Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:3:1

-eria (-teria)

-eria atzizkiarekin izen multzokariak sortzen ditugula ikusiko dugu atal honetan.

-eria eta -teria bi aldaerak ageri dira adibideetan, baina badirudi ingurune fonetikoaren arabera azal daitekeela herskaridun forma: bokala + -teria (baina tresneria) / kontsonantea + -eria; oinarriaren azken bokala -e denean, noski, bi bokalen bilkura gertatzen da. Villasantek berariaz sarrerarik eman ez arren, -di atzizkia aztertzean aipatzen du -teria, erromantze-jatorrikoa dirudiela erantsiz. Azkuek berariazko sarrera ematen dio -eri lemaren atalean, -a itsatsirik gabekoa, beraz. Egia da bai ahoz eta bai idatziz, aurki ditzakegula -eri formako adibideak (OEHko corpusa ikusi baino ez dago).

Literaturako adibide hauek argi erakusten dute, ordea, -a berezkoa duela:

-a itsatsidun formak dira, beraz, Hiztegi Batuan hobetsi direnak: biztanleria, entzuleria, gazteria, gizateria, haurreria, irakasleria, langileria, umeteria, etab.

Oinarriari dagokionez, gizakia adierako izenak aurkituko ditugu askotan, Hiztegi Batuko adibide horietan ikusten dugunez. Izen bizigabeak ere izan daitezke, ordea, oinarri: ontziteria, papereria, tresneria, zamauteria… Baita izen balioa hartzen duten adjektiboak ere, hala nola, txikiteria ‘gauza txikien multzoa’ edo zaharreria eratorrietan; azken honek bi balioak izan ditzake ‘pertsona zaharren multzoa’ zein ‘gauza zaharren multzoa’.

  • Eritasunak edo zarreriyek konsumitzen badu korputza. (Larrainzar, 1905)
  • Ene pulsoa ezpaita sobra ongi ebiltzen zarrerian obenaz. ( «Zoiloren uzta. La cosecha de Zoilo», Fontes Linguae Vasconum)

Adierari dagokionez, oinarriak adierazten duen horren kolektiboa edo multzoa izendatzen du -eria atzizkiaren bidez sorturiko izen eratorriak.

Azkenik, aurreko lerroetako adibideetan ikusi ahal izan dugun bezala, -le atzizkiaz eratorritako izen bizidunek erraz har dezakete ondoren -eria: biztanleria, entzuleria, idazleria, irakasleria

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-eria (-teria)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3