eta ez dutela emankortasunik, joaleren ondoan *etorle ezinezkoa baita, ez eta *ibiltzaile ere, egoile izan arren; hau da, nor motako aditzetan salbuespenak dira -le / -tzaile har dezaketenak. Bustitzaile, erretzaile, gibelatzaile, hiltzaile, sendatzaile edo zuritzaile eratorrien oinarri den aditza ez da nor motakoa (busti da, erre da, gibelatu da, hil da, sendatu da edo zuritu da), baizik busti du, erre du edo hil du laguntzailea eskatzen duen aditza, nor-nork motakoa:

  • […]giro esnetsu eta bustitzaile horretan beste isla batzuk agertuko dira. (Lagun izoztua, Sarrionandia, J.)
  • Beraz etzara zu ere, zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izatu. (Guero, "Axular")

Dena den, ez da nahikoa esatea atzizki hauek nor-nork motako aditzoina behar dutela, iraun edo irakin aditzek du laguntzailea hartzen duten arren ezin baititugu sortu *iraule eta *irakile; bai, ordea, eskiatzaile. Aditzoin moten auzi honetan argi egiten lagunduko digu aditzoinen argumentu-egiturari begiratzeak. Batetik Azkueren baieztapena dugu, aditz iragankorrak behar dute izan -le / -tzaile hartzeko; eta horrek bi argumentuko aditzoina esan nahi du. Argumentuetako batek ‘egile’ (‘agente’) paper tematikoa hartuko du, eta besteak ‘gaia’ (edo ‘tema’). Horrelakoak dira goiko adibideetan ikusi ditugun asko: egin, ekarri, eman, eragin, erakutsi, hil, igorri, ikertu, inprimatu, kreatu, pintatu, salbatu, saldu, sendatu, etab. Bestetik, ordea, eskiatzaile ere sortu dugu, oinarrian eskiatu daukana, du motako aditza izan arren, egiaz iragankortzat hartu ezin duguna, argumentu bakarra daukalako; baina argumentu hori bai, bada ‘agentea’. Hortaz, orain arteko adibideen arabera esan daiteke du motako laguntzailea hartzen duten aditz agentiboei eransten zaizkiela -le edo -tzaile atzizkiak.

'du' motako laguntzailea hartzen duten aditz agentiboei eransten zaizkie -le eta -tzaile atzizkiak.

Badira, baina, bestelako adibideak ere, -ikusle, jasaile, sinesle, sufritzaile…-; hauek ere du motako aditzak dira guztiak, baina horien argumentu-egituran ez dugu ‘agente’rik, ‘jasailea’ baizik, ‘jasailea’ eta ‘gaia’ edo ‘tema’ baitira aditz horien argumentuek hartzen dituzten paper tematikoak. Ondorio gisa, -le edo -tzaile hartzen duten aditz-motak ikusita, laburbilduz esan dezakegu du motako aditzak direla, bi argumentu dituztenak, edo argumentu bakarra izanik aditz agentibo direnak; hau da, argumentu bakar horrek ‘agente’ paper tematikoa hartuko du.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-le, -tzaile", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3