Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:2:3

-ari (-lari)

-ari eta -lari formak dira izen bizidunak sortzeko gehien erabiltzen diren atzizkiak baina bien artean gramatikari guztiek uste dute -ari dela lema, eta -lari oinarrizko lemaren aldaera; -kari eta -tari aldaerak ere ageri dira literatura ondarean (aitzindari, ehiztari, ehuntari), eta, oro har, ihartutzat jo ditzakegun arren, badirudi oraindik ere txistukariaren ondoren -kari hauta dezakegula (idazkari).

Oro har, testuinguru hauetan aurkituko ditugu -ari eta -lari:Hugo Schuchardt

  • -u amaierako oinarria duten hitzetan -ari da ohikoena (zerbitzari, merkatari, arnegari, bekatari, ezkutari, gobernari, mandatari, predikari), nahiz bi silabako oinarria dugunean -lari alomorfoa izan ohikoago (mezulari, jokalari, txistulari).
  • -a amaierako oinarria duten hitzetan -ari da ohikoena (kazetari, pilotari, botikari, dendari, dultzainari, errementari, errotari, ezpatari, kimikari, postari, teknikari). Hala ere, badaude salbuespenak, -lari hartzen dutenak: borrokalari, hizkuntzalari, korrikalari.
  • -i amaierako oinarria duten hitzetan -lari da ohikoena: argazkilari, alegilari, auzilari, ertilari, trikitilari.
  • Amaieran -e / -o bokalak ditugunean, berriz, bi alomorfoak aurkituko ditugu; oro har, bi silabako oinarriek -lari hartzeko joera dute, eta hiru silabakoek, -ari (hala ere, badaude salbuespenak): agintari, bertsolari, bulegari, eskelari, goldelari / goldari, laborari, misiolari, sukaldari.

Kontsonantez amaitzen diren oinarriei -lari eransten zaie normalean: hizlari, aitzurlari, ameslari, arraunlari, otoizlari.

Euskaltzaindiak 49. araua eman zuen -ari / -lari aldaeren erabilerari buruz, eta oro har hauxe jasotzen da han:

  • “Erabil bedi -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko, batez ere bi silabatik gorakoak direnean. Beraz, gramatikari edo politikari erabil bitez batasunerako (eta ez gramatikalari edo politikalari). -ia amaierako izenekin, ialari hobesten da: historialari, zientzialari”.

Zenbait hizkuntzalarik uste dute -ari atzizkia latinezko -arius atzizkitik datorrela (Yrizar 1971), Schuchardtek ere hala dio bere lanetan. Azkuek kontrako iritzia dauka eta Villasantek, bestalde, Mitxelena, K.ren oharrean oinarrituta, erdibideko aukera bat proposatzen du: -ari atzizkiak euskaran izan dezake jatorria, eta ondoren, latinekoak indartu du haren erabilera.

Oso atzizki emankorra denez, oinarri-mota bat baino gehiago izan ditzake, baina izen konkretu bizigabeei eranstea da ohikoena: dendari, tabernari, kazetari, aizkolari, arraunlari, bertsolari, botikari, fisikari, futbolari, kimikari, pilotari, txistulari. Gizakiek zer lanbide duten adierazten duten izenak sortu dira horrela; aipatu berri ditugun horietako askoren ondoan daude beste hauek ere: historialari, hizkuntzalari, matematikari, zientzialari, etab.

-keta jarduera-atzizkiaren ondoren ere aurki dezakegu -ari jarduera horretan ari dena izendatzeko: berriketari, eleketari, esneketari, urketari:

  • Orduan zakur ohararen ingurura zakur arrak biltzen diren bezala trumilka, berriketariak, mundu guzitik, 25 gau-egunez hurbildu ziren. (Oroitzapenak, Larzabal, P.)
  • Moxolo ta Martin dakustaz maiburuan! Lenbiziko berriketaria, bizar biko gizon igar tentea, eztakit nongoa dan. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Alkate jaunak erran du: esneketari bat gogorki zigortu duela esne tzarra saltzen zuelakoz (Nafarroatik, "Larreko")

-ka eratorpen-atzizkia daramaten aditzondoei erantsirik ere aurki daiteke -ari atzizkia: gudukari, mailukari, mokokari, muturkari, zaunkari.

Mota honetako eratorrietan adjektibo balioa ere har dezake -ari atzizkiaz sortutako hitzak; izen baten ondoan aurkituko dugu eta izen horrek adierazten duenak ‘mokoka’, ‘muturka’, ‘zaunka(z)’ aritzen dela ematen dugu aditzera:

  • Batek asmatzen du formula mailukari bat eta denak formularekin mailuka gure buruon gainean. (Euskal Herria krisian, Azurmendi, J.)
  • Senar-emazte mokokariek hainitz haur izaiten omen dituzte. (Paper mende, Larzabal, P.)
  • Geldi ago zoro ori! -oiu dagio zakur zaunkari ta jauzkariari. (Uztaro, "Barrensoro")

Zenbait adibidetan aditzoina agertzen da oinarrian: azterlari, esatari1), ikerlari, pentsalari, salatari, zaindari, zuzendari). Horietako batzuetan -le/-tzaile atzizkiekin osatutako hitz bikoteak aurkituko ditugu: idazkari/idazle, salatari/salatzaile, zaindari/zaintzaile, zuzendari/zuzentzaile; aditzak adiera bat baino gehiago dituenez, horietako batek -tzaile hartu du eta besteak -ari. Goraxeago aipatu dugun 49. arauan, hauxe erabaki zuen Euskaltzaindiak auzi honen inguruan:

  • “erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasuneko formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira. Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle / idazkari, zuzentzaile / zuzendari”.

Areago, azken urteotan entzuten ditugun interpretari, nabigari, tripulari eta abarrek erakusten dute lanbidea adierazten duen edozein mailegu ‘egokitu’ nahi izan dugula, maileguak duen atzizkiaren ordez -ari ezarriz. Horietatik, interpretatzaile eta nabigatzaile (interprete maileguarekin batera) hobetsi ditu Euskaltzaindiak bere Hiztegian, oinarria aditzoina delako. Eta tripulatzaile eta tripulante dabiltza gaurko testuetan.

-ario

Erdal -ario atzizkia ere -ari atzizkiaren bidez moldatu dute idazle batzuek zenbait urtean: notari, bikari, sekretari… (ministrari ere erabili izan da azken boladan). Joera hori, ordea, erdal mailegua ‘mozorrotzeko’ ahalegina baino ez da, eta inolako oinik ez luketen funtzionari edo unibertsitari eta antzekoak sortzen dituenez, gaitzetsi egin du Euskaltzaindiak, eta izenak -ario formarekin mailegatu behar direla arautu (funtzionario, komisario, mertzenario, unibertsitario). Hiztegi Batuan horiek guztiak baztertu dira eta notario, bikario, ministro… onartu. Euskaltzaindiak 50. arauan eman zuen honen berri:

  • “Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izenondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:
    • izenen artean notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario, etab. (salbuespenik balego, hiztegi batuan zehaztuko dira salbuespen hauek bere garaian);
    • izenondoetan, (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario, etab. Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea: talde parlamentario esan beharrean, parlamentu(ko) talde, edo sistema planetario esan beharrean, planeta-sistema edo planeta sistema esatea egokiagoa da. Gauza bera aldizkari unibertsitario-ren kasuan ere, egokiagoa baita unibertsitate(ko) aldizkari erabiltzea”.
1 Oinarria esan aditzoina izan daiteke (cf. esaten) nahiz esate aditz-izena (Mitxelena (1961

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ari (-lari)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3