Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:2:2:1

Aditzen argumentu egitura

Zer gertatzen zaio -le edo -tzaile atzizkia hartzen duten aditzoinen argumentu-egiturari? Aztergai ditugun atzizkiok kanpo-argumentua xurgatzen dute, dela ‘agentea’, dela ‘jasailea’: (x (y aditzoina)), (x (aditzoina)) egituretan, x kanpo-argumentua, egituran kanporen dagoena xurgatzen dute, hartzen dute -le nahiz -tzaile atzizkiek. Ikus dezagun polikiago zer esan nahi duen kanpo-argumentua xurgatzeak. Idatzi aditzak, esaterako, bi argumentu eskatzen ditu, nork ‘agentea’ eta zer ‘gaia’; aditzoinari -le erantsi eta idazle izena sortzean, nork ‘agentea’ dago jasoa atzizkian, ‘idazten duen pertsona’ adierazten baitu izen eratorriak. Gauza bera gertatzen da jasan aditza hartuz gero: nork ‘jasailea’ zer ‘gaia’ argumentuak eskatzen ditu aditz horrek; jasaile sortzen dugunean, ‘jasaten duen pertsona’ adierako izena sortzen dugu.

Eta zer gertatzen da beste argumentuarekin, ‘gaia’ (edo ‘tema’) barne-argumentuarekin? Berez ez dago barne-argumentua adierazi beharrik; entzule, idazle, ikusle, itzultzaile, saltzaile, sinesle, bakarrik erabil ditzakegu zer entzuten, idazten, ikusten, itzultzen, saltzen edo sinesten duten zehaztu gabe. Baina barne-argumentua ere ager daiteke izen eratorrien ondoan bi modutara: izenlagun moduan (liburuaren eroslea, bekatuen barkatzailea, Eusko Gogoaren irakurleak…) edo izen elkartu bateko lehen osagai modura (liburu-saltzaile, kale-garbitzaile, ipuin-idazle. Hala ere, beste batzuetan -le edo -tzaile atzizkien bidez eratorritako izenek, une jakin batean zerbait egin duen pertsona adierazten duten heinean, ohikoago izango da ‘gaia’, zer argumentua gauzatzea, dela izenaren ondoan, dela aldez aurretik testuan zehar; bultzatzaile, uxatzaile, salatzaile, gibelatzaile, engainatzaile eta abarretan beharrezkoagoa da zer adieraztea.

  • […]futbolaren aipamen soila gogoeta beltzen uxatzaile hutsezintzat hartuko balute bezala. (Itzalak, Zaldua I.)
  • Beraz etzara zu ere zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izatu. (Guero, "Axular")
  • Eta gradatu faltsu bat banintz, Pariseko gara aintzinetan kasusitzen diren bezala, mutiko gazten enganatzaile? (Mendekoste gereziak, Etchepare Landerretxe, J.)

Gogoratu, ordea, azpisail honetan bildu ditugun atzizkiek izen nahiz adjektibo jokabidea dutela. Hala ikusi dugu -ari atzizkiaren bidez sortutako eratorriak aztertzean. Eta hala gertatzen da -le / -tzaile duten eratorriekin ere, bizigabea ere izan daitekeen beste izen baten eskuinetara ager daitezke izen horren ezaugarri bat adierazteko adjektiboek egin ohi duten modura (seme hondatzaile, asmo eragile, mihi enganatzaile, emakume saltzaile…). Ohart gaitezen asmo eragile edo mihi enganatzaile diogunean ‘eragiten duen asmoa’z eta ‘engainatzen duen mihiaz’ ari garela; hots, -tzaile atzizkiak bat egiten du ezkerrean ageri den izenarekin, biek biltzen baitute ‘agentea’. Halakoak dira beste hauek ere: ahots limurtzaile, krema garbitzaile edo hatz salatzaile.

Beste batzuetan, ordea, ez da hala gertatzen; ondoko adibidean, esaterako, ildo salatzaile multzoan nekez uler dezakegu ‘ildoak salatu egiten du’:

  • “Filmak Good night, and good luck-en ildo salatzaileari jarraitzen dio.” ( Berria)

Zuzenagoa dirudi salaketa-ildo esatea. Beste horrenbeste esan dezakegu tresna deskribatzaile, ahalegin iraultzaile edo txartel hori zigortzaile multzoez; tresnak ez du deskribatzen, ahaleginak ez du iraultzen eta txartel horiak ere ez du zigortzen. Ahal den neurrian, gogoan izan beharko genuke ‘agente’ baliorik badagoen ala ez, eta, ezkerreko izena agentetzat hartu ezin denean, gaztelaniazko expediente sancionador terminoari euskaraz zehapen-espediente ordaina ematera eraman gaituen bidea hartu eredu.

Ondoren ager daitezkeen atzizkiei dagokienez, -le/tzailedun eratorriek onartzen dituzte ondoren nolakotasuna (eskaletasun), lanbidea edo jarduera (idazletza) edo multzoa (ikusleria, irakasleria) adierako atzizkiak1).

1 Atzizki hauei buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko, ikus Azkarate (1995) eta Gràcia et al. (2000

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditzen argumentu egitura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3