Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:2:4

-ko

‘Egile’ adierarik ez eduki arren, azpisail honetan aztertuko dugu [+gizakia] motako izenak sortzen dituen -ko atzizkia. Azkue, R. M.k eratorpen-atzizki honen balio guztiak batera aztertzen baditu ere, mota desberdinetako izenak sortzen dituztenez (oinezko, lekuko / oinetako, gerriko; belarrondoko, ipurdiko), hiru -ko bereiziko ditugu. Funtsean, berehala ikusiko dugunez, -ko bakarra dago, baina batzuetan izen bizidunak adierazten ditugu eta beste batzuetan, ostera, bizigabeak, Tresna, objektua, lekua adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkien atalean aztertuko dugu beste -ko hori. Bestalde, bada beste -ko bat ere, jabegoa adierako izenondoak sortzen dituena.

Dena den -ko ez da gainerako eratorpen-atzizkiak bezalakoa. Berez izenlagunen flexio-marka da -ko1. Bestalde, kapitulu honen hasieran flexio-hizkiak eta eratorpen-hizkiak bereizi ditugu eta batzuen eta besteen arteko desberdintasunak aipatzean esan dugu lehenik eratorpen-hizkiak ageri zaizkigula eta ondoren flexio-hizkiak. -ko atzizkiaren adibideen artean, ordea, oinezko dugu, aurretik -z flexio-hizkia, postposizio-marka daramana. Antzera gertatzen da beste izen bizigabe hauetan ere, oinetako, belarritako, argi asko antzematen baita pluraleko sintagmek leku-postposizioak hartzean berezkoa duten -ta-. Datu hauek badira nahikoa argudio esateko berez -ko ez dela eratorpen-atzizkia, izenlagunen flexio-marka baizik; eta izenlagun horietako batzuek izen balioa hartzen dutela.

Hemen izen bizidunen balioa hartzen dutenak bilduko ditugu: ararteko, etxeko, lekuko, oinezko, oinordeko, ondorengo, zaldizko.

Izen kategoria betea dutela erakusten du, bestalde, ondoren beste eratorpen-atzizki batzuk hartu ahal izateak, arartekotza, aurkakotasun, lekukotasun, lekukotza.

Edo hitz elkartu bateko lehen osagai izateak ere erakusten du izen kategoria betea daukala: oinordeko-mota, zaldizko-talde.

  • Azkenik, Justiniano enperadoreak .54 zuzenbide zaharreko oinordetzen azken aztarna ezabatu zuen: hiru oinordeko-mota ezarri zituen, ondorengoak, aurrekoak eta zehar-ahaideak, gizonezkoen eta emakumeen artean inolako bereizketarik egin gabe, ez eta emakumeen aldetiko eta gizonezkoen aldetiko ahaideen artean ere, eta horri zegokionez geratzen ziren lege guztiak indargabetu zituen. (Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta)
  • Eguzkia ateratzen ari zen zaldizko talde bat agertu zenean, lauhazka bizian, aurreraka, zaldi zurien gainean. (Ararat mendiaren sumina, Yasar Kemal / Fernando Rey)
1 Ikus Trask, L.en eta Goenaga, P.ren lanak gaian sakonduz atalean

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-ko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3