Erabiltzaile Tresnak


morf:4:5:0:1:3:2

-di

Euskara estandarrerako -di hartu da lematzat, hedatuena delako eta hitz berriak sortzeko gehien erabili dena. Euskalki mailako desberdintasuna dute -di baino zaharragoak diruditen (eta askotan toponimo zein deitura gisa geratu zaizkigun) -doi (nafarrera, elordui, ezpeldoi) eta -dui (bizkaiera, Ezpeldui, otadui, sagardui) formek (ikus Mitxelena (1961:108).

Bestalde, txistukariaren ondotik herskaria ahoskabetu egiten da eta, beraz, -ti alomorfoa aurkituko dugu (harizti, mahasti, urrizti, zuhaizti).

  • Badakik: harizti eder bat bazeukaat oso ugaria, belar-soro handi bat ere bai; eta etxean, berriz, sagardoak egiteko dolare ederra. (Azken beltza, Sanchez, K.)
  • Mahasti sobera landatua izan bada, errotik athara behar da soberakina. (Telemake, Duvoisin)

Literatura-tradizioko adibideetan arbola- edo landare-izenek hartzen dute -di atzizkia, arbola edo landare-multzoa adierazten duen izena sortzeko: artadi, belardi, elordi, ezkurdi, gorostidi, lertxundi, lizardi, loredi, mahasti, makaldi, pagadi, pinudi, zuhaizti, zumardi… Esan bezala, horietako asko toponimo eta deitura gisa geratu zaizkigu. Baina balio bereko izen berriak ere sortu ditugu euskara estandarrean; landaredi, mangladi, esaterako.

  • Landaredi oparoko lurraldea da hau: berez sortzen da aise. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • Ezponda eta makaldi artean, sakantxo batean, baseliza zaharra zegoen, elizatxo txiki bat dorre motz bat zuena, eta urek zegoen bezala hartu zuten, barruan sakristau zaharra zegoela, bai eta estali ere. (On Camillo, Giovanni Guareschi / Biguri, K.)

Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak hartzen baditugu, pentsa dezakegu ‘tokia’ edo ‘lekua’ adierazten duela -di atzizkiak: lizardi ‘lizar asko dagoen tokia’, mahasti ‘mahatsondoak landaturik dauden saila’, pinudi ‘pinuz landaturiko lekua’, etab. Egia da ez dela erraza bi adiera horien artean bereiztea, ‘multzoa’, ‘saila’ batetik, eta sail horrek hartzen duen lekua, bestetik.

Berriagoak dira izen bizidunei erantsirik horien multzoa adierazten duten aberedi, Euskadi, Euskaltzaindi, gizadi, gaztedi edo umedi. Villasantek dioenez -di atzizkia jatorriz landare-multzo adieran toponimiara mugatua zegoen eta gizakien multzoa adierazteko herriak -eria erabiltzen omen zuen. Baina izen bizidunez gainera, bizigabeak ere hartu zituzten oinarri XX. mendearen hasieran Hegoaldean abesti, (aho-eres + -ti), antzerti, elerti (ele eder + -ti), ludi, olerti1… Azken urteotan sortuak ditugu, berriz, araudi edo legedi.

1 Ikus Lopez-Mendizabalen hiztegia, Diccionario vasco-español eta Pagolaren lana (2005), Neologismos en la obra de Sabino Arana Goiri.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-di", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3